Udalgintza

Usansoloko Udala osatzeko batzordea maiatzaren 4an sortuko dute

2019ko udal hauteskundeetako emaitzen arabera osatuko dute. Batzordeak Usansolo Herria plataformako zortzi parte hartzaile eta EAJko beste hiru izango ditu.

Usansoloko herritarrak, azaroaren 23ko ospakizunetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko apirilaren 25a
16:02
Entzun

Usansolo Bizkaiko herri izateko bideak aurrera jarraitzen du. Hain zuzen, maiatzaren 4an Usansoloko Udala osatzeko batzordea aurkeztuko dute. Eta, horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak 2019ko udal hauteskundeetan Galdakaon (Bizkaia) izandako emaitzak eskatu dizkio Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralari. Emaitza horien arabera, batzordearen parte izango dira EAJko hiru kide, baita Usansolo Herria plataformako beste zortzi lagun ere. Txapelena baserrian egingo dute batzordea osatzeko saioa, eta bertan aukeratuko dute presidentea.

Iazko azaroaren 23an, Bizkaiko Batzar Nagusiek onartu egin zuten Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izateko eskaera. Hala ere, hilabete bat geroago, Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri zion ebazpen horri, Usansolok ez zuelako gainditzen 5.000 biztanleren langa. Errekurtsoarekin batera, Usansolo udalerri bihurtzeko prozesua eteteko eskatu zuen abokatutzak, behin-behineko neurri gisa, baina otsailaren amaieran, EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen halakorik onartu: auzia ebatzi bitartean, tramiteekin aurrera jarrai dezakete Usansolon.

Dena den, Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri eta gero, Hauteskunde Batzorde Zentralak erabaki zuen Usansolon ez zirela maiatzaren 28ko udal hauteskundeak egingo, herria ez zelako toki erakundeen erregistroan agertzen eta ez zuelako hautesle erroldarik. Behin batzordea osatuta, erregistro horretan izena ematea eskatuko dute; 30 eguneko epea ezarri dute horretarako. Eta, izen ematea onartzekotan, Hauteskunde Batzordeari eskatuko diote batzordearen osaketa berri bat egiteko, 2023ko udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.