Pastor
Darwin eta gu

Wittgenstein San Mamesen

2024ko urtarrilaren 27a
05:00
Entzun

Ikasleak albiste xumeak idazten ari dira ordenagailuetan, istripuei buruzko testuak. Irakasleak gazte horietako baten idazkerari erreparatu dio. «Barkatu galdetzea, baina zuk irakurtzeko ohitura duzu, ezta?». «Bai», erantzun du. «Segituan igartzen zaizu», esan dio irakasleak. Neskak bikain lotzen ditu esaldiak, logikaz egituratzen du testua. Ez da harritzekoa: irakurtzea ez zaio arrotz gertatzen. 

Gazteek gero eta gutxiago leitzen omen dute egun. Liburuei buruz ari naiz, ahaztu sare sozialetan idatzitakoa. PISAk argi utzi digu: testuak ulertzeko gaitasuna eskasagoa dugu. Ondorioz, irakurmena lantzeko proposamena egin du Pedro Sanchezek. Nola egingo du?

Diruak, diru hutsak, ezer gutxi konponduko duela adierazi du Gregorio Luri pedagogo nafarrak Vilaweb hedabideari emandako elkarrizketan. Arazoa eta horren konponbidea korapilatsuagoak dira. Luri filosofian doktorea da. Generalitatekin lan egin du hezkuntzaren arloan. Hark jakinarazi duenez, irakurtzea funtsezkoa da ikasleen garapenean. Hiztegia zenbat eta aberatsago eta zabalagoa izan, orduan eta hobeto ulertuko duzu mundua. Hiztegi murritza izanez gero… Gurean badira unibertsitateko ikasleak, azterketa batean zilegi edo zendu zer den galdetzen dutenak. Madrilen kazetaritza ikasten ari diren gazteek akaso ez dakite lícito edo fallecer hitzek zer esan nahi duten? 

Luriren esanetan, zailtasun linguistikoa da eskola porrotaren arrazoi nagusietako bat. Ludwig Wittgenstein filosofoaren berbak aipatu ditu: «Nire lengoaiaren mugak nire munduaren mugak dira». Izan ere, Tractatus logico-philosophicus lanaren egileak zehaztu zuenez, munduari buruzko iritzia ematen laguntzen digu lengoaiak. Baliabidea eta helburua da aldi berean.

Wittgenstein 1951n hil zen. Beraz, ez zuen iritzirik izango Bartzelonak asteazkenean Bilbon jokatutako partidari buruz.

Pedagogoak agertu duenez, lengoaia eta hiztegia funtsezkoak ditugu mundua ulertzeko. Eta testuingurua. Adibide bat ipini du Lurik: «Irakurmen arazoak dituen ume batek, Bartzelonaren jarraitzaile amorratua denak, hobeto ulertuko du partida baten kronika irakurmen ona duen baina Barçari buruz deus ere ez dakien haur batek baino. Gakoa aurretiko ezagutza da. Munduari buruzko datuak izan behar dituzu testu bat ulertzeko». 

Hizkuntza-jokoen ideia futbol partida baten sekuentzia ikusten sortu ei zitzaion Wittgensteini. Horixe idatzi zuen Norman Malcolm filosofoak Ludwig Wittgenstein: A Memoir liburuan (1958). Wittgenstein 1951n hil zen. Beraz, ez zuen iritzirik izango Bartzelonak asteazkenean Bilbon jokatutako partidari buruz. Auskalo bizirik zegoen bitartean Bilbora etorri zen edo ez. Baiezkoan, San Mamesen Athleticeko bigarren aurrealde historikoaz gozatzeko aukerarik izan ote zuen? Zer pentsatuko zuen Iriondo, Venancio, Zarra, Panizo eta Gaintzak osatutako boskoteari buruz?

Luriren aburuz, irakurtzen ikastea «inoiz amaitzen ez den lana» da. Txikitatik landu behar dugu. «Bederatzi urte izan arte umeek irakurtzen ikasten dute. Bederatzi urteetatik aurrera irakurriz ikasten dute. Irakurriz ikasten duzunean, hiztegia aberatsagoa izaten duzu eta errazago irakurtzen duzu». Ondorioa argi dago: «Bostehun hitz besterik ez baduzu bizirik irauteko, arazoak izango dituzu edozein testurekin. Eta ulertuko ez duzunez, irakurtzea gorrotatuko duzu». Etxeko giroaren garrantzia ere nabarmendu du: «Etxean liburu gehiago dituzten familiek mendeko perpaus gehiago erabiltzen dituzte. Ez dago modu kritikoan pentsatzerik juntagailu barik. Sinplekeria dirudi, baina hala da. Zure haurra autonomoa eta kritikoa izatea nahi baduzu, mendeko perpausak eta juntagailuak irakats iezazkiozu». 

Wittgenstein Visandule futbolariak Coimbrako Vigor Mocidade taldean jokatzen du, kadete kategorian. Erdilaria Angolan jaio zen eta 15 urte ditu orain. Egunen batean, gauzak ondo joanez gero, San Mamesen ikus genezake, Coimbra edo beste talde batekin. Posible da, gertatu edo ez. Wittgensteinek esan zuen: errealitatea (Wirklichkeit) egitate posible guztiak izango dira, gertatzen direnak eta gertatzen ez direnak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.