Ustezko hiru etakideen etxearen bila ari da Frantziako Polizia

Atxilotuei aurkitu dieten materialak lehergaiak egiteko ez ezik, nortasun agiriak faltsutzeko ere balio du

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Larunbatean Frantzia erdialdean atxilotutako ustezko hiru etakideen etxearen bila ari da Polizia. Jon Etxeberria, Iñigo Sancho eta Ruben Rivero bizi ziren etxearen bila Borgoña eta Ile-de-France departamentuetan ari dira, eta herritarren laguntza eskatu dute. Etxebizitza Joigny herriaren inguruetan topatzea espero dutela esan diete polizia iturriek berri agentziei. Hain justu, hango tren geltokian atxilotu baitzituzten.

Espainiako Barne Ministro Jorge Fernandezek igandean esan zuen ustezko hiru etakideei lehergaiak egiteko materiala atzeman zietela. Epoxi motako kristalezko erretxina eta circoflexa dira material horiek. Egia da lehergaiak egitzeko erabil daitezkeela, baina, horretarako ez ezik, agiriak faltsutzeko ere erabiltzen da material hori. Hain justu, logistika taldeak faltsutu izan ditu agiriak, eta talde horretako kide izatea egozten diete Etxeberriari, Sanchori eta Riverori. Agiri faltsuak ere topatu dizkiete: Guardia Zibilaren sei identifikazio txartel, 17 nortasun agiri, hainbat matrikula plaka, Frantziako nortasun agiri bat, Portugalgo bat eta Espainiako bi gidabaimen. Armak ere bazeramatzaten, eta hori «esanguratsua» iruditu zitzaion Fernandez Diazi.

Ezker abertzaleak, bestalde, Espainiako eta Frantziako gobernuen jarrera salatu du, «blokeo eta errepresioarekin» tematuta ikusten dituelako, «prozesu ikuspegian aterabideak eskatzen dituen Euskal Herriko gehiengo sozialari eta politikoari bizkar emanez». Espainiako Gobernuari eta PPri eskatu diote «konponbide prozesuari eta bake prozesuan aurrera egiteko» duten aukerari eutsi, eta «konponbideen mahaian hutsik duen lekua behingoz betetzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.