Ustez lapurretara sartu diren baserri batean 83 urteko andre bat hil da, Urdulizen

Andrearen anaia min hartuta aurkitu dute; iragan abuztuan ere lapurretan saiatu ziren erasoa jazotako etxean

arantxa iraola
2009ko abenduaren 22a
00:00
Entzun
Ertzainen arabera, iragan ostiral arratsaldean jazo zen gertaera, seiak aldera. Urdulizko (Bizkaia) baserri batean lapurretan egiteko asmoarekin sartu ziren hainbat lagun, eta eraso zieten barruan zeuden bi lagunei, 83 urteko emakume bati eta haren anaiari, 70 urteko gizasemeari. Antza lotu egin zituzten, eta, ondoren alde egin zuten bertatik. Ez dakite seguru, bitartean, deus ere lapurtu zuten. Ertzainek atzo goizean izan zuten jazoeraren berri, anai-arreben gertukoek egindako telefono dei baten bidez, eta baserrira joan zirenean, jazotakoaren larritasunaz aurki jabetu ziren; emakumea hilotz aurkitu zuten, eta haren anaia, min hartuta, larri zaurituta. Epaileari berehala eman zioten zendutako emakumearen berri, eta gizona, berriz, Gurutzetako erietxera eraman zuten anbulantzian, bertan arta zezaten.

Harridura, kezka eta ezinegona eragin ditu jazoerak Urdulizko anai-arreba baserritarren bizilagunen artean. Iragan egunotan baserri inguruan ez dutela ezer ere arraroa antzeman esan dute, baina kezkarako motiboak badirela. Izan ere, iragan udan bertanlapurreta egin zuten etxe horretan, bortxaz barrura sartuta. Iragan abuztuaren 16an izan zen lapurreta hori, goizaldean, eta hurrengo egunean bertan atxilotu zituzten ertzainek ustezko lapurrak, 16 eta 40 urte arteko lau gizonezko.

Bizilagunen arabera, Urdulizen ezagunak dira anai-arrebak. Osoki baserriko lanetan aritu diren pertsonak direla azaldu dute. Gizonak behiak zaintzen dituela esplikatu dute, eta esnea saltzen duela Plentzian (Bizkaia) bertan. Emakumea baserrian bertan bizi zela jakinarazi dute, eta anaiak, berriz, handik gertu duela bere bizilekua. Baserria Urduliz eta Plentzia arteko bidean dago, errepidetik 50 metro ingurura.

Ikerketa

Baserri inguruak arakatu zituzten atzo ertzainek, Bizkaiko Foru Aldundiko hainbat teknikarirekin batera, ustezko lapurrek aztarnaren bat laga zuten ikusteko. Inguruko bizilagunak eta biktimen gertukoak ere galdekatu zituzten, jazoeraren nondik norakoak argitzeko ahaleginetan. Lehen lekukotasunen arabera, iragan ostiralean, erasoa jazo zen egunean bizilagunek ez zuten deus aparterkorik igarri baserrian etainguruetan, eta ez zioten erreparatu gertatzen ari zenari.

Bizkaiko Diputazioko beharginek baserriko ganaduaren kargu egin behar izan zuten atzo barrura sartu zirenean. Behietako bat hilda aurkitu zuten kortan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.