Ustez etxetik ihesi zihoala jausita, 13 urteko neskato bat hil da Bilbon

Ertzaintzak jakinarazi du gurasoekin eztabaida izan ondoren leihotik alde egiten saiatzean erori egin dela neskatoa

Erredakzioa
Bilbo
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Etxetik ihes egiten hasita ustez, 13 urteko neskato bat hil zen atzo goizaldean Bilbon, San Frantzisko auzoan. Gurasoekin eztabaida izan berri zuen gaztetxoak, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Haren arabera, ika-mika izan eta gelara jo zuen neskatoak, eta leihotik saiatu zen ihes egiten. Ordea, euskarri gisara hartu zituen maindireek ez zioten heldu neskaren pisuari, eta eten egin ziren. Lurrera jausita hartutako kolpearen ondorioz, lekuan bertan zendu zen gaztetxoa.

Gauean izan zuten eztabaida aita-amek eta 13 urteko alabak, hamaikak bueltan. Liskarrean aritu ondoren, bere gelan giltzapetu zen neskatoa, eta, Ertzaintzaren lehen ikerketen arabera, handik ahalegindu zen ihes egiten. Logelako oheko hanka batera lotu zituen maindire batzuk, eta leihotik ateratzen saiatu zen. Etxebizitzako bosgarren solairuan zuen bizileku hildako neskatilak. Herrizaingo Sailaren hipotesi nagusia da zintzilikatu zenean eten egin zirela euskarritarako hartutako maindireak, eta, ondorioz, kolpean etxartera jausi zela hildako gaztetxoa.

Ezbeharraren berri izanda, Ertzaintza, Bilboko Udaltzaingoa eta osasun zerbitzuak joan ziren San Frantzisko auzoko etxebizitzara. Nolanahi delarik ere, ordurako gorpu zen neskatoa. Iristeko toki zailean geratu zen hilotza, eta suhiltzaileek atera behar izan zuten etxartetik. Autopsia egitera eraman zuten, zehazki nola hil zen argitzeko.

Ez daukate aurrekaririk

Istripua izan zela da orain Herrizaingo Sailak esku artean darabilen hipotesi nagusia. Hala, Ertzaintzak jakinarazi du genero indarkeriagatik edo gisa horretako delituengatik aurrekaririk ez duela hildako gaztetxoaren familiak. Hala ere, zer gertatu zen ikertzen segitzen du Ertzaintzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.