Mugikortasuna

Urtean zazpi milioi bidaiarik erabiliko dute Bilboko geltoki intermodal berria

Azaroaren 27an inauguratuko dute, 40 milioi eurotik gorako balioa izan du, eta udal agintariek nabarmendu dute lan guztiak amaitu ostean Basurtu auzoak 7.500 metro koadroko gune bat irabaziko duela

Bilbo Intermodal geltoki berriko lanak. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
gotzon hermosilla
2019ko azaroaren 21a
14:13
Entzun

Lur azpian egongo da Bilboko geltoki intermodal berria, aldirietako trenak, metroa, tranbia, autobusak, taxiak eta bizikleten udal zerbitzua hartuko dituena. Lur azpiko azpiegitura hori inauguratuko dute azaroaren 27an, eta, bilbotarrei bi egun utzi ostean hura bisitatu ahal izateko, azaroaren 29an hasiko da funtzionatzen. Lur arras dagoen plaza, berriz, ez dago oraindik amaiturik –inguruetan hotel bat eta ikasleentzako egoitza bat eraikitzeko asmoa dute–. Plaza hori atontzeko, oraindik urtebete inguru itxaron beharko da.

Azpiegitura horrek 40 milioi eurotik gora balio izan du, eta udal agintariek nabarmendu dute lan guztiak amaitu ostean Basurtu auzoak 7.500 metro koadroko gune bat irabaziko duela. Lanek bi hilabeteko atzerapena izan dute, eta Asier Abaunza Obretako eta Hiri Plangintzako Saileko zinegotziak "guztiz normaltzat" jo du, "lanen konplexutasuna" aintzat hartuta: "Ez dut inoiz ezagutu hain azkar burutu den munta honetako azpiegiturarik", azaldu du.

Aurrerantzean, garraio publikorik garrantzitsuenak eskura eta leku bakar batean izango dituzte bilbotarrek eta hiriburura jotzen duten bisitariek, baina, udal agintariek nabarmendu dutenez, azpiegituraren erabiltzaileek ere aldatu egin beharko dute beren jokatzeko modua: izan ere, geltokiak "aireportu baten modura" funtzionatuko du, eta, aireportuetan gertatzen den bezala, garraioetako bat erabiltzeko txartela dutenak bakarrik sartu ahal izango dira barrura.

Azpiegitura berriak lur azpiko lau solairu izango ditu: lur arrasean, sarbideak egongo dira, eta merkataritza gune bat, oraindik amaitu gabe dagoena; lehenengo solairuan, geltokiaren zerbitzu nagusiak kokatuko dituzte, bigarrenean nasak, eta hirugarren eta laugarren solairuetan txandakako aparkalekuak egongo dira, bai eta autobusak uzteko, zaintzeko eta garbitzeko guneak ere, autobus horiek bidaldirik ez dutenean erabiltzekoak.

Juan Maria Aburto Bilboko alkateak esan du "intermodalitatea, segurtasuna eta modernitatea" direla azpiegitura berriaren ezaugarri nagusiak, eta Basurtuko auzotarren "bizi kalitatean" ere eragin ona izango duela, "ezabatu egingo baititugu lur gaineko autobus geltoki batek eragiten dituen eragozpen guztiak, ez bakarrik zirkulazioarenak, baita zaratarenak ere".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.