Vitalquiler 2013rako bakarrik bermatu dute

Alokairurako diru laguntzak urte batez luzatu arren, aurrera begirako bermea eskatu dute erabiltzaileek

Erredakzioa
Gasteiz
2013ko martxoaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Vital Kutxako administrazio kontseiluak Vitalquiler laguntzak 2013. urterako bermatu ditu. Atzo arratsaldean egin zuten batzarrean atzera egin zuen, eta duela zenbait egun jakinarazitako neurriak bertan behera utzi zituen. Hain zuzen, Vitalquiler programan zeudenei gutuna igorri zien, diru laguntza bertan behera gelditu zela azaltzeko eta hilabeteko epean alokairua igoko zietela jakinarazteko —ordaintzen zutenaren halako bi, kasu batzuetan—. Ordea, atzoko batzarrean 1,6 milioi euroko diru sail bat onartu zuten laguntzetarako. Hori bai, ez du 2013ko abenduaren 31tik aurreragoko bermerik eman.

Vital Kutxako administrazio kontseiluak atzera egin arren, alokairuen erabiltzaileek gerorako bermea aldarrikatu dute. Batzuek bost urterako kontratuak sinatu berri dituzte. Kontratuetan zehaztutako baldintzak mantentzeko eskatu dute. Atzo protesta bat egin zuten, administrazio kontseiluaren aurrean.

Vital Kutxako Gizarte Ekintzak duela bederatzi urte inguru abiatu zuen Vitalquiler programa. Horren bitartez, sustatzaile pribatu batek eraikitako etxebizitzetan alokairuan bizi ziren pertsonei diru laguntza ematen zieten, etxean zituzten diru sarreren arabera. Laguntzari esker, etxebizitza horietako batez besteko alokairua 315 eurotakoa da egun. Ordea, diru laguntza horren truke babes ofizialeko etxebizitzetatik kanpo geratzen ziren, eta etxeko zergak zein kalteak ordaindu behar zituzten, jabeak izan ez arren.

Azken urtean 1,5 milioi euroko diru funts bat zuen Vital Kutxako Gizarte Ekintzak Vitalquiler egitasmoa aurrera eramateko, baina, krisiaren ondorioz, laguntza hilabete batetik bestera kenduko zuela jakinarazi zuen aurreko astean. Erabakia indarrean sartu balitz, 350 euro ordaintzen zituen pertsona batek 700 euro baino gehiago ordainduko lituzke; haietako askok tarte laburrean kalera joateko arriskuaz ohartarazi zuten. Guztira, 900 familiek jasotzen dute laguntza hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.