Adi Vitalquiler plataformak salatu du Kutxabankek eta Adania etxe sustatzaileak «isilpeko etxegabetzeak» egin nahi dituztela Salburua eta Zabalgana auzoetan. 900 familia inguru bizi dira Vitalquiler enpresak —aipatu bi erakundeek osatzen dute— kudeatzen dituen etxebizitzetan, eta bertan alokairuan bizi diren 35urtetik azpikoek Vital Kutxako Gizarte Ekintzaren laguntza jasotzen dute, alokairu «soziala» ordain dezaten. Ordea, orain duela bi hilabete, maizter batzuei laguntza eteten hasi ziren.
Gasteizko Salburua eta Zabalgana auzoetan dauden alokairuen benetako prezioak, diru laguntza kenduta, merkatu libreko prezioak baino garestiagoak direla salatu du plataformak. Adi Vitalquilerren ustez, alokairu sozialtzat jo badaiteke Gizarte Ekintzaren laguntzari esker baino ez da, eta kontratua bost urterako den bitartean, laguntza urtez urte onartu behar du Vital Kutxako Gizarte Ekintzak.
Familia batzuei jakinarazi zietenean diru laguntza bertan behera geratuko zela, etxebizitza ordu gutxitan utzi behar izan zuten, laguntzarik gabe ezin ziotelako alokairuari aurre egin. Kasu batzuetan, 350 euroko alokairua zena ia 700 eurokoa bihurtu zen.«Atzean inbertsioa eta ametsak utzi zituzten». Familia horiek bizi izan duten ezinegona nabarmendu du plataformak, eta bizitakoagatik kalte-ordaina jaso beharko luketela gaineratu du.
Halaber, Adania enpresak etxeetako maizterrei betebehar asko agindu arren, jabe bezala dagozkion gutxieneko zerbitzuak ere ez dituela eskaintzen gaineratu du taldeak. Enpresa kudeatzailearen jarreraz gain, Vital Kutxaren jokabidea ere kritikatu dute, eta erabakiak hartzerakoan «gardentasun falta» egotzi diote.
Vitalquilerreko diru laguntza ezbaian egon ondoren, 2013rako bermatu du Vital Kutxako Gizarte Ekintzak, baina ez du ezer bermatu datorren urterako. Hori ikusirik, Adi Vitalquilerrek egonkortasuna aldarrikatu du, kontratuek irauten duten bitartean laguntza bermatzeko eta Vitalquilerreko arduradunek kaltetuen ahotsa kontuan hartzeko.
Mobilizazioak eta bilerak
Bihar Vital Kutxako Gizarte Ekintzaren batzarra egingo dute, eta Adi Vitalquiler plataformak zenbait mobilizazio iragarri ditu haien aldarrikapenak aintzat har ditzaten. Horrez gain, gaur bertan Adaniako presidentearekin bilduko dira, eta etzi, Fernando Arangiz Vital Kutxako presidentearekin egingo dute bilera. Azkenik, Biltzar Nagusietako alderdiekin ere bilduko dira datorren astetik aurrera, haien aldarrikapenen berri emateko.
Vitalquilerreko kaltetuek etxegabetzeak «isilpean» egiteko arriskua salatu dute
Aste honetan laguntzen jarraipenari buruz hitz egingo dute Adaniako eta Vital Kutxako presidenteekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu