Irailean aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak hizkuntz ereduen erreforma berritua, eta gaur arratsaldean aurkeztuko die sindikatu eta eragileei. Funtsean, lege egitasmoari hainbat eragilek egindako ekarpenekin egin du Jaurlaritzak proposamen berria, nahiz eta legealdi honetan Legebiltzarrera eramateko aukerarik apenas duen, epea kasik bukatu zaielako. Edonola, hasierako proposamena «malgutu» egin dute, adostasuna bilatze aldera.
BERRIAk jakin duenez, hiru dira Hezkuntza Sailak egindako aldaketa nagusiak Hizkuntza Ofizialak eta Atzerrikoak Ikasteko, Irakasteko eta Ebaluatzeko Markoaren lege egitasmori. Planaren ardatza ez du aldatu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeek irakasgaien %60 euskaraz eman beharko dituzte gutxienez.
Edonola ere, egungo sistematik sistema berrira igarotzeko trantsizioa lau urtekoa izatea proposatzen du lege egitasmo berrituak. Aurrekoak urtebeteko epea aipatzen zuen. Lau urteko epea gehienbat euskarazko eskaintza bat-batean ematen hasteko zailtasun handien duten A ereduko ikastetxeei begira onartu dute.
Bidenabar, legea indarrean jarri eta gero helburuak betetzen ez dituzten itunpeko ikastetxeek hitzarmena -eta, beraz, finantzaketa- galtzeko arriskua aipatzen zuen aurreko lege egitasmoak. Oraingoak, berriz, ezabatu egin du puntu hori, hainbat eragilek eta ikastetxek mehatxu gisa ikusten zutelako. Sare publikoko ikastetxeei dagokienez, gurasoei ikastetxez aldatzeko aukera aitortzen zien aurreko lege egitasmoak, eta oraingoak kendu egin du hori ere.
Azkenik, Hezkuntza Sailak lege egitasmoari egindako azken aldaketa nagusia ebaluazioari lotua dago. Hain zuzen ere, hizkuntz gaitasuna ez da ebaluatuko modu berezi batean; aitzitik, hezkuntzako gaien arteko beste ebaluazio gai bat izango da.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, EAko Tontxu Campos buru duenak, Jaurlaritzako beste bi alderdiei aurkeztu die proposamena dagoeneko. Gaur hezkuntza munduko sindikatuekin -ELA, LAB, CCOO, EILAS, UGT- eta hezkuntza eragileekin -Ikastolak, kristau eskolak, guraso elkarteak...- elkartuko da Donostiako hotel batean, eta haiei ere aurkeztuko die proposamen berritua.
Berez, lege egitasmoa Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onetsi beharko luke Legebiltzarrera igorri ahal izateko. Hasiera batean xedea bazen ere lege egitasmoa legealdi honetan onartzea, Hezkuntza kontzientea da epeak ikusita ezinezkoa izango dela.
Hizkuntz ereduen erreformak erabateko errefusa izan du PSE-EE, PP eta CCOOen aldetik. Alabaina, udatik hona Gobernuaren barruan sortu dira oztopo nagusiak. Izan ere, EAJk ezetz esan zion Tontxu Camposen taldeak onartutako lege egitasmoari. Besteak beste, atzerriko hizkuntzei eta gaztelaniari hezkuntza proiektuan toki bat bermatu behar zaiela adierazi du EAJk, EAk zuzendutako Sailaren egitasmoaren aurka egiteko. Halaber, hizkuntz eredu berria martxan jarri aurretik hainbat ikastetxetan probak egin beharko liratekeela argudiatu izan du Eusko Alderdi Jeltzaleak.
Ekarpen ugari
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren lege egitasmoak ekarpen ugari jaso du azken asteotan hezkuntza eragileen aldetik, eta haietako asko kontuan hartzen saiatu dira, betiere adostasunik ahalik eta zabalena lortzeko borondatearekin.
Jaurlaritzak 2005ean jaso zuen Legebiltzarraren agindua beste hizkuntz ereduen sistema bat bilatzeko, orain artekoak -batez ere A ereduak- ez duelako helburua bete: derrigorrezko eskolaldia amaitzen duten ikasle guztiak euskalduntzea.
Hizkuntz normalizazioa
Urtebete barik, lau urte izango dituzte ikastetxeek hizkuntz ereduen erreformara egokitzeko
Irailean aurkeztutakoaren aldean, hizkuntz ereduen lege egitasmo «malgua» aurkeztuko die gaur Jaurlaritzak hezkuntzako eragileei. Hasieran bestera jaso bazuten ere, helburuak betetzen ez dituzten itunpeko ikastetxeek ez dituzte galduko finantzabide publikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu