Xingola beltza, baina herri bizia

Albako Dukearen armada 1512ko uztailaren 25ean sartu zen Iruñera, Aduana Txokotik. Bertan, gaztelarren kontra eta Nafarroako Erresumaren alde borrokan erail zituzten nafarrak omendu ditu 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak, kalte-ordain ekitaldi baten bidez.

Nafarroa Bizirik-ek Nafarroako Gobernuraino egindako martxa. IÑIGO URIZ / ARP.
K Saioa Alkaiza(h)
Iruñea
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrenean Gaztelako armadaren aurka eta Nafarroako Erresumaren alde borrokatzen erail zituzten nafarrak omendu ditu 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldeak, Aduana Txokoan. Bertatik sartu ziren 1512ko uztailaren 25ean Albako Dukearen tropak Iruñea hartzeko.

Nafarroako bandera handi bat zabaldu dute Nafarroa Bizirik-eko kideek, Aduana Txokoko belardian, xingola beltzarekin. Ondoren, hiru gaita jotzailek Erresumako Gortearen Sartzerako Martxa kanta jo dute, Nafarroako Gorteak batzartzen zirenean jotzen zen doinu bera. Eta, hala, hasi egin da omenaldia. Patxi Abasolo historialaria izan da kalte-ordain ekitaldia bideratzeko arduraduna. Nafarroako Erresuma hartu zuten «soldadu inbaditzaileak» salatu ditu, eta asmo kolonialista zutela adierazi du. Dena den, nafarrek «erresistentzia ahaleginak» egin zituztela goraipatu du. Haren hitzetan, egun ere, oroimen historikoa berreskuratu beharra dago, eta, horregatik, «inbaditzaileen aurrean» makurtu ez zirenak eta sorginkeria prozesuak jasan behar izan zituztenak omentzeko deia egin du. Orduan, bertaratutakoek minutu bateko isilunea egin dute, eta, gero, txalo zaparrada baten bidez omendu dituzte gudan eraildakoak.

Ondoren, Nafarroako Gobernuaren egoitzarantz abiatu dira, Nafarroako banderarekin eta gaita jotzaileen laguntzaz. Kalejira «Nafarroa bizirik» oihukatuz pasatu da kaleetatik, turista eta kuxkuxeroen begiradapean.

Egungo egoerari begira

Nafarroako Gobernuaren egoitzaren parean, Abasolok Nafarroako egungo eta iraganeko egoerak alderatu ditu. Hala, Salanuevari, Barcinari eta Catalani kritika egin die, «kanpoko» interesen arabera jokatzeagatik eta nafarren beharrei ez erantzuteagatik. Gauzak horrela, Nafarroak «bizirik» jarraitzen duela aldarrikatu du, eta «Gora Nafarroa bizirik!» esanda bukatu da ekitaldia. Orduan, entzuleetako bat Navarra tiene cadenas abesten hasi da, eta omenaldira joandako gainontzekoek ere ekin diote abesteari. Beraz, entzuleek eman diote amaiera omenaldiari, askatu beharreko kateei buruzko abesti espontaneoarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.