Xabier Isasi EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, elebitasun sozial orekatua "ezinezkoa" da. Euskara EAE-n: gaitasuna, erabilera eta iritzia azterlanak "agerian utzi du Jaurlaritzaren hizkuntza politikak porrot egin duela, eta beste norabide bat hartu behar duela ezinbestean", Isasiren ustez. Horregatik, aurkeztutako azterlanetik "atera beharreko ondorioa argia" da: "Euskal Herriak beste hizkuntza politika bat behar du, euskararen normalizazioa, eta ez elebitasuna, helburu izango duena". Izan ere, Isasiren ustez, elebitasuna "hautu pertsonala da, norberaren araberakoa, eta beraz, elebitasun sozial orekatua ezinezkoa da: desorekatua eta asimetrikoa izango da beti, eta gutxiengoaren hizkuntza denez, desoreka hori euskararen aurkakoa da".
Hori dela eta, EH Bilduk hizkuntza politika berri bat abiaraztea eskatu du, eta hori adosteko prest agertu da alderdia. Politika horren oinarria argia da, Isasiren ustez: "Politika horren subjektua euskararen hiztun elkarteak izan behar du; euskalgintzarekin adostu behar da, eta azkenik, alderdi politikoen arteko adostasuna behar da".
Jaurlaritzaren hizkuntza politikaren eskutik "euskararen berreskurapen prozesua eten" egin dela adierazi du Isasik, eta zenbait datu eman ditu hori arrazoitzeko: "2006tik 2011ra bitartean Bilbon eta Gasteizen 7.000 euskaldun galdu dira, eta EAEko 115 udalerritan euskaldunen proportzioak behera egin du. Erabilera maila eskasaren arazoari beste bat gehitu zaio: euskaldunen hizkuntza eskubideen urraketak ugaldu dira, Arartekoaren eta Behatokiaren 2012ko txostenek erakutsi dutenez".