Garraioak. Kostu apaleko aire konpainiak

Xuhurrak gara laino artean?

Aire konpainien sektorea irauli, eta turismo molde berriak sortu dituzte kostu apaleko konpainiek, salneurria zeharo merkatuta. Eredu horrek, ordea, kezka ugari sortu ditu; azkena, segurtasun neurrien gainekoa.

Xuhurrak gara laino artean?.
jon olano
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Irailaren 7a: larrialdiko lurreratzea izan zuen Ryanair kostu apaleko aire konpainiak Kanaria Handian, erregai faltagatik. Irailaren 5a: 28 ume utzi zituen enpresa berak aireratu gabe, nortasun agiririk ez zutelako. Egun bera: Easyjeteko hegazkin batek, airean zela, haizetakoa apurtu eta Milanera itzuli behar izan zuen. Abuztuaren 29a: Vuelingeko hegazkin batek, lurreratzen ari zela, lurra jo zuen atzeko aldearekin.

Kostu apaleko aire konpainiek azken asteetan izandako gorabeherek auzitan jarri dituzte enpresa horien segurtasun neurriak, eta eztabaida piztu negozio eredu horren inguruan.

Hegaldien inguruko gertaerak, baina, ez dira soilik low cost izenez ezagutzen diren airelineen kontua. Abuztuaren 25ean, Air Canadako hegazkin batek, airean zegoela, Torontora itzuli behar izan zuen, likido hidraulikoa galtzen ari zelako. Enpresa bereko beste hegazkin batek, hiru aste lehenago, presioa galdu zuen hegan ari zela. Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroakkostu apaleko konpainiak jarri zituen jomugan irailaren 10ean; bide horretatik, aireko segurtasuna «hobetzeko» segurtasunari buruzko araudia aldatzeko asmoa aurkeztu zuen herenegun; segurtasun neurriak betetzen ez dituztenen aurkako zigorrak gogortzeko asmoa du ministerioak. Prezioak urritzea lortzeko, segurtasun neurriak ezin direla gutxitu erantsi zuen.

Europako Batzordeko Garraio bozeramaile Helen Kearnsek, ordea, berehala ihardetsi zion Pastorri: estatuek ezin diete hegan egiteko lizentzia kendu euren jatorrikoak ez diren enpresei. Adibide baterako: soilik Irlandak ken diezaioke hegan egiteko baimena Ryanairri, hangoa baita airelinea hori. Gainontzeko estatuek isunak jar ditzakete gehienera ere.

Hainbat datu alde dituzte hegaldiak prezio merkeagoan eskaintzen dituztenek. Hiru adibide: 8,9 milioi bidaiari garraiatu zituen Ryanairrek abuztuan —inoiz baino gehiago—; aurtengo aurreneko seihilekoan 1.800 milioi euro inguru irabazi zituen Easyjetek —iaz tarte berean baino %15 gehiago—; eta, Euskal Herrira erreparatzen hasita, Vuelingen eraginagatik %12 hazi dira Hondarribiko aireportuko bidaiariak joan den abuztuan.

Hegazkinez bidaiatzeko negozioa irauli dute enpresok, baina baita kezka sortu ere herritarren eta sektore anitzetako eragileen artean. Zeren kontura murrizten dute salneurria?

Txanponaren bi aldeak

Txartelak merke eskaintzen dituzten konpainiek turismoan duten eragina «beti» da onuragarria, Isabel Muela Eusko Jaurlaritzako Turismo zuzendariaren arabera: «Erkidegoa zenbat eta noranzko gehiagorekin lotu, orduan eta aukera gehiago izango ditugu turistak gurera etortzeko». Nolanahi ere, erlatibizatu egin du egun duten eragina, datu bat emanez: Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara joaten diren %84 turista autoz joaten dira. Turismoan joerak daudela azaldu du Muelak: «Orain, joera da esperientziak bizitzea. Bidaiariak esperientzia ezberdinak bizitzera etortzen dira, izan klimari, naturari, gastronomiari, kultur eskaintzari edo esku pilota, arraunketa eta era horretako kirolei lotutakoak. Beste inon ez duzu aurkerarik Gorbeiara igo eta artzain batekin gazta egiteko».

Bi eredu kontrajartzen ditu Muelak: «Hegaldi merkeak edukitzea bikaina da jendea lehen aldiz etortzeko, baina guretzat interesgarriagoa da hegaldi egonkorrak egotea, eta konpainia bat zenbat eta egonkorragoa izan, hobeto». Modako edo joeraren araberako norako bat izatetik ihes egin nahi du turismo zuzendariak. Gainera, ez du uste hegaldi merkeek aparteko turista olderik ekartzen dutenik: «Euskadi bisitatzea ez da merkea, pintxoak jatera joatea ez da merkea, eta egin behar duguna da gaitasun ekonomiko hori duten turisten bila joan. Oporrak hemen igarotzeko dirua duenak eskertuko du hegaldia apur bat merkeagoa izatea, baina ez da ezinbesteko faktore bat izango».

Datuak eskuan, ordea, ezin esan enpresa horiek eraginik ez dutenik. Loiuko (Bizkaia), Miarritzeko (Lapurdi) eta Hondarribiko (Gipuzkoa) aireportuak 29 hirirekin lotzen dituzte, eta 29 hiri horietatik bidaiariak etortzea ahalbidetzen dute. Bost urtean, ia bikoiztu egin da konpainia horien bitartez Euskal Herrira etorritakoen kopurua, eta negozioaren zati bat jan diete airelinea tradizionalei. Hori adierazten dute Hego Euskal Herriko datuek: 2007an, hegazkinez etorritako bidaiari guztien %13 iritsi ziren kostu apaleko konpainien bidez. 2011n, berriz, airez etorritako hiru pertsonatik bat ailegatu zen prezio merkea pagatuta.

Hain justu, bertako turismoan duen eragina nabarmendu du Miarritzeko Turismo Bulegoak. 2011ko udan, azterketa bat egin zuten aire konpainia merkeen fenomenoaren gainean, eta, emaitzak eskuan, airelinea merkeak «oso inportantak» direla uste du Maylis Garrouteigt Miarritzeko Turismo Bulegoko prentsa arduradunak: «Bidaiari bakoitzak 600 euro inguru gastatzen ditu hemen, batez beste». Gainera, Miarritze bidaiari gazteagoen eskura jarri dute konpainia merkeek, Garrouteigten esanetan: «20 eta 39 urte artean dituzte konpainia horietan etortzen direnen %47k».

Muelaren arabera, bidaiari mota askotarikoak ekartzen dituzte kostu apaleko konpainiek. «Ryanairreko hegaldi batean topa ditzakezu ahalmen ekonomiko handiko zuzendari bat eta ikasle bat. Ez dut uste ordu bat edo biko hegaldi batean jendeak luxu asko behar duenik». Txanponaren bi aldeak ikusten dizkie konpainia merkeei: «Balio izan zuten, esaterako, Araba turistak jasotzen hasteko. Milaka bidaiari zihoazen Arabara Ryanairrek hara egan egiten zuenean, baina hegaldiak eten zituenean, milaka horiek jasotzeari utzi genion».

Enpresa horien prezioen sekretuetako bat da gobernuen partetik laguntzak jasotzea, bisitari asko jasotzen ez dituzten lekuetan turismoa bultzatzeagatik. Horren aurka ageri da Muela: «Guk oso argi izan dugu haiekin akordiorik ez dugula lotuko eta ez ditugula diruz lagunduko». Zerbitzuetan eta langileetan ere aurreztu ohi dute. Ondoriorik ba al du horrek zerbitzu osoaren kalitatean? Muelak argi du bere iritzia: «Autobus txartel bat baino merkeagoa den hegaldi bat... nik nahiago kalitatea eta bidezko salneurri bat ordaindu, segurtasun bermeak eduki eta lanpostu iraunkorrak mantendu».

Kexetan, alde txikia

Oro har, bidaiarien kexei dagokienez ez dago alde handirik airelinea tradizionalen eta berrien artean, ziurgabetasun gehiago nabari den arren prezio merkeagoak eskaintzen dituzten konpainien gainean. Hala diote Kontsumobidek eta Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasunak. Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Institutu Kontsumobidek jasotako datuen arabera, prezio merkeko konpainiek ez dituzte erreklamazio gehiago jasotzen konpainia tradizionalekin alderatuz gero. Kexen tipologian ere ez du ezberdintasunik antzeman Kontsumobidek: hegaldien kantzelazio eta atzerapenari eta ekipajearen gaineko arazoei lotutakoak izan ohi dira gehienak, eredu bateko zein besteko enpresen kasuan.

Lola Alzaga Euskal Herriko Kontsumitzaileen Batasuneko teknikariak antzeko iritzia du: «Duela urte batzuk ez zegoen diferentziarik konpainia tradizionalek eta kostu apalekoek jasotako kexa kopuruaren eta motaren artean». Orain, ordea, bai. Baina eman du horren azalpena: «Urteak daramatzagu Iberiarekin, adibidez, erabiltzaileen eskubideak errespetatzeko borrokan. Epaiketa ugari irabazi dizkiegunez, ebazpenak betetzen ditu orain Iberiak, baina ez enpresa berriagoek».

Hein batean, beharginen lan baldintzen kontura aurrezten dituzte kostuak konpainia horiek, eta gehienetan debekatua dute sindikaturen batekoa izatea. «Enpresa batek langileak kaleratu ditu, sindikatu batean izena emateagatik», ziurtatu dio BERRIAri Amaia Rodriguez Panguak. Aire sektoreko UGTko berdintasun idazkaria da Rodriguez Pangua, eta Iberian lan egiten du. Ez da kostu apaleko konpainia bateko behargina, baina ezagutzen ditu enpresa horietan lanean ari diren hainbat pertsonaren lan baldintzak, eta hari ere eragiten dio enpresa horien ereduak. «Konpainia tradizionalak kostu apalekoekin lehiatzera behartuta daude, gastuen alorrean baldintza oso ezberdinetan, gainera». Prezio merkeko enpresen politikak, beraz, sektore osoko lan baldintzei eragiten die: «Airelinea tradizionalek lan hitzarmen duinak egin izan dituzte, baina langileen baldintzak jaisten saiatzen ari dira hitzarmen berria negoziatzerakoan».

Bitan ezberdintzen dira aire konpainia guztietako langileak: lurrean eta airean beharrean aritzen direnak. Lurreko beharginen kasuan, lan hitzarmena betetzen dute guztiek, baina zailagoa da ituna betearaztea aireko langileen kasuan. Rodriguez Panguak honela azaldu du: «Jatorriko lan hitzarmenaren arabera kontratatzen dituzte langileak atzerriko konpainiek. Hortaz, hemen ez dute mediku asegururik, ez langabezia saririk».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.