Webguneen afera dela-eta auzitara jotzeko mehatxua egin die Itxasok sei udali

Hilabeteko epea eman die biktimen webguneen edukiak alda ditzaten. «Biktimak eta ETAko kideak parekatzea» galarazi nahi dute

Denis Itxaso, iazko Memoriaren Egunaren ekitaldian. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
gotzon hermosilla
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Giza eskubideen urraketak pairatu dituzten biktimei buruzko udal webguneen polemika ez da baretu, eta, orain, Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaritza ere tartean sartu da. Denis Itxasok zuzentzen duen ordezkaritzak webguneak aldatzeko eta haietatik «ETAren biktimen eta kideen arteko parekatzea» kentzeko eskatu die sei udali, eta, hori egin ezean, auzitara jotzeko mehatxua egin die.

Galdakao (Bizkaia), Orio, Oiartzun, Hernani, Villabona-Amasa eta Azpeitia (Gipuzkoa) dira sei udalerri horiek; guztietan EH Bilduk du alkatetza. EAJk zuzentzen dituen beste bi udalerritan ere, Erandion (Bizkaia) eta Tolosan (Gipuzkoa), antzeko webguneak daude, baina Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak ez ditu bere zerrendan sartu, «horiek desaktibatzeko jarraibideak eman dituztela egiaztatu» duelako.

Gobernuaren Ordezkaritzaren arabera, webgune horietan «ETAko kideak talde terroristak hildakoekin homologatzen dira, eskubideen urraketak jasan zituztela iritzita, eta gatibutza gisa definitzen da estatu demokratiko eta zuzenbidekoaren auzitegiek ezarritako zigorren ondorioz espetxean egotea». Haren ustez, ezin dira biktimatzat hartu «terrorismoaren aurkako borrokan botere publikoen bidezko jarduketen xede» izan direnak.

Espainiako Gobernuaren iritziz, horrek urratu egiten du Terrorismoaren Biktimak Aitortu eta Osorik Babesteari buruzko Legea. Horregatik, hilabeteko epea eman die sei udalei «ETA talde terroristako kideak, justiziatik ihes egin dutenak eta terrorismo delituagatik zigortutakoak» webguneetatik kentzeko, «baldin eta haien izenak biktima izenekoen artean sartu badituzte».

Hori egin ezean, auzitara jotzeko mehatxua egin du ordezkaritzak: «Estatuaren Abokatutzak behar bezala betetzeko ekintza egokiak abiaraziko ditu».

Erandioren erabakia

Erandioko Udalak eskatu dio Aranzadiri desaktiba dezala Erandio oroimena izeneko webgunean gertuko oroimenari dagokion atala. Hori iragarri du Erandioko Kultura zinegotzi Adrian Bustok.

Bustok esan du behin-behinean erabaki dutela hori, «irizpide berriak jaso bitartean, eta Gogora-rekin eta beste erakunde batzuekin kontrastatu arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.