Hezkuntza

Wertek erabaki du 5,5ean jarraitzea tasak ez ordaintzeko beketarako notak

Gainontzeko beketarako nota 6,5era igotzeko asmoa duela berretsi du Espainiako Hezkuntza ministroak, eta errektoreak kexu agertu dira horregatik.

Berria.info
2013ko ekainaren 27a
18:40
Entzun

Unibertsitateko tasak ez ordaintzeko bekak eskuratu ahal izateko gutxieneko notak 5,5ean jarraitzea onartu du Jose Ignacio Wertek, Espainiako Hezkuntza ministroak. Hori bai, argi utzi die errektoreei nota hori ez litzatekeela baliagarria izango gainontzeko beketarako. Werten asmoa da gainerako beketarako gutxieneko nota 6,5era igotzea.

Nota igotzeko erabakiak errektoreengan eragin duen ezinegona eta haserrea kontuan hartuta, Wertek beste bilera bat egin du gaur haiekin. Errektoreek kezka azaldu diote erabakiagatik, eta adierazi diote ez zaiela nahikoa iruditzen 5,5eko nota soilik tasak ez ordaintzeko beketarako izatea.

Gainera, errektoreek esan dute lehengora itzuli behar dela eta garrantzi handiagoa eman behar zaiela ikasleen eta haien gurasoen ahalmen ekonomikoei bekak emateko orduan. Beketarako noten inguruko gaia lehenbailehen argitzeko beharra nabarmendu dute bi aldeek, ikasleek ahalik eta azkarren jakin ditzaten zein baldintza bete beharko dituzten datorren ikasturtean beka bat jaso ahal izateko.   

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.