Etxerat-ek jakinarazi duenez, 2008an atxilotu zuten Xabier Rey Urmeneta Antxo, eta lehen graduan zegoen orduz geroztik, Andaluziako Puerto III espetxean. "Horrek erabat zailtzen ditu euskal presoen bizi baldintzak". Urmenetaz gain, beste bederatzi euskal preso zeuden urte hasieran Puerto III espetxean, Etxerat-ek emandako datuen arabera.
Efe berri agentziak espetxe zaintzako iturriak aipatuz azaldu duenez, besaurreetan eta ukondoetan ebakiak zituela topatu dute. Epailea espetxera joan da, eta diligentziak abiatu ditu.
Etxerat-ek doluminak azaldu dizkio Urmenetaren familiari eta lagunei, eta "sakabanaketa zein euskal presoen aurka mantentzen diren gainontzeko salbuespen neurri krudelak" bertan behera uzteko exijitu du.
Izan ere, Euskal Herritik 1.000 kilometro ingurura dagoen Puerto III (Andaluzia, Espainia) espetxean zegoen preso Rey Urmeneta, lehen graduan. Espetxe hartako bizi baldintzak bereziki gogorrak direla salatu izan du Etxerat-ek.
2008an atxilotu zuten Rey Urmeneta, Aurken Sola, Araitz Amatria eta Sergio Boadarekin batera. Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz egin zuen operazioa Espainiako Poliziak, eta Boadak ez beste guztiek salatu zuten atxiloketa aldian torturatu egin zituztela. Hala ere, espetxera sartu zituzten laurak, eta 2011n epaitu ostean, errugabetu egin zituzten Boada eta Amatria. Solari eta Rey Urmenetari 26 urteko zigorra jarri zieten.
🔴 ADI!
— #HERRItmoaBIZItu (@sortuEH) 2018(e)ko martxoak 6
Espainiar Erreinuaren espetxe politika kriminalak Xabier Rey 'Antxo' euskal preso politiloa hil du!
ASKI DA!
Presoak #KALERA! pic.twitter.com/HrUXkvqJie
EPPKren arabera, hamazazpi preso hil dira espetxean. Horietatik zortzi, gaixotasunen edo osasun arazoen ondorioz. Beste bederatzi, ziegan urkatuta. Horiez gain, beste 11 hil dira gaixotasunen ondorioz, zigorra beteta aske geratu ondoren edo baldintzapeko askatasunean.
Hauek dira azkeneko 33 urteetan espetxean hildako euskal presoak:
ESPETXEAN, GAIXO EDO OSASUN ARAZOEKIN
Joseba Asensio. 1986 Herrera de la Mancha (Espainia).
Juan Carlos Alberdi. 1988. Herrera de la Mancha (Espainia).
Pello Mariñelarena. 1993. Paris.
Roberto Sainz. 2006. Aranjuez (Espainia).
Xabier Lopez Peña. 2013. Paris.
Arkaitz Bellon. 2014. Puerto I (Espainia).
Kepa del Hoyo. 2017. Aranjuez (Espainia).
BEREN BURUAZ BESTE
Jose Ramon Goikoetxea. 1985. Alcala Meco (Madril).
Mikel Lopetegi. 1988. Herrera de la Mancha (Espainia).
Jean Groix. 1991. Fresnes (Frantzia)
Jose Maria Aranzamendi. 1997. Alcala Meco (Madril).
Juan Carlos Hernando. 1997. Albacete (Espainia).
Ramon Gil. 2002. Baldintzapean aske zegoen, gaixorik.
Oihane Errazkin. 2004. Fleury-Merogis (Frantzia).
Jose Angel Altzuguren. 2005. Soria (Espania).
Igor Angulo. 2006. Cuenca (Espainia).
BALDINTZAPEAN ASKE, GAIXORIK
Josu Retolaza. 1987.
Jabi Gorostiza. 1995.
Juan Jose Etxabe. 1996
Jean Louis Maitia. 1997.
Santiago Diez. 1997.
Esteban Nieto. 1999.
Kepa Miner. 2004.
Mikel Ibañez. 2011.
Anjel Figueroa. 2013.
Josu Uribetxebarria. 2015.