Urtegiak, ur eske

Urtegi gehienek iazko ur kopuruaren erdia daukate, eta Bizkaian eta Gasteizen neurriak hartzen hasi dira

unai zubeldia
2007ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
«Epe motzean ez dago larritzeko motiborik, baina erne egon beharra daukagu». Josetxo Saizar Gipuzkoako Ur Kontsortzioko teknikariaren hitzak dira. Iazko urtarrilaren 2ko urtegietako datuak aurtengoekin alderatuta, datuak argiak dira: urtegi gehienak azken urteotako mailarik baxuenean daude; lehorte hasieran. Izan ere, iaz Uribarrin (Araba), urtegiaren %76,03 zegoen beteta, eta aurten %42,47; Urrunagan (Araba) iaz %55,56, eta aurten %38,89; Ibai-Ederren (Gipuzkoa) iaz %100, eta aurten %36,36... Euri askorik egin ez duen seinale.

Azken bi egunotan euri apur bat egin badu ere, urtegiak geroz eta maila apalagoan daude. «Hori da arazoa, nahiz eta ez dugun larritu behar». Izan ere, Gipuzkoako urtegi gehienetan, orokorrean, nahiko ur dago. Beasain, Ordizia, Idiazabal... ingurua hornitzen duen Arriarango urtegia dago egoera okerrenean, (%26,3). Egoerak txarrera egin aurretik, Lareotik ura hartzen hasi dira. «Ibai-Eder ere %34an dago, baina Zumaia, Orio inguruan nahiko euri egiten du».

Ebroko Ur Kontsortzioaren arabera, egoera, orokorrean, 2005-2006 urte hidrologikoan baino hobea da. Baina elurteen zain daude. «Urtarrila-maiatza artean hiru aldiz neurtzen dira elur mailak; horren arabera hartzen dira neurriak».

Ellande Errezaharret Laborantza Ganberako teknikariak ere jakinarazi du azaroan eta abenduan Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako erreketako jarioak oso apalak izan direla. Emaitza kezkagarrienak Zuberokoak dira. Abenduan Uhaitzak segundoko 5,39 metro kuboko jarioa zeukan, eta azken 40 urteetan, jarioa segundoko 31,2 metro kubokoa zen.

Nafarroa Beherean ere egoera kezkagarria da. Biduzen segundoko 0,46 metro kubokoa da jarioa, eta batez bertzeko jarioa 8,22koa izaten da abenduan. Baina datuak larriak diren arren, edateko ur kopuruetan arazorik ez dagoela diote teknikariek. INRA ikerketa zentroko adituen arabera, hilabete bateko emaitzak ezin dira aitzineko urtekoekin erkatu, urtaroak «aldatu» egiten direlako.



ZADORRAKO URTEGIAK, KEZKA ITURRI. Arabako eta Bizkaiko urtegietako egoera da larriena. Zadorrako urtegi sistemako egoera, batez ere. Bilbo-Bizkaia Ur Partzuergoak Bizkaiko 63 udalerritako urak kudeatzen ditu, eta bizkaitarren %90 inguruk Arabako Zadorrako urtegietatik hartzen dute ura. Gasteiztarrek ere bai. Bertako bi urtegiak, ordea, Uribarri eta Urrunaga, euren gaitasunaren %40 inguruan daude. «Larritzen hastekoa da», Lucas Groven Bilbo-Bizkaia Ur Partzuergoaren komunikazio arduradunaren ustez. Baina oraindik ez dute neurri gogorrik hartuko. «Iturritik ura aterako da».

Baina lehen neurria, «arina», etzi hartuko dute. Partzuergoak Bizkaiko udalei eskatu die kaleak eta belardiak edateko urarekin ez garbitzeko. Gasteizko Udalak ere jada hartu ditu neurriak. Zadorratik hartzen duten ur edangarriarekin ezingo dituzte garbitu kaleak, eta datorren astean sentsibilizazio kanpaina bat ere abiaraziko dute.

Zadorrako urtegiaren bilakaerak argi islatzen du lehortearen arriskua. Izan ere, iaz, urtarrilean, «normal» zegoen urtegia, eta aurten «lehorte hasieran». Bizkaiko 63 udalerriek urtero Zadorrako urtegietako 100 hektometro kubo kontsumitzen dituzte -horri gasteiztarrena batu behar zaio-, eta 200 hektometro kuboko gaitasuna dauka urtegiak. Iaz 147 hektometro kubo inguru zeuden garai honetan, eta aurten 63. «Iazko joerari eutsiz gero, egoera oso larria izango da laster. Abuztuan ikusi genuen uraren maila jaisten ari zela. Horregatik jarri genuen kanpaina bat abian, ura behar bezala erabiltzeko eskatzeko».

Aditu guztiak aurtengo lehortea 1989-1990ekoarekin alderatzen ari dira. Baina Grovenen hitzetan, baliabide aldetik diferentzia nabarmenak daude. «Lehorte hura iritsi zenean, Zadorrako ur gabeziari aurre egiteko larrialdietako obrak egin ziren. Hau da, ponpatze sistemak eraiki ziren Arratiako bailaran. Handik Arrigorriagara bideratzen zen ura edangarri bihurtzeko, eta zuzenean udaletara eramateko». Lan horiek eginda daude, beraz, eta Grovenek onartu du, «aurrerantzean noizbait behar izanez gero», berriz ere larrialdi sare hori martxan jartzeko aukera badagoela. «Azken batean, larrialdi egoeretarako beste ur iturri bat da».





############



Neguan, udako lehortearen beldur

Nekazari, abeltzain eta artzainak negurako lasai, baina udara begira kezkatzen hasita daude
U. Zubeldia

Donostia

«Oraingoari begiratuta gustura gaudela esan beharko genuke, eguraldi honekin kanpoan lan egin baitezakegu, ganadua larreetan bazkatzeko eguraldi egokia baita hau... Baina ez da garai honetan egin behar duen eguraldia, eta ondorioak gero ikusiko ditugu». Zuhur, kezka puntuarekin, baina larritu gabe hitz egiten du Eneko Karrera EHNEko ordezkariak. Baserritarrak, nekazariak, artzainak... denak udaberrira eta udarara begira daude. «Iaz udazken aldera euri pixka bat egin bazuen ere, hilabete askoan ez du egin fundamentuzko euririk. Euri tanta bakar horiek lurrak hartzen ditu, lurra lehor dago, eta nekazaritzan lehortea dagoenik ezin badugu esan ere, horrela jarraituz gero, aurreko urteetan udaran izaten zen lehortea aurten lehen eguzki beroaldiekin etorriko da».

Jose Inazio Beltza abeltzaina da, eta eguraldi hau euren lanerako egokia dela onartuta ere, bera mendi gainei begira dago. «Urte sasoi honetan mendi gainak, normalean, zurituta egoten dira, eta, sarritan esaten den moduan, urte guztirako ura ziurtatzen du horrek. Aurten, oraindik, mendi puntak ez ditugu zurituta ikusi, eta horrek aurrera begira kezka sortzen du. Udaberrian edo uda garaian hazienda mendira igotzean iturrietan urik ez badago...». Izan ere, iturrien ur emaria asko apaldu da azken hilabeteotan. Horrek kezkatzen du Beltza. «Neguan urik biltzen ez bada, gero udaberrian egiten duen euriarekin ez baita nahikoa izaten».

Abeltzainen eta nekazarien moduan, artzainak ere oraindik ez dira larritu. «Urrian jaitsi genituen ardiak menditik, eta gutxi gorabehera maiatza erdialdean igoko ditugu», adierazi du Josu Oiartzabalek. Orain gaztak egiten ari dira. «Hala ere, kezkatzen hasiak gara, lehen udara gogorrak eginda ere, iturriak eta errekak ez baitziren agortzen, baina orain...».

Orain neguan iritsi da lehortea, eta horrek aurreikuspen onegirik egiten ez du laguntzen. «Guretzat larriena lurrak gehien eman behar duen garaian etortzen den lehortea izaten da. Nekazariontzat oso ezberdina da udarako edo neguko lehortea. Uzta jaso behar dugunean iristen bada lehortea, lehorte hori urte osorako izaten da; neguko lehortea ez da hain larria izaten», zehaztu du Karrerak. Kezkatuta, beraz, bai, baina oraindik larritu gabe daude gehienak. «Noski, neguko lehorteak udarakoa ekarriko balu atzetik, orduan egoera askoz larriagoa izango litzateke, udaberrian eskasiatik hasiko baikinateke. Baina ez dezagun alarmarik sortu oraindik, martxo erdialdera arte negu gogorrak egiten bai baitaki».

Itxaropen horri eusten diote. Neguak bere lanak egingo dituen itxaropenari. «Eskatzen hasita elurra eskatuko genuke, mendietako elurrak betetzen baititu gerora putzuak eta iturriak». Eta mendietako elur faltak areagotzen baititu beheko beharrak. «Euririk egiten ez badu, negurako belar eta pentsuak ere ez dira egoten, ondorioz prezioak igotzen dira... Kanpoko produktuak erosi beharrean hasten garenean...».





############



Neguko elurteen zain, asteazkenerako euria

2006a oso urte lehorra izan zela adierazi dute meteorologoek, eta neguko euriteen zain daude
U. ZUBELDIA

Donostia

«2006an oso euri gutxi egin zuen, 2005ean baino %30 gutxiago, eta hori estutzekoa da. 2006a anormala izan zen meteorologia aldetik». Adolfo Morais Euskalmet Meteorologia Agentziako zuzendariaren hitzak dira. «Iazko negua oso hotza izan zen, baina urte osoan batez bestekoa baino pare bat gradu gorago ibili zen tenperatura». Horrek eragin du 2007ko urtarrileko egoera «larria». Pello Zabala meteorologoak ere antzeko irakurketa egin du. «Azken bederatzi hilabeteotako prezipitazioak ez dira 750 litrotara iritsi, eta 2005ean, udazkenean, 770 litro bota zituen».

Euskalmetek zazpi eguneko iragarpenak egiten ditu, gehienez. «Bestela fidagarritasuna nabarmen murrizten baita». Zazpi egun horiei begira jarrita, datorren asteazkenerako euria iragarri du Moraisek. «25na litro inguru asteazkenean, ostegunean eta ostiralean, eta asteazkenean bertan 1.000 metrotik gora elurra, eta hilaren 18rako ere euri iragarpenak daude». Elurra ikusteko itxaron egin beharko dela onartuta ere, Morais urtarrilari, otsailari eta martxoari begira itxaropentsu dago. «Ez baita abendu aldean elurrik egiten ez duen lehen aldia».

Pello Zabala, euri kontuetan, ezkorrago dago. Haizeari eta ilargiari begira jarri da ezkor. Orain 18 urteko lehortea ekarri du gogora. «Beldur bat daukat. Orain 18-19 urte izan zen ilargiaren buelta. Garai hartan izan zen ilargia egun berdinetan dabil aurten. Askok txorakeriak direla esango dute, baina ilargia kontuan hartu behar da. Niri ziklo horrek beldurra ematen dit, tarteka-tarteka etortzen direlako». Haizea ere ipar-ekialdekoa izango dela iragarri du Zabalak, kontinentala. «Ekialdetik haize gorria eta ur gutxi etortzen da. Hotza». Urte eta erdi, bi urte lehorrak egingo ote dituen beldurra dauka Zabalak. «Susmoak dira, baina...».

Ikerketen arabera, 2007a inoizko beroena izango da. Baina Moraisek datu horiekin ere zentzuz jokatzeko eskatu du. «Zazpi egunetik gorako iragarpenen fidagarritasuna asko jaisten da, eta Europako adituen iragarpen hori betetzeko %50eko probabilitatea dago. Agian beteko da, baina, agian, ez».





############



Herritarrei aholkuak

Bainatu beharrean, dutxatu, 100 litro ur baino gehiago aurrezten baitira.

Bainatuz gero, ez bete bainuontzia goraino.

Komunean pultsadore bikoitzeko deposituak jarri, hartara ponpari tiratzen zaion bakoitzean uraren gastua erdira jaisten baita.

Ez erabili komuna paperontzi gisa.

Ahalik eta gehien bete garbigailua eta ontzi-garbigailua.

Ontziak garbitzean edo frutak eta barazkiak garbitzean iturria ez utzi irekita.

Hortzak garbitzean edo bizarra moztean iturria itxi.

Tantaka dauden iturriak eta hodien matxurak azkar konpondu.

Dutxan eta etxeko gainerako txorrotetan difusoreak jarri, airea gehitzean ur-zorrotada handitu egiten dela ematen baitu eta ur gutxiago gastatzen baita.

Ahal bada, ez garbitu autoa eta ez ureztatu lorategia.





############



«Lurra lehor dago eta horrela jarraituz gero, lehen eguzki beroaldiarekin etorriko da udako lehortea»

eneko karrera
EHNE-KO ORDEZKARIA
«Euririk egiten ez badu, negurako belar eta pentsuak ere ez dira egoten, ondorioz prezioak igotzen dira...»

JOSU OIARTZABAL
ARTZAINA



############
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.