Udalgintza

Usansolo udalerri bilakatzearen aldeko mosaiko herrikoia egin dute hainbat bizilagunek

40 urteko ibilbidearen ostean, azken urratsa falta zaio Usansolori (Bizkaia) udalerri bilakatzeko: Bizkaiko Batzar Nagusietako bozketa gainditzea. Desanexioaren aldeko hainbat ekitaldi egin dituzte gaur.

Herritarrek larunbat eguerdian egindako mosaikoa. FOKU
inaut matauko rada
2022ko urriaren 1a
16:43
Entzun

Usansoloko bizilagunek 40 urte luze eta neketsu daramatzate udalerri bilakatu nahian. Prozesu hori nolakoa izan den zabaltzeko, gaur 11:00etatik aurrera erakusketa egin dute, eta ondoren, 13:00etan, herri mosaikoa egin dute hainbat koloreko aterkiekin, desanexioaren alde. Urriaren 15ean, berriz, manifestazioa egingo dute, 12:00etan, eta herri bazkaria horren ostean. Izan ere, ia mende erdi baten ostean, badirudi herriaren gehiengoaren nahia egi bihurtuko dela. Bizkaiko Foru Aldundiak desanexioaren proposamen akordioa aldeko txosten batekin eraman zuen Bizkaiko Batzar Nagusietara, eta UH Usansolo Herria plataformaren arabera, ez dirudi Bizkaiko 113. udalerria sortzearen aurka bozkatuko duen alderdi politikorik dagoenik. Hala ere, batzar nagusietako alderdi guztiei biltzeko eskatu die plataformak.

Gauzak horrela, Usansoloren desanexioa batzar nagusietako hurrengo plenoan bozkatuko dute, eta plataformako kideek uste dute urriaren hasieran izango dela. Azken 40 urteetan borondate «politiko eza» eta oztopoak nagusitu direla salatu du plataformak.

Bizkaiko 113. udalerria

Luzea izan da prozesua, baina 40 urteren ostean, Usansolok Galdakao barruko herri izateari utziko dio, eta udalerri izango da. Urte horietan behin baino gehiagotan egin dituzte desanexioaren inguruko herri galdeketak, eta beti irabazi du udalerri bilakatzearen aldeko aukerak. Aurtengo martxoan izan zen azkena, eta bozketan parte hartu zutenen %81,54k udalerri izatearen alde egin zuen.; 3.771 herritar zeuden boza ematera deituta, eta horren %63,12 hurbildu zen hauteslekura.

Azken erroldaren arabera —2022. urtekoa—, 4.635 pertsona bizi dira Usansolon, eta hori da plataformako kideak gehien keztatzen dituena. Izan ere, Espainiako legearen arabera, herri edo auzo batek udalerri izateko desanexioa lortu nahi badu, gutxienez 5.000 pertsonako errolda izan behar du. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak du hor eskumena, eta foru arauaren arabera, gutxienez 2.500 pertsona izan behar ditu udalerri izan nahi duen auzo edo herriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.