“Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE ez! Inposaketei ez!” lelopean, manifestazioa egingo dute Bilbon urriaren 12an, hezkuntza komunitateak deituta. Wert ministroaren hezkuntza legea ez aplikatzeko eskatu diete hezkuntzako eragileek Nafarroako eta EAEko parlamentu eta gobernuei. Erantzutetik harago “hezkuntza sistema propioa” eraikitzeko urratsetan aurrera egin behar dela uste dute euskal hezkuntza komunitateko ordezkariek.
Aitziber Martinez de Lagos Sortzen-Ikasbatuazeko eledunak eta Xabier Irastorza ELA sindikatuko kideak prentsaurrekoa eman dute gaur, hainbat hezkuntza eragileetako ordezkariekin batera. Hitzetatik haratago joan nahi dutla adierazi dute eta, horretarako, "Euskal Herriko hezkuntza komunitate zein herritarrok gure herriak nahi eta behar duen hezkuntza sistema propioaren inguruan eztabaida eman eta eraikitzeko bidean urrats berri eta atzeraezinak ematea” erabaki dute.
Norabide horretan, adostasun zabala batu duten hainbat eduki mahaigaineratu dituzte. Hala nola, ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa garatzea, Euskal Herriarentzat curriculum propioa osatzea, ikasle eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra ezartzea, hezkuntzaren kudeaketan hezkuntza komunitatearen zein herritarren parte hartzea bermatzea eta aurreko puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa sortzea.
Puntu horiek gauzatu bidean, ezinbestekotzat jotzen dute Espainiako Gobernuaren legea Euskal Herrian ez aplikatzea. Ildo horretan, eskaera zuzena egiten diete Nafarroako eta EAEko legebiltzar eta gobernuei. Era berean, inposaketarik onartu ez eta hezkuntza legeari aurre egin eta aplikatu ez dadin estrategia komunak lantzeko konpromisoa hartu dute.