Emakundek martxan jarri du online eskola bat

Doako 32 ikastarok osatuko dute formakuntza, herritarrak berdintasunaren arloan sentsibilizatzeko eta prestatzeko.

(ID_13522313) (Jaizki Fontaneda/@FOKU) 2024-01-22, Gasteiz. Emakunderen Berdintasun Eskolaren aurkezpena, Nerea Melgosa eta Miren E...
Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Nerea Melgosa sailburua, Emakunderen Berdintasun Eskolaren aurkezpenean, gaur, Gasteizen.
Maixa Utrera Puelles.
2024ko urtarrilaren 22a
15:35
Entzun

Emakundek abian jarri du online eskola bat, Herritarrei berdintasunaren inguruko formakuntza emateko: Emakunderen Berdintasun Eskola. Erakundearen webgunetik sar daiteke eskolara, edo www.emakunde.euskadi.eus/berdintasun-eskola helbidearen bidez. Bertan, 32 ikastaro daude eskuragarri, batzuk hartzaile jakin batzuei egokituak, eta beste batzuk orokorrak. Ikastaroak urte osoan egingo dituzte, eta doakoak izango dira. 

Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak nabarmendu duenez, herritarrek, enpresek eta erakundeek gero eta interes handiagoa dute genero ikuspegia «integratuko» duen prestakuntza lortzeko, eta horretarako sortu dute ataria. «Berdintasun politiken oinarrizko zutabea da berdintasunari buruzko prestakuntza, eta ezinbestekoa da berdintasunerantz aurrera egiteko», adierazi du sailburuak. Gainera, Berdintasunerako Lege berriak prestakuntzari «garrantzi handia» ematen diola nabarmendu du: «Legeak administrazio publikoei eskatzen die berma dezatela beren langile guztiek derrigorrezko prestakuntza jasotzea eta programak diseinatzea indarkeria matxistaren biktimak atzeman, artatu eta babesteko».

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak azaldu du Emakundekren eskaintza aztertu dutela —Gizonduz, Jabetuz, Emakumeak Sarean eta Jakitun programak—, eta, aldi berean, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eta Espainako Estatuko esperientziak aztertu dituztela. Erakunde barruko zein kanpoko prestakuntza programak aztertuz, «estrategia bateratu bat» sortu nahi izan dute, «hobekuntza eta proposamen berriekin». Elgarrestak dioenez, gune birtual erreferente bat izango da eskola: «Egiaztatu dugu ez dagoela halako esperientzia askorik, gaur martxan jarriko dugun honen parekorik». 

«Egiaztatu dugu ez dagoela halako esperientzia askorik, gaur martxan jarriko dugun honen parekorik».

MIREN ELGARRESTA Emakundeko zuzendaria

Edukien zerrenda

Hainbat gairi buruzkoak dira Emakunderen Berdintasun Eskolak jasotzen dituen 32 ikastaroak. Berdintasunari buruzko oinarrizko ikastaro batez gainera, badaude bestelako gaiak ere: ziberfeminismoa, ahalduntze feminista, genero ikuspegia txertatzea, berdintasunean heztea, emakumeen aurkako indarkeria, berdintasunezko maskulinitateak, berdintasuna kirol praktikan, berdintasuna osasunean, komunikazioan, ekonomia feminista, enpresen berdintasun planak ... Nahiz eta gehienak «erabilgarritasun orokorrekoak» izan, Elgarrestak azaldu du batzuk publiko jakin batzuentzat direla: «Sortzen ari diren eskaerak kontuan hartu dira, administrazioko langileez haratago doazen publiko berriak identifikatu, eta metodologia eta formatuak berritu ditugu».

Gai horietaz gain, lehen Emakunden zeuden prestakuntza eskaintza batzuk ere jasotzen ditu atariak, hala nola Jabetuz programa —indarkeria matxistaren biktimak artatzen dituzten profesionalentzat— eta Gizonduz egitasmoa —gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzeko eta inplikatzeko—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.