Udalgintza

Usansoloko Udala osatzeko batzordea sortu dute

Usansolo Herria plataformako zortzi parte hartzaile eta EAJko beste hiru ditu batzordeak. Hala ere, baliteke maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean osaera aldatzea.

Usansoloko herritarrak, azaroaren 23ko ospakizunetan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2023ko maiatzaren 4a
11:35
Entzun 00:00:0000:00:00

Usansoloko Udala osatzeko batzordea sortu dute gaur Txapelena baserrian. Horretarako, Bizkaiko Foru Aldundiak 2019ko udal hauteskundeetan Galdakaon (Bizkaia) izandako emaitzak eskatu dizkio Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralari. Emaitza horien arabera, batzordearen parte izango dira Usansolo Herria plataformako zortzi lagun, baita EAJko hiru kide ere. Presidentea ere aukeratu dute gaurko saioan.

Hala ere, baliteke batzordearen osaketa aldatzea maiatzaren 28ko hauteskundeen ostean. Hauteskunde Batzorde Zentralak erabaki du Usansolon ez direla hauteskundeak egingo, herria ez delako toki erakundeen erregistroan agertzen, eta ez duelako hautesle erroldarik; Galdakaon bozkatu beharko dute herritarrek. Hori dela eta, behin batzordea osatuta, erregistro horretan izena ematea eskatuko dute; 30 eguneko epea ezarri dute horretarako. Izen ematea onartzekotan, Hauteskunde Batzordeari eskatuko diote batzordearen osaketa berri bat egiteko, 2023ko udal hauteskundeetako emaitzak kontuan hartuta.

Bizkaiko Batzar Nagusiek iazko azaroan onartu zuten Usansolo Bizkaiko 113. udalerria izateko eskaera. Halere, hilabete bat geroago, Estatuaren Abokatutzak helegitea jarri zion ebazpen horri, Usansolok ez zuelako gainditzen 5.000 biztanleren langa. Errekurtsoarekin batera, Usansolo udalerri bihurtzeko prozesua eteteko eskatu zuen abokatutzak, behin-behineko neurri gisa, baina otsailaren amaieran, EAEko Auzitegi Nagusiak ez zuen halakorik onartu: auzia ebatzi bitartean, tramiteekin aurrera jarrai dezakete Usansolon.

«Mugarri garrantzitsua»

Elixabete Etxanobe Herri Administrazio eta Erakunde Harremanetarako foru diputatuaren esanetan, batzordea osatzea «mugarri garrantzitsu» bat da. Baina, era berean, adierazi du beharrezkoa dela oraingoz «zuhurrak» izatea: «Itxaron behar dugu toki erakundeen erregistroan Usansoloren izen ematea onartu arte». Bitartean, Bizkaiko Foru Aldundia «adi» egongo da, eta bere jarrera mantendu eta defendatuko du. Ibilbide «luzea» egin dela esan du Etxanobek, eta oraindik «urratsak» daudela egiteke. «Espero dugu bide hori ondo amaitzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.