Urte eta erdiko kartzela zigorra eta hamabi urteko inhabilitazioa. Eutsi egin dio eskaera horri Teresa Sandoval Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak, Iker Rodrigo Sortuko kidearen aurkako epaiketan. «Terrorismoa goratzea» egozten diote, Xabier Lopez Peña presoa zenaren gorpuaren harrera antolatu zuelakoan. Rodrigok ukatu egin du akusazio hori, eta defentsari erantzunez azaldu du «modu pertsonalean» hartu zuela parte, «familiari babesa adierazteko». Ez, behintzat, alderdiko kide gisa.
Frantzian preso zutela hil zen Lopez Peña, 2013ko martxoan, eta Loiuko apirilaren 12an ekarri zuten gorpua Loiuko (Bizkaia) aireportura. Handik hiru egunera atxilotu zuten Rodrigo, harrerarekin lotuta —aske utzi zuten deklaratu ostean—. Egun haietan Lopez Peñaren senideek argitu zuten Sortuk ez zuela zer ikusirik izan antolaketan, «pribatua» izan zela ekitaldia. Hala berretsi zuten atzoko saioan ere.
Fiskaltzaren ustez, ordea, «ibilbide ezaguneko ETAko terrorista baten ibilbidea» omendu zuten Loiun. Haren arabera, Sortuk eta, zehazki, Rodrigok, egiteko «aktiboa» izan zuten hori antolatzen. Halakorik ez dela frogatu iritzita, absoluzioa eskatu zuen Jone Goirizelaia abokatuak.
«Jazarpen ideologikoa»
Auzitegi Nazionalean bertan izan zen Onintza Enbeita Amaiurreko diputatua, Rodrigori babesa agertzeko. «PPren mendeku politika» salatu zuen. Ildo beretik jo zuen herenegun Sortuko Pernando Barrenak ere. Auziak «jazarpen ideologikoari» erantzuten diola salatu zuen: «Pertsonen duintasunaren aurkako erasoa ere bada; hildakoak agurtzea ezin da delitu izan».
Urte eta erdiko eskaera berretsi du fiskalak Rodrigoren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu