USTELKERIA

Ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzeko proposamena tramiterako onartu du Eusko Legebiltzarrak

EH Bilduk aurkeztu du, aldundiak bulegoaren eskumenetatik kanpo utzi eta gero.

Osoko bilkura bat Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2019ko urriaren 3a
16:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ustelkeriaren aurkako bulego bat sortzeko EH Bilduk aurkeztutako lege proposamena tramiterako onartu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrak. PPk ez beste indar politiko guztiek babestu dute proposamena. Abstentziora jo du Alfonso Alonso buru duen alderdiak.

Testuak aurrera egin dezan, moldatu egin dute aurrena; jatorrizko proposamenaren arabera, bulegoak Jaurlaritza, diputazioak eta udalak kontrolatzeko gaitasuna izan behar zuen, baina, orain, bulego horren eskumenen artean ez da egongo Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiak aztertzea, diputazioen eskumenak ez urratzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalak eta erakunde publiko autonomikoak geldituko dira bulegoaren kontrolpean.

Izan ere, diputazioek Euskal Autonomia Erkidegoko Ebazpen Batzordera jo zuten, argudiatuta bitarteko propioak dituztela ustelkeriari aurre egiteko. Batzorde horrek uztailean erantzun zuen proposamenaren 53 artikuluetatik zazpi moldatu behar zirela, aldundien eskumenak errespeta zitezen.

Proposamenak "ustelkeria ikertu eta zigortzeko duen garrantzia" azpimarratu du Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideak, eta dei egin die gainontzeko alderdiei tramitazioa ez oztopatzeko, bulegoa 2020an lanean has dadin: "Bulego horrek legez kontrako jarduera ustelak eta praktika desegokiak ikertu, jazarri eta zigortzea ahalbidetuko du".

Ugarteren hitzetan, "Ebrotik gora ere baditugu konpontzeko gauza anitz, hala nola, De Miguel auzia, Osakidetzako Lan Eskaintza Publikoa, Bidegi auzia eta beste hainbat kontu, eta guk beti esan dugu epaitegietatik harago kontrol publiko eta administratiboa ere behar dugula".

Nafarroan, iazko maiatzean onetsi zuen parlamentuak bulegoa sortzea, gehiengo zabalez: Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu, Ezkerra eta PSNren aldeko botoa izan zuen, eta UPN eta PPNren abstentzioa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA