Madrilgo 12 de Octubre ospitalean oheari lotuta eta bere gogoz kontra elikatzen ari diren De Juana presoaren egoera larria dela berretsi du Etxerateko bozeramaile Estanis Etxaburuk. Sendagileek diotenez, De Juanaren gorputzeko organoren batek edozein momentutan utzi diezaioke funtzionatzeari, eta kasu horretan "edozer gauza" gertatu daiteke. Lo egiten uzten ez dioten karranpak ditu gose greban 51 egun daramatzan presoak, eta gero eta min gehiago du.
Beste 145 preso "bahituta" edukitzea leporatu dio Etxaburuk Espainiako gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapaterori, haiek zigorra betera dutela edo gaixotasun larriak dituztela azpimarratuz. Beraz, sakabanaketa politika bertan behera uztea exijitu dio Espainiako Gobernuari.
Hori guztia ikusita, mobilizazioetara deitu du Etxeratek. Ostiralean herri guztietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du alde batetik, eta urtarrilaren 6an Anoeta belodromoan "konponbidearen alde" egingo den ekitaldian parte hartzeko deia, bestetik.
euskal presoak
Urtarrilaren 6an Anoeta belodromora joateko deia egin du Etxeratek
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM), gatazka gainditzeko proposamenaren berri emango du urtarrilaren 6an Donostian, Anoeta belodromoan. Ekitaldi horretan parte hartzeko deia egin du gaur Etxeratek. Ostiralean euskal presoen eskubideen defentsan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere egin du. Bestalde, Iñaki De Juana larri dagoela azaldu du, eta presoa aske uzteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu