Ustelkeriaren kontrako bulego bat sortzeari uko egin diote EAJk eta PSE-EEk

EH Bilduk aurkezturiko lege proposamenaren aurka bozkatu dute legebiltzarrean, kontrol organoak jada badaudela argudiatuz

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztu du proposamena. EUSKO LEGEBILTZARRA.
Iñaki Agirre Perez.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Eusko Legebiltzarrak jardunbide egokien aldeko eta ustelkeriaren kontrako bulego bat sortzeko proposamena baztertu zuen atzoko osoko bilkuran, EAJren, PSE-EEren eta Voxen bozekin. EH Bilduk eginiko proposamenaren aurka agertzeko, Jaurlaritzako alderdiak egungo kontrol organoen defentsan oinarritu ziren, biek onartu zuten arren ustelkeriaren aurkako borrokan pausoak eman beharra dagoela oraindik. Elkarrekin Podemosek alde bozkatu zuen eta PP+C's, berriz, abstenitu egin ziren.

Josu Estarrona EH Bilduko legebiltzarkideak aurkeztu zuen egitasmoa, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ustelkeria ikertzeko mekanismoak falta direla argudiatuz. Estarronak azaldu zuen, besteak beste, «benetako polizia judizial egoki bat» behar dela, «prestatuta dagoena diru publikoaren erabilera desegokiari modu espezializatuan aurre egiteko», eta nabarmendu zuen ustelkeriaren «erronkari» erantzuteko baliabideak izango dituen fiskaltza «indartsu bat» ere behar dela.

Halaber, Estarronak adierazi zuen ustelkeria kasuen salatzaileak babesteko mekanismoak ere falta direla: «Gaur-gaurkoz, ustelkeria kasu bat salatu ahal izateko, oso ausarta izan beharra dago, baita ausartegia ere». Horregatik, EH Bilduko legebiltzarkideak ezinbestekotzat jo zuen ustelkeria «atzeman, prebenitu, ikertu eta desagerrarazteko» bulego bat sortzea: «Gure herriaren zati honetan, gertatzen diren kasuen artean, oso gutxitara iristen gara. Eta hori ez diogu guk, hori fiskaltzan dio, behin eta berriz, bere txostenetan».

Elkarrekin Podemoseko Miren Gorrotxategik bide beretik jo zuen bere hitzartzean: «Zergatik ez da beharrezkotzat hartzen bulego hau? Printzipioz, ondo dago ikertzeko eta gure demokraziaren kalitatea hobetzeko baliabide gehiago izatea. Hain zuzen, kontrakoa da ongi azaldu beharko litzatekeena: zergatik ez babestu mota honetako organismo bat? Halakoei oztopoak jartzeak gaizki pentsarazten du».

EAJ eta PSE-EE, 2018an alde

Bozketaren osteko hitzartzeetan, EAJk eta PSE-EEk ustelkeriaren aurkako bulegoa sortzearen kontrako jarrera justifikatu zuten. Jon Andoni Atutxa jeltzaleak adierazi zuen ustelkeriaren kontrolerako egungo tresnek sare «mamitsu» bat osatzen dutela, eta gaineratu zuen prebentziorako eta gainbegiratzerako erakunde publiko berriak sortzea ez daitekeela egokia izan, «ereduen gainjartzeak eraginkortasuna murriztea ekarriko lukeelako, ziurrenik».

Ekain Rico sozialistak, bestalde, Estarronari leporatu zion egungo kontrol organoen «heriotza ziurtagiria» aurkeztu izana, horien gainean «susmoaren itzala» zabaltzeko borondatea daukala esanez. Hala, proposamena orain aurkeztu izanak EH Bilduren «estrategia» bati erantzuten diola adierazi zuen Ricok.

EH Bilduko legebiltzarkideak gogoratu zuenez, ordea, 2018an lege proposamen bera aurkeztu zenean, EAJk eta PSE-EEk haren aldeko jarrera agertu zuten; hala, azpimarratu zuen alderdien «iritzi aldaketa» geroztik azaleratu diren ustelkeria kasuen ondorio dela, De Miguel eta Balentziaga kasuei erreferentzia eginez, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.