Hego Euskal Herriko lau elizbarrutietan izendatutako gotzainekin, hemen zegoen berrikuntza egarria ito dute». Joxe Arregi fraide frantziskotarrak arestian BERRIAri eginiko adierazpenak dira horiek. Atzo, hain zuzen ere, bete gabe zegoen Bilboko elizbarrutiko aulkia bete zuen Mario Izeta hautagaiak.
Berriki Donostiako apezpiku Jose Ignacio Munillarekin gertatu bezala, Izetaren izendapenak polemika piztu zuen Bizkaiko eliztarren artean, hautagaiaren ideia kontserbadoreak zirela eta, Opus Deirekiko gertutasuna tartean. Ziur asko, egoera horri erantzun nahi izan dio Izetak gotzain lelotzat «Omnium servus» (Denen zerbitzari) aukeratzean. Atzoko izendapen ospakizunean ere batasunerako deia egin zuen bere homilian:«Bizi gaitezen baturik, separatzen gaituzten indarkeria eta gorroto harresiak apurtuz». Bakarrik daudenak gogoratuzituen. «Zenbat jende dagoen bakarrik... Bakardadea pertsona itzaliz joaten da, suntsituz nolabait».
Bizkaiko zaindari Begoñako Andre Maria eguna izan zen atzo, egun seinalatua Izeta gotzain izendatzeko. Bilboko Santiago katedrala lepo bete zen eguerdiko hamabiak aurretik, sexu banaketa markatua islatuz: ohikoa denez, gizonak baino ez aldarea bete zuten apaiz, apezpiku eta artzapezkipuen artean. Emakume gutxi batzuen presentziahauteman zitekeen Izetarensenideak eta agintariak zeuden lehen sei lerroetan. Alabaina, zazpigarren lerrotik atzera, eta katedraleko arkupean, emakume edadetuek betetzen zituzten hamar aulkitik zortzi. Era berean, adin taldeei zegokienez, gazteen presentzia salbuespena izan zen.
Askotariko erreakzioak
«Makurra gero ikustea, gaur eguneko gazteek zer konpromiso gutxi duten...». Maria Angeles Alegria bilbotarrak aintzat hartu zuen gazteen absentzia. Alegria Santiago katedralaren arkupera joan zen Izetaren kargu hartzea bertatik bertara ikusteko. Bilbotarra bat dator apezpiku berriak Ebanjelioa zurrunago eramango duela uste dutenekin. Hala ere, Izeta «oso pertsona inteligente eta prestatua» dela deritzo, eta horregatik uste du edozein epai klase eman aurretik MarioIzetari lan egiteko aukera eman behar zaiola. «Ricardo Blazquez aurreko apezpikuak ere hasieran kritika ugari izan zituen, baina denborarekin maitasuna hartu genion», ekarri nahi izan du gogora.
Atzoko elizkizunean ezer demostratu behar barik Izetarengan «konfiantza osoa» agertzen zuenik ere bazegoen, Javier Vicioso erretiratua, esate baterako. «Izetak Elizaren pluraltasuna islatzen du, eta zoragarria iruditu zait bera Bilboko apezpiku izendatu izana». Viciosok uste du polemika sortu nahi izan dutenei ez zaiela arretarik eskaini behar, eta ezin hobeto deritzo Elizak daraman norabideari. «Nik 73 urte ditut, eta ume nintzenetik egon naiz entzuten elizan gero eta gazte gutxiago dagoela».
Bien bitartean, katedralera sartu gabe, atzoko elizkizunera joan ziren agintari erlijioso eta zibilen korbata, harribitxi eta tunikei begira paratu zen Josu Elexpuru zamudiotarra, aterkia eskuan. Izeta Bizkaiko gotzain izendatu izanak era askotako iritziak sortu ditu, guztiz kontrajarriak batzuetan. Askok, Elexpuruk tartean, erlijioaren gainetik politikaren eragina ikusi dute izendapenean. «Izetaren izendatzea espainiarrek Euskadin egin duten azken ezarpena baino ez da». Elexpuruk onartzen du bera Elizatik alde batera bizi dela, baina urruntze horretan instituzioak berak izandako erantzukizuna aipatzen du. «Eliztarren parte hartzea ezereza da».
Vatikanoaren ahots berria
Mario Izeta gernikarra Bilboko apezpiku izendatu dute Santiago katedralean egindako elizkizun jendetsuan. Batasunaren aldeko deia egin die bildutako eliztarrei bere homilian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu