Pentsaldian

Urtebeteko pentsaldi sakona

2020ko maiatzaren 19tik gaur arte, Pentsaldian artikulu sortan pandemiaren eraginez eta pandemiaren osteko erronkez aritu dira arlo ugaritako 23 zutabegile BERRIAn. 300 artikulu baino gehiago plazaratu dituzte gogoetarako eta elkarrizketarako gune izan den horretan, eta gaur bukatu da saila.

COVID-19a atzemateko testak egiten, Zarautzen. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko ekainaren 30a
11:39
Entzun

2020ko martxoan, agintariek konfinamenduak agindu zituztenean, Zientziaren talaiatik atala estreinatu zuen kazeta honek, eta Ana Galarraga Aiestaranen eta Miren Basaras Ibarzabalen eskutik jorratu ahal izan ziren SARS-CoV-2 birusaren gaineko ezagutza eta argitu ahal izan ziren pandemiaren inguruan sortzen ari ziren galdera ugariak. Konfinamenduak arintzen hasi ostean, hark sortutako ondorioak eta sindemiaren ikuspegi orokorrari helduta, Euskal Herriak aurrean zituen erronkei buruz hitz egiteko plaza bat sortu zuen BERRIAk. Pentsaldian izena hartu zuen atal horrek. 2020ko maiatzaren 19an estreinatu zen, eta gaur eman du azken alea.

Urtebete pasaz, arlo ugaritako profesional, aditu eta egile ezagunek lehen eskutik eman dituzte beren gogoetak eta mahaiaren gainean jarri dituzte erronka eta eztabaida ugari. Sindemiak utzi duen arrasto zabalaren ispilu eta etorkizuneko galderei eusteko helduleku ugari eman dituzte, 300 artikulutan baino gehiagotan sindemiaren argazki poliedriko bat eginez.

Ospitaleetan eta zahar etxeetan izan du gaitzak ondoriorik beltzena; Ane Pescador erizainak eta Felix Zubia Donostia ospitaleko ZIUko medikuak lehen eskutik kontatu dute erietxeetan zer gertatu den, eta Jonathan Caro erizain geriatra eta irakasleak zaharren zaintzari buruz sortu diren galdera eta kezkei heldu die.

Birusaren gainean sortuz joan den jakintza zientifikoa zabaltzen eta pandemiaren kudeaketan sortu diren galderei erantzuten aritu dira Miren Basaras Ibarzabal EHUko mikrobiologiako irakaslea, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzailea, Ugo Mayor EHUko Ikerbasque ikertzailea eta Gorka Orive EHUko Farmazia irakasle eta ikerlaria.

Ekonomiaz aritu dira, zentzu zabalean, Joseba Barandiaran ekonomialaria, Mirene Begiristain Zubillaga EHUko irakaslea, Silvia Gambarte abokatu laboralista, Joseba Azkarraga Etxagibel EHUko irakaslea eta Aiora Zulaika Cambridgeko Unibertsitateko irakaslea. Lan arloaz eta langileen eskubideez ez ezik, makroekonomiaz, agroekologiaz eta bestelako ekonomia ereduez ere aritu dira, gai askoren artean. Ingurumenean ere izan du eragina sindemiak, eta horri buruz gogoetan aritu da Lorea Flores, Greenpeaceko Hego Euskal Herriko koordinatzailea.

Gizartean markak utzi ditu azkeneko urte eta erdiko egoerak, eta horiek gogoetagai izan dituzte Idurre Eskisabel EHUko irakasleak, Itxaro Borda idazleak, Hibai Arbide kazetariak eta Kattalin Miner idazleak. Maite Elizondo psikologoak, berriz, artez aztertu ditu eremu psikologikoan sindemiak eragin dituenak. Eta pandemiak gizartean sakondu dituen arrakalez eta desberdinkeria arriskuez zabal aritu da Joseba Zalakain, SIIS ikerketa zentroko zuzendaria. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunean okerrera egin duten ertzak izan dituzte gogoetagai Arantxa Elizondo EHUko irakasleak eta Tania Martinez Portugal politologo eta feminismo eta genero ikasketetako doktoreak. Irakaskuntzan eta hezkuntzan ere arrastoa utzi du COVID-19ak, eta horretaz jardun dute Eneritz Garro Mondragon Unibertsitateko irakasleak eta Gurutze Ezkurdia Arteaga EHUko irakasleak.

Hemen irakur litezke Pentsaldian-eko artikulu guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.