Emazte bat hil zen atzo Baionan. Baionako polizia etxeko prentsa arduradunek aditzera eman dutenez, senarrak tirokatu egin zuen ostiralean Angelun (Lapurdi), eta larri zaurituta zegoen. Poliziaren ustez, emazteari bi tiro jo ondoren, bere buruaz beste egin zuen gizonak. Poliziaren ustea baieztatzen bada, Euskal Herrian emakumeen kontrako indarkeriaren ondorioz hildako bederatzigarren emakumea izango da.
Emazteak 30 urte zituen, eta senarrak 49. Poliziaren arabera, bikotea Angeluko Industria karrikan bizi zen, 7. zenbakian. Ostiral arratsaldean, bizilagunek tiro hotsak entzun eta Poliziari abisu eman zioten. Poliziaren arabera, gizonak bi tiro jo zizkion emazteari, eta larri zaurituta utzi zuen. Gero, tiro egin zion bere buruari. Tiroketa gertatu zen etxera sartzean, Poliziak eta osasun zerbitzuek gizona hilotz aurkitu zuten, eta emaztea larri zaurituta, odolusten. Berehala artatu zuten han ziren medikuek, eta Baionako erietxera eraman zuten. Eginahal guztiak eginik ere, sendagileek ez zuten lortu emaztea bizirik atxiki-tzea, eta atzo goizean zendu zen.Baionako auzitegiko prokuradoreak agindua emanda, gaur eginen diete autopsia bi gorpuei. «Gertaera larriak dira, eta, horregatik, ez dugu xehetasun gehiago emanen, autopsia bukatu eta emaitza guztiak eskuan izan artean», azaldu du.Bilgune Feministak gertakariaren larritasuna azpimarratu du, eta protestak karrikan adieraztera dei egin. «Oraindik emazte baten hilketa ikertzen ari direla, bertze hilketa baten berri dugu», adierazi du Josune Eroa Bilgune Feministako kideak. Aurtengo bederatzigarren hilketa dela azpimarratu ondoren, gisa horretako gertakariei indar oroz ihardetsi behar zaiela adierazi du. «Ezin dugu ezikusiarena egin: gizarteak erantzun behar du, bai banakoek, eta bai erakundeek». Horrelako gertakariak behin betiko bukatzeko karriketan erantzun gogor eta argia eman behar dela gaineratu du Bilgune Feministak. Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren plataformak deituta, elkarretaratzeak egingo dira bihar ilunabarrean Euskal Herri osoan.Batasunak prentsa oharra atera du, gertaeraren gainean gogoeta eginez. Beste hilketa baten beha egon beharrean horrelakoak saihesteko neurriak gaurdanik hartu behar direla dio. Hezkuntza alorretik hasita eredu patriarkala bukatu behar dela dio, berdintasun balioetan oinarritutako hezkuntza sistema pikoan ezarriz. «Emakumeen aurkako indarkeria gizarte osoaren arazoa da; emakumeen eskubideak errespetatzeko bidean, instituzioek dute erantzukizunik handiena».