Espainiako Gorteetarako hauteskundeak. Biharamuna. Odon Elorza. PSE-EEren diputatua

«Voxi nola aurre egin planteatu behar dugu denok, baita PPk ere»

Elorzak dio alderdi sozialistak talde guztiekin hitz egingo duela Sanchez presidente egiteko, eskuin muturrarekin salbu. Inbestidura eta gobernagarritasuna ezberdindu ditu: «Ez da formula itxien momentua».

jokin sagarzazu
2019ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
PSOEren zuzendaritzak Madrilen atzo eginiko batzarrean parte hartu zuen Odon Elorzak (Donostia, 1955). Apirilean lortu zuen eserlekuari eutsi dio, baina emaitza hobeak espero zituen Gipuzkoan. «Neurriko poztasun bat» nabaritu zuen atzoko batzarrean.

Zer izenondo jarriko zenioke igandeko garaipenari?

Mikatza, baina meritu handikoa. Kanpainaurre luzean eta hauteskunde kanpainan denek egin dute Pedro Sanchezen eta PSOEren kontra, eta, beraz, zaila izan da. Kataluniako gertakariek asko markatu dituzte azken asteak. PSOEren kalterako izan da, eskuineko alderdi espainolek zein Kataluniako alderdi sezesionistek eta komunikabideek jarri dutelako jarduneko gobernua guztiaren erdian. Gainera, arriskua zegoen herritarrek guri egozteko hauteskundeen errepikapenaren ardura guztia.

Emaitzak ikusita, erabaki egokia izan zen hauteskundeak berriz egitea?

Gertatu direnak kontuan hartuta, emaitza ona izan dela uste dut. Ezkerreko gobernu bat osatu ez izanaren atsekabea Elkarrekin Podemosek kapitalizatu zezakeen, baina ez da hala izan. Guk eutsi egin diogu, eta haiek behera egin dute. PPk ez ditu inolaz ere bete jarri zituen helburuak. Eta gero dago Ciudadanosen hondamen erabatekoa.

Baina zuek lortu duzue espero zenuten emaitza?

Egia da irailean beste datu batzuk genituela, eta ez ditugula aurreikuspenak bete. Baina, esan bezala, irailean eta urrian gertatu direnak ikusita, emaitza ona da. Gainera, hauteskundeak aurreratzea ez zen guk nahi genuen zerbait: gure nahia zen gobernu bat osatzea akordio programatiko bat eginda Elkarrekin Podemosekin eta beste indarren batekin, baina, ezinezkoa izan zenez, hauteskundeetara joan behar izan genuen.

Eta orain zein da formula?

Egoera konplexua da, eta oso zail dago gobernagarritasuna. Baina alderdi sozialistak eutsi egin dio, eta badu oinarri bat negoziatzeko. Kongresuan zailagoa da, baina, adibidez, Senatua kontrolatu daiteke bi alderdiren kolaborazioarekin; besteak beste EAJrekin.

Alegia, koalizio gobernurik ez duzue aurreikusten.

Ez dut halakorik esan, ezta kontrakorik ere. Gainera, nik nahi dudanak ez du axola, eta nik orain nire iritzia ematea kaltegarria izan daiteke; ez dut inor despistatu nahi. Garrantzitsuena da Pedro Sanchezek buruan duena.

Eta estrategiarik badu?

Bai. Eta inbestidurarako epe bat ere jarri du: abendurako.

Herenegun, gobernu progresista bat hitzeman zuen: nola?

Ez da formula itxiak planteatzeko momentua, alderdi guztiekin hitz egitekoa baizik, parlamentuan dauden alderdi guzti-guztiekin, Voxekin salbu.

Eta PPrekin zeri buruz hitz egin nahi duzue?

Inbestidurari buruz, emaitzei buruz, batzuen eta besteen jarrerei buruz... Elkarrizketa prozesu bat zabaldu behar da, metodologia on batekin. Ekin egin behar diogu. Nire nahia litzateke inbestidurak ahalbidetzea gobernu progresista bat, Sanchezek esan duen moduan. Gehiago ezin dugu aurreratu eta espekulatu.

Voxen emaitzek nola eragin dezakete inbestiduran?

Kezkarako motibo asko izan behar dugu denok, alderdi hori arriskutsua baita demokraziarako. Vox fenomenoari nola aurre egin planteatu behar dugu denok, baita PPk ere. Europako beste herrialde batzuetan ikusi dugu zer egin duten. Gobernuak ardura dauka agenda sozial baten bidez demokrazia indartzeko, baina ez da soilik gobernuaren ardura.

Zergatik sartzen duzu PP zuen talde berean?

Voxen hazkundeak bahituta dago PP, eta geldi geratzeko tentazioa izan dezake. Alderdi horren zabor ideien kontaminazio handia jasango du datozen hilabeteetan. Baina zeresan eta interes handia dauka fenomeno hori gelditzeko. Gero dago Ciudadanos. Kongresuan indarra galdu arren, hor dago: maiatzean autonomia erkidego batzuetan eta udaletxe batzuetan sartu zen, eta gobernatzen ari da haiekin [PPrekin eta, zenbait kasutan, Voxekin]. Gerta daiteke, norabide aldaketa bat egotea bere aliantzen estrategian, eta horrek gauza batzuk aldatzea.

Hego Euskal Herrian ere eutsi egin diezue apirileko emaitzei. Nola baloratzen dituzu zuk?

Apirileko emaitzak hobetzeko helburua genuen, eta hala izango zela espero nuen nik behintzat. Baina zer gertatu da? Abertzaleak legez kanporatzeko Voxek egin duen mehatxu politikoak, PPren eta Ciudadanosen isiltasun konplizearekin, mobilizatu egin duela boto abertzalea Euskadin eta Nafarroan.

Datorren urtean Eusko Legebiltzarrerako bozak izango dira: zein izan beharko litzateke PSE-EEren helburua?

Elkarrekin Podemosekin dugu guk lehia. Igandean huts egin du lurralde guztietan. Euskadin oso-oso indartsu sartu ziren duela lau urte, baina, hauteskundez hauteskunde husten ari dira. Gure helburua izan beharko litzateke botoaren parte bat berreskuratzea. Hauteskunde kanpaina serio bat planteatu beharko genuke —eta badakit egiten ari direla— hautesle horiek gurera erakartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.