Urtarrilaren 8ko martxan ez zutela ETA goratu berretsi dio Placer apaizak epaileari

Placerrek deitu zuen manifestazioan Gatza presoaren irudi bat izan zela-eta, epailearen aurrera joan da apaiza

Erredakzioa
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Urtarrilaren 8an Bilbon euskal presoen alde eginiko manifestazioan ETA ez zela goretsi adierazi du Felix Placer apaizak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailearen aurrean. Placerrek esan du Manifestazioan zehar ez zuela ETAren aldeko oihurik entzun edo irudirik ikusi, eta ibilbidearen amaieran, bera zegoen lekutik 500 metro ingurura, Jose Maria Sagardui Gatza euskal presoaren argazki bat ikusi zuela jakinarazi dio epaileari.

Argazki horri helduz, manifestazioan ETA goratu ote zuten ikertzeko eskatu zion Espainiako Ministerio Fiskalak Pedrazi, manifestazioa baimendu zuen epaile berari. Hala, Pedrazek deklaratzera deitu du Placer, manifestazioa egiteko baimena eskatu zuen apaiza. Epaileari azaldu dionez, bi pertsonak —ez ditu horien izenak esan— baimen eskaera sina zezan galdegin zioten. Proposamenari baietz erantzun aurretik, Placerrek ohartarazi zien ez zuela onartuko legez kanpoko jarduerarik manifestazioan. Indarkeria goratu zitekeela pentsatuko balu eskaera sinatzeari uko egingo ziola nabarmendu du epailearen aurrean. Euskal presoen nahiz bere biktimen eskubideez arduratzen dela gaineratu du.

Telebista irudien zain

Fiskaltza hainbat komunikabidek argitaratutako informazioetan oinarritu zen manifestazioan indarkeria goratu zela salatzeko. Gatzaren irudiaz gain, «ETAren ideiekin bat datozen oihuak» entzun zirela dio Fiskaltzak. Horrela izan ote zen argitzeko, epaileak manifestazioan grabatutako irudiak eskatu dizkie Espainiako telebista kateei eta ETBri.

Espetxe politikan aldaketak eskatzea «zilegi» dela argudiatuta eman zion baimena Pedraz epaileak Bilboko manifestazioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.