gizartea

Usurbilen atez ateko zabor bilketan birziklatutako hondakin kopurua %76koa da

Martxoaren 16an hasi ziren eta orduan hondakinen %28,42 birziklatzen zen. Udalak dio balorazioa "oso positiboa" dela.

2009ko apirilaren 22a
17:42
Entzun
Usurbilgo Udalak (Gipuzkoa) atez ateko zabor bilketaren balantze "oso positiboa" egin du. Izan ere, martxoaren 16an hasi ziren bilketarekin eta birziklatutako zabor kopurua %28,42tik %76,08ra igo da, San Markoseko Mankomunitateak gaur jakinarazi duenez. Helburua %80ra iristea du.

Zabortegira botatako hondakin kopuruak %58,7 egin du behera, Xabier Mikel Errekondo Usurbilgo alkatearen arabera. Atez ateko bilketa "benetako irtenbidea" dela adierazi du eta hondakinak errausteak "inolako zentzurik ez" duela ere nabarmendu du Udalak.

Bilketan lortzen duten materia organikoaren %98 garbia dela esan du Errekondok; ondorioz, "zabor horretatik lortutako konposta oso kalitate onekoa da".

Herritarrak Udalak emandako pausoak oso ondo ari direla jarraitzen nabarmendu du San Markoseko Mankomunitateak. Izan ere, bilketa egunez egiten ari dira Usurbilen, 06:30etik 08:30era; bi ordu horietan jendeak hondakinak ateratzeko aukera du. Hondakin mota bakoitza egun jakin batean atera daiteke, eremuaren arabera -hirigunea, landa eremua….-. Bakoitza zein egunetan atera behar den jakiteko, Udalak egutegi bat banatu zien bizilagunei, hondakin organikoa jasotzeko poto batekin eta birziklatzeko gidarekin batera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.