EHUko ikerlariak

Jon Garcia eta Alexander Muela: «Zaurgarriekin lan handiagoa egin behar da suizidioaren prebentzioan»

Adingabe gehienak sufrimenduz beteriko «motxila» batekin iristen dira harrera egoitzetara, eta suizidioa ondoeza arintzeko modua da, ikerlariek diotenez.

Jon Garcia eta Alexander Muela. ARITZ LOIOLA-GORKA RUBIO/ FOKU
Jon Garcia eta Alexander Muela. ARITZ LOIOLA-GORKA RUBIO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2024ko martxoaren 31
05:00
Entzun

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 25 harrera egoitzatako nerabeen suizidio portaerak aztertu ditu EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia, Erizaintza eta Medikuntza fakultateetako ikerketa talde batek. Datu deigarriak eman ditu azterlanak: galdetutako hiru gaztetik batek suizidio ideiak izan ditu inoiz, lautik bat bere buruaz beste egiten saiatu da, eta bitik batek baino gehiagok esan dute ezin izan dutela inorengana jo laguntza eske. Horrekin batera, ikerketak bistaratu du nerabe horiekin lanean ari diren profesional gehienek ez dutela ezagutza nahikoa horrelako jokabideak atzemateko.

Alexander Muela psikologiako doktoreak (Bergara, Gipuzkoa, 1974) eta Jon Garcia Ormaza psikiatrak (Santurtzi, Bizkaia, 1979) gidatu dute ikerketa. Azpimarratu dute nerabezaroa «zaurgarritasun» garaia dela, eta suizidio saiakera eta autolesio gehiago izaten direla. Ezinbestekotzat jo dute «lan komunitarioa» suizidioa prebenitzeko, «osasun sistemak soilik ezin duelako konpondu».

 
Nerabe eta gazteen suizidioa osasun publikoko arazo globala da. Osasunaren Mundu Erakundearen ohartarazpena da hori, 2021ekoa. Esperientziaren begiradatik, zein da ateratzen duzuen argazkia?

JON GARCIA: Suizidioagatik hildako nerabeen kopurua ez da handitu, baina gora egin dute suizidio saiakerek eta jokabide suizidek, bereziki pandemiaz geroztik. Larrialdietan, ospitaleetan eta hezkuntzan gero eta autolesio, jokabide suizida eta suizidio saiakera gehiago atzematen ari gara.

Zenbat gehiago?

GARCIA: Pandemia aurretik baino bi edo hiru aldiz gehiago. Historikoki, gabezia handiak egon dira jokabide suiziden detekzioan, eta portzentaje oso apalean atzeman ditugu. Izan ere, nerabeek eta gazteek gero eta erresistentzia handiagoa jartzen dute euren zaurgarritasunaren berri emateko eta laguntza eskatzeko. Nerabeen kasuan, bere buruaz beste egiten duen bakoitzaren atzean saiakera asko egoten da: heriotza bakoitzaren atzean, batez beste, ehun saiakera daude. Garrantzi handia dauka saiakera guztiak atzemateak, eta, horretarako, galdeketa da gaur egun daukagun tresnarik eraginkorrena, horrek aukera ematen baitu suizidioaren inguruko beldurra gainditzeko eta horri buruz normaltasunez hitz egiteko.
ALEXANDER MUELA: Nerabezaroa zaurgarritasun handiko garaia da, eta horri lotua dago suizidio saiakeren eta autolesioen gorakada. Hain justu ere, zaurgarriak direlako da hain garrantzitsua suizidioaren prebentzioa egitea nerabezaroan.

Harrera egoitzetako nerabeen suizidio portaerez datu kezkagarriak bildu dituzue txostenean.

MUELA: Ikerketak dioenez, lerroburu desegokiak atera dituzte hainbat hedabidek, eta gizartean alarma piztu. Argitze aldera, esango nuke harrera egoitzetan dauden gazteek suizidio saiakera ugari izaten dituztela, gehienek tratu txarrak eta estres post-traumatikoarekin loturiko bizipenak izan dituztelako beren bizitza laburrean. Motxila horrekin iristen dira harrera egoitzetara, eta suizidioa sufrimendua arintzeko modua da haientzat. Guk ez genien galdetu harrera egoitzetan saiatu ote ziren beren burua hiltzen, baizik eta inoiz, beren bizitzan, beren buruaz beste egiten saiatu ote diren. Eta galdera horri baietz erantzun zioten askok eta askok. Aurreiritzi handikoa da esatea harrera egoitzetan egoteagatik suizidioan gehiago pentsatzen dutela, eta, gainera, ez dator bat profesionalek bertan egiten duten lanarekin. Zentro horiek ez dira zaurgarritasunaren iturburua.

Harrera egoitza asko masifikatuta daudela salatu izan dute maiz erabiltzaileek, eta kezka adierazi gizarte eragileek. Horrek zer pisu dauka suizidio portaeretan?

MUELA: Guk dakigunez, ez da halakorik gertatzen; izan ere, protokolo zorrotz bati jarraitzen diote masifikaziorik ez gertatzeko. Gazte eta nerabeei eskaintzen zaien zaintza ahalik eta etxekoena da, eta, gainera, berariazko hezkuntza plan bat dute. Gazteek adierazi digute profesionalekin oro har ondo konpontzen direla eta egoitzetan ondo zainduak sentitzen direla.

Harrera zentroetara iristen diren gazteek motxila bat daramatela esan duzue. Prebentzioa lantzeko, kontuan hartu behar da aldagai hori.

MUELA: Gazte eta nerabe horiek arrisku faktore handiagoak dituzte, eta sistema bat jarri behar da martxan faktore horiek atzemateko. Eta hor gakoetako bat da gazteei zera galdetzea: «Suizidio saiakerak egin dituzu? Badituzu momentu honetan?». Galdera horiek hasieran egin behar dira, gaztea harrera zentroan sartzen denean. Instituzioek badute hor erantzukizun bat: profesionalak trebatu behar dituzte jokabide horiek atzemateko gai izan daitezen eta halakoak prebenitzeko lan egin dezaten. Etxean modu berean jokatuko genuke: semeak edo alabak suizidio jokabideak baldin baditu, horren ardura ez dugu soilik psikologo eta psikiatren esku utziko; etxean ere laguntza emango diogu. Harrera egoitzetan gauza bera da.
GARCIA: Suizidioaren prebentzioa hezigarria da. Osasun mentaletik harago joan behar du, eta unibertsala izan behar du gaiari buruzko jakintzak; etxean, eskolan, edota kalean zabaldu behar da.

«Harrera egoitzetan dauden gazteek suizidio saiakera ugari izaten dituzte, gehienek tratu txarrak eta estres post-traumatikoarekin loturiko bizipenak izan dituztelako beren bizitza laburrean».

ALEXANDER MUELAPsikologian doktorea
Alarma seinaleak detektatzeko gabeziaz ohartarazi duzue ikerketan. Bada hor zer landu.

GARCIA: Suizidioaren alarma seinaleak detektatzeko, halakoak ezagutu eta ulertu behar dituzu, eta gaur egun, zoritxarrez, gizartearen gehiengo batek ez ditu ezagutzen. Oraindik ere ikuspuntu patologiko batetik eta begirada klinikoarekin so egiten zaio suizidioari, beti gaixotasun edo nahasmen psikologiko baten ondorio balitz bezala. Eta ez da hala.

Jokabide suizida eragiten duten faktoreak eta kausak askotarikoak eta konplexuak izaten direla esan nahi duzu.

GARCIA: Ideia eta jokabide suizidak agertzen dira pertsona batek ingurune jakin batean asko sufritzen duenean eta sufrimendu horri aurre egiteko trebetasunik ez duenean, edo dituen baliabideak eraginkorrak ez direnean. Egoera horietan bidaltzen diren alarma seinaleak ezagutu behar dira, eta hori ez da gertatzen suizidatzeko gogoa adierazita bakarrik; egunerokoan ematen diren seinale psikologikoak ere badira. Horien artean badago pairamenduaren adierazpena, sufrimendu oso sakonaren adierazpena; «ezin dut gehiago» adierazten duena, etsipena. Ingurukoentzat edo familiarentzat zama bat izatearen sentipena, pertenentzia frustratua deritzona. Norberarenganako etsaitasuna eta deskonexio sentimendua ere agertzen dira.

Egoera zaurgarriagoan daudenek, harrera zentroetakoek esaterako, prebentzio neurri bereziak behar dituzte?

MUELA: Egoera jakin batzuetan bizi diren pertsona zaurgarriek beren sistema propioa behar dute. Kalteberatasun egoeran daude gazteak, baina baita zaharrak, espetxean daudenak eta LGTBI kolektibokoak ere. Zaurgarriak direnekin lan handiagoa egin behar da suizidioaren prebentzioan. Alarma seinale komunak dituzte, baina kolektibo bakoitzerako detekzioa sistematizatu behar da. Harrera egoitzetan dauden gazteen kasuan, tresna batzuk sortu ditugu detekzioan laguntzeko.

«Nerabeei dagokienez, bere buruaz beste egiten duen bakoitzaren atzean saiakera asko egoten da: heriotza bakoitzaren atzean, batez beste, ehun saiakera».

JON GARCIAPsikiatra
Zertan lagunduko dute tresna horiek zehazki?

MUELA: Detekzio goiztiarra egiten. Ez da zertan itxaron gazte batek alarma seinaleak emateko edo suizidio jokaera aurreratuak azaltzeko. Prozedura sistematizatu batekin atzemateko modua egon daiteke.

Parte hartu duten nesken erdiek adierazi dute suizidio ideiak izan dituztela inoiz; mutilen artean, berriz, %18,5ek izan dituzte.

GARCIA: Genero paradoxa bat dago. Izan ere, emakumezkoek askoz ere autolesio eta suizidio saiakera gehiago egiten dituzte, baina gehien suizidatzen direnak gizonezkoak dira. Emakumeen heriotza bakoitzeko, hiru gizonek egiten dute beren buruaz beste. Historikoki azalpen asko eman dira horri buruz; horietako bat da gizona biologikoki oldarkorragoa dela eta suzko armak izateko aukera handiagoa duela. Baina horrek errealitatearen parte txiki bat baino ez du azaltzen. Emakumeek erresistentzia txikiagoa dute zaurgarri agertzeko, autolesio edo suizidio saiakeren berri emateko, eta, finean, laguntza psikologikoa edo emozionala eskatzeko; gizonek, aldiz, erresistentzia barneratu egiten dute 12-13 urterekin, eta bizitza osoan mantendu. Horregatik da hain handia suizidio tasa 80 urtetik goragoko gizonen artean.

Ikerketan diozue harrera egoitzetako profesionalak ez daudela aski trebatuta suizidio portaerak kudeatzeko.

MUELA: Gizartearen esparru guztietan gertatzen da hori. Harrera etxeetako profesionalek beren buruaz duten pertzepzioa da prestakuntza handiagoa eta tresna gehiago behar dituztela halako jokabideak atzemateko. Eta ez ikuspuntu psikoterapeutikotik soilik, hezkuntzatik ere bai. Osasun sistemak bere kabuz ezin du hau konpondu: lan komunitario handia egin behar da suizidioaren prebentzioan.

Adinez nagusi diren gazteek harrera zentroa uzten dutenean, zer gertatzen da?

MUELA: Zenbat eta bizipen gogorragoak izan bizitzan –sexu abusuak edo tratu txarrak jaso dituztelako–, orduan eta suizidio jokabide gehiago izango dituzte helduaroan. Tamalez, biktima den pertsonak birbiktimaziorako aukera asko izaten ditu. Askotan irakurri izan dugu tratu txarrak hartu, egoitza batean egon eta prostituzio sare batean amaitu dutela. Geure buruari galdetzen diogu nola den hori posible; ikertua dago joera dutela berriro hiru edo lau aldiz birktimizatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.