Uztailaren 17an eta 18an iritsiko dira haur sahararrak, espero baino bi aste geroago

Mendebaldeko Saharako 300 bat haur etorriko dira errefuxiatuen kanpalekuetatik, uda Euskal Herrian igarotzera. Pasaporte kolektiboekin arazo burokratikoak izan dituzte.

Oporrak Bakean programan parte hartu duten Mendebaldeko Saharako haurrak, Orkoienen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Oporrak Bakean programan parte hartu duten Mendebaldeko Saharako haurrak, Orkoienen, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
2025eko uztailaren 10a
16:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ohikoa baino bi aste gehiago. Hori da harrera familiek itxaron beharko dutena Mendebaldeko Saharako haurrekin elkartzeko. Uztailaren lehen egunetan iritsi behar ziren Tindufeko errefuxiatuen kanpalekuetatik (Aljeria), baina, azken orduko arazo administratibo baten ondorioz, atzeratu egin dira hegaldiak. Fronte Polisarioak iragarri duenez, datorren uztailaren 17an iritsiko dira uda Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan pasatuko duten haurrak, eta uztailaren 18an Nafarroakoak. 

Uztailaren 4an Fronte Polisarioak jakinarazi zuen pasaporte kolektiboekin arazo bat izan zutela eta, hortaz, hegaldiak bertan behera geratu zirela. Fatma Brahim Salem Fronte Polisarioko EAEko ordezkariordeak SER irrati kateari esan dionaren arabera, pasaporte kolektiboak egin behar zituzten eguna herrialdearen independentziaren urteurrena zen, eta, jaieguna izanik, ezin izan zituzten tramiteak garaiz amaitu. «101 pasaporte berregin behar izan dira, eta horrek atzerapen orokor bat eragin du».

Pasaporterik gabe, ezin dute hegazkina hartu. Brahimek SER irratiari azaldu dionez, Aljeriako kontsulatuak ematen dituen dokumentu kolektiboak dira pasaporte kolektiboak, non adingabeak taldeka erregistratzen dituzten. Dokumentu horiek egitea konplexua dela gehitu du. 

Aurten 8 eta 12 urte bitarteko 300 bat haur iritsiko dira: 22 Arabara, 89 Gipuzkoara, 102 Bizkaira eta ehun bat Nafarroara. Iaz baino 30 bat haur gehiago dira. Batzuk familiekin egongo dira, eta beste batzuk, aldiz, aterpetxeetan. Darahli, Rio de Oro, Hamadako Izarrak eta Mujtama elkarteek kudeatuko dituzte udalekuak. 

Atzerapenak ustekabean harrapatu ditu Oporrak Bakean programako parte hartzaileak. «Pasaporteekin arazo bat zegoela, hori bakarrik genekien», azaldu du Garazi Etxebarria Hamadako Izarrak elkarteko boluntarioak eta Oporrak Bakean-eko parte hartzaileak. Oporrak Bakean-ek modua ematen du urtero ehunka haur saharar Euskal Herrira etor daitezen eta bertan udaz goza dezaten. Programa kate luze baten azken pieza da. «Jende asko dago honen atzean; ez dakigu kasu honetan erruduna zein izan den zehazki», azaldu du Etxebarriak. 

Familia askok Mendebaldeko Saharatik datozen haurrei mediku azterketak egiteko aprobetxatzen dute uda. «Okulistaren eta dentistaren azterketak dira garrantzitsuenak. Azken batean, [Tindufeko] kanpalekuetan sendatu ezin diren gaixotasunak sendatzeko aprobetxatzen dute», argitu du Etxebarriak. Hegaldien atzerapenak errekuperaziorako denbora gutxitu du. «Beti bezala, kaltetuenak haurrak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.