Alde batetik, «gizarte plural eta askotan gatazkatsuen arazo etikoei heltzeko gogoeta sakontasuna, zorroztasun intelektuala eta kalitate morala»; bestetik, «justizia sozialaren, giza eskubideen eta pertsona kalteberen (komunitate baztertuen edo gutxiengo desgaituen) bizi baldintzen aldeko konpromiso zibikoa, hurbilketa teorikoetan zein balio ukaezina duten ekimen praktikoetan islatu dena».
Xabier Etxeberria Mauleon pentsalari eta ekintzailearen curriculumetik eta ibilbidetik bi ezaugarri horiek nabarmendu ditu Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa sariko epaimahaiak, humanitateen, kulturaren, arteen eta gizarte zientzien aurtengo saria emateko.
Merituen bilduma zabalagoa da, epaimahaiaren esanetan. Etxeberria Mauleonek Euskal Herriko gizartearekin duen konpromisoa goraipatu dute. «Bere hausnarketekin eta konpromiso aktiboarekin, biktimen zentraltasuna onartzen lagundu dio euskal gizarteari», azaldu dute, eta, «horren ondorioz, biktimak eta biktimarioak elkartzeko eta adiskidetzeko politika publikoak diseinatu dira —eta gizartea sentsibilizatzeko planekin osatu—». Epaimahaiarentzat ez da gehiegizkoa esatea «benetako erreferentzia moral eta teorikoa» izan dela Euskal Herrian «bizikidetza berrezartzeko bide luzean».
Pedro Arrupe institutua
Euskal Herritik kanpo egindako lana ere aitortu diote: «Nabarmena izan da Pedro Arrupe institutuaren bidez Latinoamerikako herri indigenen giza eskubideen alde egin duen lana». Irakasle aritu da hango zenbait herrialdetako unibertsitateetan, eta «erreferentzia» da herri indigenen giza eskubideen defentsan.
Adimen eta garapen desgaitasunen bat dutenen alde ere lan egin du. Plena Inclusion mugimendua sortu zuen, desgaitasunen bat duten eta haien familien eskubideei buruzko laguntza, aholkularitza eta ikerketa bultzatzeko.
Arroitzen (Nafarroa) jaio zen, 1944an. Filosofian doktorea eta Etikako katedradun emeritua da Deustuko Unibertsitatean. Irakasle ibilbidean honako arlo hauek landu zituen: etika filosofikoa, lanbide juridikoen etika, antropologiaren etika eta gizarte lanaren etika.
Ez dute zehaztu saria emateko ekitaldia noiz egingo duten.