EUSKAL PRESOAK

Villepinen gatazka

Ainhoa Sarasola.
2005eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Frantziako Estatuan 168 euskal preso daude, 37 espetxetan sakabanatuta. Bat bera ere ez dago Euskal Herrian. Horietatik 25, bakartuta dituzte, beste euskal presoetatik bereizita. Euskal Herritik batez beste 784 kilometrora, gainera. Eta hala ere, euskal gatazkan zerikusirik ez duela adierazi du, beste behingoz, Frantziako Gobernuak.

Euskal gatazkari buruz mintzatu da Dominique de Villepin berriki. Hain zuzen, Frantzia ez dela Espainiaren «barne arazoetan» sartuko esateko. Frantziako lehen ministroak berretsi zuen bi estatuen arteko elkarlana «terrorismoaren aurkako lankidetzara» mugatuko dela. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburua zuen aurrean hori esaterakoan, bi agintariek Bartzelonan eginiko goi bileran.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kideei dagokienean, bederen, lankidetza horretatik haratago doa Frantziako Gobernua. Besteak beste, Espainiako Gobernuak ezartzen dien sakabanaketa politika bera darabil Frantziak euskal presoekin.

Iazko urtea amaitzean, batez beste, Euskal Herritik 784 kilometrora zituzten euskal presoak Frantziako espetxeetan. Azken asteotan espetxez aldatutako presoei dagokienean ere, joera bera mantentzen dela erakusten dute datuek: kasu guztietan Euskal Herritik are urrunago espetxeratu dituzte lekuz aldatutako bederatzi euskal presoak Ðhorietatik bi Euskal Herritik 1.100 kilometrora espetxeratu dituzteÐ.Espainiako Gobernuak ez bezala, Frantziakoak ez du euskal presoekiko sakabanaketa politika zehatz bati buruz hitz egiten. EPPKren mintzaideek ÐFrantziako espetxeetan Daniel Dergi eta Argi PerurenaÐ hitz egiteko eginiko gonbitaren aurrean mutu agertu da, halaber. Baina sakabanaketa politika aspaldian hasi zen ezartzen euskal presoei.

Kartzelan ere, sakabanatuta

Espainiatik ikasitako espetxe politika are urrutiago eramaten du Frantziak euskal presoekin. Izan ere, sakabanaketa birritan aplikatzen die euskal herritarrei: euren etxetik ehunka kilometrora kartzelatzen, lehenik; eta espetxe barruan bakartzen, bigarrenik. Egun 25 euskal preso daude Frantzian bakartuta. Batzuk kartzela berean, baina hainbat modulutan banatuta, euren artean inolako harremanik izateko modurik gabe. Beste asko, gehienak, dauden espetxeko euskal preso bakarrak dira.

Presoa bakartua egotearen ondorioetako bat da, esate baterako, egun osoan beste euskal herritar batekin egoteko eta berezko hizkuntzan komunikatzeko eskubidea galtzea. Gainera, presoa bakartuta egoteak haren senide eta lagunengan sakabanaketak berez dakartzan ondorioak areagotzen ditu. Bisitetara joateko batez besteko 784 kilometro horiek familia bakoitzak bakarrik egitea dakar, beste euskal presoen senideekin garraioa konpartitzeko aukerarik izan gabe, esaterako.

Euskal presoen bakartzea ohiko bilakatu da Frantzian, baina bada kasu berezi bat: Ramon Sagarzazurena, Dijoneko kartzelan bakarrik egoteaz gain, Frantzian inkomunikatuta duten EPPK-ko kide bakarra baita. Euskal presorik ez eze, beste inor ez du ikusten, espetxeko funtzionarioez gain.

Estatus politikoaren aldarria

Datuek erakusten dute gainerako presoei ematen ez dien tratu berezitua eta ezberdina ematen diela Frantziak euskal presoei. Preso politiko gisa tratatzen ditu, euren izaera onartu gabe. Hain zuzen, euskal presoen izaera politikoa onartzearen aldeko borrokan da EPPK. Urtarrilean kolektiboko 700 bat kideek planto orokorra egin zuten espetxe guztietan, txandakako itxialdiekin eta gose greba batekin amaitzeko, estatus politikoaren alde. Etxerat-en deiari erantzunez, eskaera bera egingo dute gaur ehunka herritarrek kaleetan.

'UNAI ERREA AUZIA'



 

Gaur erabakiko du epaileak Unai Errea aske utzi edo ez





Frantzian dituzten hainbat euskal presoren abokatua da Unai Errea. Baina apirilaren 22tik espetxean da bera ere. Preso bati «modu ez onartuan eta helburu terroristekin idatzi bat eman izana» egozten diote. Gaur erabakiko dute abokatua aske utziko duten edo ez.

Parisko Justizia Jauregian atxilotu zuten Errea, abokatu lanetan ari zela. Epailearekin minutu batzuk lehenago egona zegoen arren, atxilotu eta hiru egunez inkomunikatuta izan zuen Poliziak. Egozten dioten delitua beti ukatu du Erreak.

Errea auzia euskal presoen aurkako eta haien defentsa eskubidearen aurkako erasoa dela salatu du behin eta berriro Askatasunak. Abokatuen lana kriminalizatzeko saiakera ere ikusten du taldeak. Halaber, aske ateratzeko epaileak jarri izan dituen baldintzen bidez Ðlankideekin zein presoekin harremanik ez izatea, besteak besteÐ, abokatua «heriotza laboralera» zigortu nahi dutela salatu du Askatasunak. Errea aske uzteko eskatu du taldeak.

Mobilizazioak





Bakartuta eta sakabanatuta egon arren, mobilizazio eta ekimen ugari egin ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) urrian zehar. Espainiako eta Frantziako kartzeletako bizi baldintzak salatzeaz haratago, euskal presoen senideek eta lagunek bisitetarako bidean izaniko istripuak salatzeko ekimenak ere ugariak izan dira. Datuak lortzeko zailtasuna dela-eta guztiak egon ez arren, hona hemen, espetxez espetxe, irail amaieran eta urrian zehar EPPK-k eginiko mobilizazioak:A Lama: Irailaren 22an itxialdi mugagabea hasi zuten bertan dituzten euskal presoek, Iñaki Garcesi ezarritako isolamendua salatzeko. Preso bakoitzak gutun bana igorri zion zuzendariari, hitzordua eskatuz. Astelehenean utzi zuten itxialdia euskal presoek, lehen graduaren errebisioa laster izango dela, eta Garces isolamendutik orduan aterako dutela esan baitzien.

Aranjuez: Iker Arzelus euskal presoaren egoera salatzeko txapeoa egin eta afixak jarri zituzten Aranjuezen, urriaren 7an. Espetxeko zuzendariari eta medikuari gutun bana igorri zieten, halaber. Kirola egiten ari zela, 12:30 aldera, ezkerreko sorbalda bere lekutik atera zitzaion Arzelusi; 23:30 arte ez zuten ospitalera eraman.

Fresnes: Iñaki Telletxea euskal presoaren kanporatzea salatzeko lau egunez kartel bat soinean eraman zuten irailaren azken egunetan, euskal presoek. Idatzia ere igorri zioten zuzendariari. Zorion Zamakolaren eta Xabier Gazteluren senideen istripua salatuz gutuna igorri zieten zuzendariari nahiz epaileari.

Herrera de la Mancha: Azken estradizioak salatzeko eta senide eta lagunen istripuak txarretsiz, instantzia bana aurkeztu zuten euskal presoek. Emakumeen borrokarekin bat eginez ere, instantzia egin zuten, Burkina Fasoko foroaren testuinguruan.

Iruñea: Senide eta lagunen istripuak salatzeko, bazkariari uko egin zioten Iruñean, hilaren 22an. Instantzia ere aurkeztu zioten espetxeko zuzendariari.

Les Beaumettes: Urriaren 15ean gose eta egarri greba hasi zuen Marixol Iparragirrek, bizi dituen baldintza gogorrak salatzeko. Fresneseko ospitalera eraman zuten zazpi egunetara.

Monterroxo: Zorion Zamakola eta Xabier Gazteluren senideek pairatutako istripua salatzeko, bazkariari uko egin zioten.

Navalcarnero: Antton Sasiainen estradizioa salatzeko instantzia aurkeztu zioten zuzendariari.

Villabona: Zorion Zamakola eta Xabier Gaztelu euskal presoen senideek pairatutako istripuan duen erantzukizuna salatzeko, idatzia igorri zioten zuzendariari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.