Usteltzen hasitako gorpu bat aurkitu dute udaltzainek Iruñeko udal etxebizitza batean

Udalaren apartamentu batzuetan aurkitu dute gorpua, Txoko Berrin. Udalak esan du arreta zerbitzua indartzeko asmoa duela. UPNk azalpenak eskatu dizkio Txema Mauleon zinegotziari.

Txoko Berri udal apartamentuak. IRUÑEKO UDALA
Txoko Berri udal apartamentuak. IRUÑEKO UDALA
mikel p ansa
2024ko martxoaren 25a
13:25
Entzun

Iruñeko Donibane auzoko etxebizitza batean aurkitu dute gizon baten gorpua. Usteltzen ez ezik, desegiten ere hasia zen gorpua, eta denbora zeraman hilik. Udaltzainek eman dute berria, gaur, baina gorpua joan den ostiralean aurkitu zuten, 10:50 aldera. Tulebrasko Monasterioa kaleko bizilagun batek eman zien abisua, usain txarra sumatuta. Udaltzainak joan ziren, eta, usaina gorpu batena izan zitekeela susmatuta, barrura sartu ziren, eta han aurkitu zuten gorpua. 85 urte zituen hildakoak. Autopsia egingo diote.

Adinekoentzako gizarte zerbitzuen ordenantza aldatuko duela iragarri du Iruñeko Udalak, heriotzaren berri eduki ondoren. Izan ere, udalaren jabetzakoa zen etxebizitza batean atzeman dute gorpua: Txoko Berri apartamentuetako bat zen. Gizonaren heriotzagatik dolua agertu du udalak, eta onartu du berritu beharra dagoela halako apartamentuetan bizi direnentzako arreta protokoloa. Txema Mauleon Ekintza Sozialeko zinegotziak onartu du etxeko arreta zerbitzuak gabeziak dituela.

«Udal apartamentuetan bizi diren pertsonak autonomoak dira, ez dira mendekoak, beren kasa baliatzen dira, eta eska dezakete laguntza gizarte zerbitzuetan, edo ez», azaldu du udalak. Halere, erakundeak aitortu du gabeziak daudela pertsona horien jarraipenean eta babesean. Era berean, adierazi du arta soziala indartzeko proposamen bat egina zuela, justu orain gertatu dena bezalako kasuak saihesteko asmoz. Datozen asteetan beste bost langile jarri nahi dituzte zeregin horietan, eta etzi erabakitzekoak dira proposamena. Aurrekontuak onartzekoak dituzte asteazkenean, eta hori egin orduko nahi dituzte kontratazioak martxan jarri.

Horrez gain, Mauleonek adierazi du ordenantza aldatuko dutela, tutoretzapeko etxeetan bizi diren zaharrek arreta egoki bat jaso dezaten, «eta horrelakoak ez daitezen errepikatu». «Zoritxarrez, oraingoan berandu iritsi gara», esan du Mauleonek, «baina espero dugu indarrean jarriko ditugun neurriekin ez direla errepikatuko halakoak, eta era horretako udal apartamentuetan bizi diren adinekoek arreta egokia jasoko dutela».

Cristina Ibarrola UPNren udaleko bozeramaileak, berriz, Txema Mauleon zinegotziaren agerraldi bat eskatu du, hura baita Ekintza Sozialeko arduraduna udalean. Erregionalistek nahi dute udalak azalpenak ematea, nolatan gertatu den udalaren tutoretzapeko etxebizitza batean pertsona bat hiltzea, eta hil eta asteak igarotzea inor jabetu gabe. «Apartamentuetako jendeak emandako informazioa daukagu, baina udal gobernuak azalpenak eman arte ez naiz xehetasunetan sartuko. Halere, harrigarria da. Hori, gutxienez. Hiri honi buruzko oso irudi txarra ematen du».

Tuteran beste bat

Bestalde, Tuterako udaltzainek jakinarazi dute larunbatean beste gizonezko baten gorpua atzeman zutela haren etxebizitzan. 72 urteko gizon batekin harremanetan jarri ezinik ari zirela abisua eman zieten. Alcait kalera joan ziren, suhiltzaileekin, eta han aurkitu zuten gizonaren gorpua. Berez hil zela ebatzi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.