Alberto Barandiaran
Donostiako Bulebarrean erdaraz egiten da, Parisen ez da euskaraz egiten. Ez bagenekien, orain badakigu». Koldo Izagirrek euskal literaturaren funtzioaz eta euskal idazleen lanbideaz eztabaida piztu du, non eta eztabaidak, orain, pizten diren ez-tokian: sarean. Le train expres Durkheim-Castejon artikuluan, Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan (Erein) eta Xabier Silveiraren A las ocho en el Bule (Txalaparta) liburuen argitalpenak piztutako «harridurak» bildu ditu Izagirrek, eta www.bazka.info gune digitalean idatzi. «Ez ote da gertatzen ari, zenbait libelogilek uste zutenaz oso bestera, errazagoa dela publikatzea gaztelaniaz, euskaraz baino? Ez ote da gertatzen ari euskaraz publikatzeak lanketa eskatzen diola idazleari?», idatzi du.
Galderok oihartzuna izan dute euskal literaturaz diharduten blogari batzuengan, eta idazle ezagunen erantzun eta kontrargudio sorta ekarri dute. Honako honetan, Izagirreren kezkarekin bat; harako hartan, Silveiraren eta Landaren hautuaren alde. Ia denetan, euskal literaturaren gaur egungo egoeraren gaineko kezka igartzen da. Bi euskal sortzailek zer dela-eta ikusi duten euren burua erdaraz idaztera behartuta. Hori inorentzat probetxugarria den edo atzerapausoa den.
«ARAZOA EZ DA HIZKUNTZA». Bi egileen argudioei erreparatu die Izagirrek. Mariasun Landak arrazoitu du sentitzen zuela Parisen gertatutako istorioa gaztelaniaz idatzi behar zuela. «Beharbada, gizarte erdaldun honen ispilua baino ez da izango, ia bizitza guztia gaztelaniaz egiten dugulako, nahiz eta euskarazko hitzak jarri». Silveirak zera esan du: «Nahiz eta euskaltzale sentitu eta euskara ikasi nahi izan, mundu hura erdaraz bizi izan nuen, eta mundu hura birsortzeko, erdara behar nuen».
Aitorpen horien harriduraren haritik, susmoa azaleratzen da Izagirren idazkian, rolak aldatzen ari ote diren. Baina arazoa ez dela hizkuntza nabarmendu nahi izan du. «Idaztea ez baita jardun naturala. Idazletza lanbidea da. Ofizio bat, ofiziale izateraino ikastekoa. Hizkera bat lortu arteko ikasketa, eta obra berri bakoitzak eskatzen duen izerdia (...). Tamalez edo beharrik, literaturaren mugak ez ditu hizkuntzak ezartzen... Tamalez edo beharrik, literatura beti zer edo zeren salaketa den arren, salaketa ez da aski literatura egiteko». Jokin Muñozen eta Ramon Saizarbitoriaren adibideak paratu ditu Izagirrek. Donostiako Bulebarreko euskara oraingoa baino murritzagoko hartan «jatortasun berri bat» moldatu zuela Saizarbitoriak. Hizkera, Muñozen liburuetan, «munduko errealismo guztien gainetik errealitate kolektiboa bihurtzen den eraikuntza pertsonala» bihurtu dela.
Silveirak berak erantzun zion Izagirreri, Gara-ko bere zutabean. Sutan zela. «Ez dira, bada, zilarrezko lumak guda dantzan jarri ez dakit nork ez dakit zer espainolez idatzi duelako? Eta espainolek egiten dituzten keriek ez al dute zuen matxinadarik merezi? Euskararen herria da Euskal Herria, ez euskararen kontura bizi direnen herria. Beste egoera bat biziko luke euskarak Euskal Herria ez bagenu lau sosen truk salduko egunero-egunero». Eta gero zera galdetzen zuen: «Zer dela-eta da bekatu espainolez idaztea, eta ez espainolentzat euskaraz lan egitea? Zer dela-eta da delitu espainolez hitz egitea esandakoa espainolez esan denaren aitzakian espainiarrekin bat egitea ez denean delitu?».
Juan Luis Zabalak Izagirreren arrangura bera agertzen du BERRIAko bere blogean. Eta bi idazleen jarreraren atzetik, berak ere euskal literaturak «aspaldi gainditua duen ataka batean atzerapausoa» sumatu du. Afera ez dela zer hizkuntza aukeratu duten, ezpada euskara zergatik baztertu duten. «Euskal literaturak azken 40 urteetan ireki duen atea zabal eder bat itxita balego bezala jokatu dute Landak eta Silveirak. Horrek sentiarazi dion mina transmititu dit niri Izagirreren artikuluak, min hori gutiz neureganatzeraino, min hori euskal literatura garaikideari atxikimendu pixka bat dion edonori sentiarazteko gisan».
Hasier Etxeberriak ere kezka izango zuen eskuan dardar, bere blogean hau idatzi zuenean: «Kataklismoa gainean da. Baina ez da bat-batekoa, urrutitik zetorren eta aspalditik dago geure baitetan hazten jarrita».
EUSKAL LITERATURAREN MAILA. Jokin Muñoz bera tartekatu da eztabaidan. Euskaraz zergatik idatzi eta gogoak ematen diolako eta gaztelaniaz baino hobeto idazten duelako. Eta gauza batek bereziki harritzen duela: «Batere dudarik gabe, euskarazko euskal literatura -Aingeru Epaltza, Andu Lertxundi, Felipe Juaristi, Juanjo Olasagarre, Iban Zaldua...- maila askoz ere altuagoa erakusten ari dela gaztelaniazko euskal literatura baino -alegia: Xabier Silveira, Jose Maria Esparza, Floren Aoiz, Iñaki De Juana...-».
Lander Garrok segida eman dio sesioari, bazka.info gunean bertan, Silveiraren argudioekin bat egiteko. Nahiago duela «españolez españolen kontra aritzen dena, euskaraz euskaldunon kontra aritzen dena baino (edo, bestela esanda, euskaraz, españolen alde)». Egiten dugun hizkuntza gorabehera, tesi bat defendatzen dugula beti, «eta alferrik da euskaraz egitea, tesia euskararen kontrakoa bada».
Edorta Jimenezek txalotu egin ditu Landaren eta Silveiraren ahaleginak. Eta Muñozek aipatutako «gaztelaniazko euskal literatura» esapide horren atzean dagoen «sakoneko gaia» nabarmendu du. Hainbat hedabidetan euskal literatura ez dela existitu ere egiten, boikota dagoela... «Oro har, hedabide horien emanaldietan kolonizatuen Ghettoko literatura da euskal literatura», esan du. «Kolonizatuok Ghettoan gustura edo, ez dugu horien gainean ezer esaten. Silveiraren liburuak ez du ghettoaren inguruko isiltasunezko harresia gainditu, erdaraz idatzia izanagatik. Ghettotik kanpo auzitegietan eta kondena idazkietan baino aipatu ezin den gaia jorratzen du eta. Irakaspen ederra».
Bitartean, Silveirak iragarri du bigarren eleberriaren gidoia prest daukala. Euskaraz idatziko ote duen? «Noizbait», bai.
Xabier Silveirak eta Mariasun Landak gaztelaniaz idatzi izanak eztabaida piztu du Interneten
Uste zenaz bestera gaztelaniaz publikatzea ez ote den errazagoa galdetu du sarean Koldo Izagirrek. Galdera horrek oihartzun handia izan du blogosferan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu