Ustezko lau etakide atxilotu dituzte Frantziako iparraldean

Eider Zuriarrain atxilotu eta Espainiaratu egin dute; Ibai Agirrebarrena, berriz, aske utzi dute

Erredakzioa
Baiona
2011ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Frantziako Poliziak lau lagun atxilotu ditu bart Frantzia iparraldeko Pas de Calais departamenduan, ETAko kideak direlakoan. Hainbat berri agentziak eman zuten albistearen berri atzo iluntzean. Edizio hau ixterako orduan oraindik ez zen atxilotuei buruzko datu gehiagorik argitaratu; iturrien arabera, operazioa itxi gabe zegoen.

Horrez gain, Eider Zuriarrain bilbotarra Espainiaratu egin dute, atzo Donibane Lohizunen (Lapurdi) atxilotu ostean. Gaur da pasatzekoa Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aurretik. Otsailean ere atxilotu zuten, ETAri laguntza ematea leporatuta; ordutik baldintzapean aske zegoen. Paueko Auzitegiak martxoaren 1ean onartu zuen hura estraditatzeko eskaera.

Ibai Agirrebarrena, berriz, kargurik gabe aske utzi dute; asteartean atxilotu zuen Frantziako Poliziak Baionan, eta bi egunez eduki dute polizia etxean. Bidaxunen (Nafarroa Beherea), Agirrebarrenaren gurasoen etxea miatzen ari zirela, Jon Goio Jimenez tolosarra ere atxilotu zuten.Baionako Poliziaren arabera, bi atxiloketen artean ez dago loturarik; «ezustean» topatu zuten Jimenez.

Askatu.org webguneak, ordea, polizia operazioa kritikatu du, «beste leku batera begirarazteko beste helbururik» ez zuela argudiatuta. Atzo 50 lagun inguru bildu ziren Hendaian egindako elkarretaratzean. Gaurko ere antolatu dituzte elkarretaratzeak: eguerdiko hamabietan eta arratsaldeko zazpietan, hain zuzen.

Europatik elkartasuna

Catherine Greze eta François Alfonsi europarlamentariek aurreko asteko atxiloketa «bortitzak» salatu dituzte. Jazint eta Xalbador Ramirez eta Endika Gomez Segi gazte erakundeko kideak «ezin onartu diren baldintza bortitzetan» atzeman zituztela esan dute: «Terrorismoaren aurkako borrokaren aitzakian militanteok inkriminatzea guztiz desegokia da».

Bost hautetsik Baionako auzitegira jo dute, atxiloketen aurka salaketa jartzeko. Poliziak haiei ere pistolarekin mehatxu egin ziela gogorarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.