Euskarazko Kazetaritzaren I.KOngresua

XXI. mendeko kazetaritza aztergai Euskaldunan

XXI. mendeko kazetaritza dute gaur aztergai Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuan, Bilbon, Euskalduna Jauregian. Hainbat komunikabide eredu, euskarri eta esparrutatik heldu diote gaiari goizeko ekitaldian: telebistak, irratiak zein prentsak izan dute tokia, eta arlo bakoitzeko esperientzia diferenteetatik egin dute azterketa. Arratsaldean, Olatz Elosegi 'Zabalik' astekariko erredakzio arduraduna eta Martxelo Otamendi 'Berria'-ko zuzendaria dira hizlari.

2004ko azaroaren 10a
18:21
Entzun
Goizean, Bingen Zupiria ETBko zuzendaria izan da lehen parte-hartzailea, eta 'XXI. mendeko EITB: jomuga berriak' ponentzia aurkeztu du. Ondoren, EKTren Administrazio Kontseiluko idazkari Joan Mari Larrartek hartu du hitza, eta 'EKT: etorkizuneko komunikazio taldearen oinarri sendoa' izan du mintzagai.

Lekuan lekuko prentsaren txanda izan da hurrengoa Jasone Mendizabal Topaguneko zuzendariaren eskutik: 'Tokian tokiko prentsa eta informazioaren gizartea'gaia aletu du. Informazio lokalaren bide horretatik, irratien txanda izan da hurrengoa, eta euskarazko tokian tokiko irratien errealitate eta erronkak aztertu dituzte Ipar Euskal Herriko Euskal Irratietako Naroa Gorostiagak eta Iruñeko Euskalerria Irratiko Mikel Bujandak.

Lekuan lekuko eremua gainditu eta nazio mailako aldizkarigintzari heldu dio Xabier Letona 'Argia'-ko zuzendariak; 'Argia, lehen astekari nazionala, geroa lantzen' ponentzia aurkeztu du.

Euskarazko kazetaritzaren diagnosia egiteko, etorkizuneko erronkak zehazteko eta elkarlanerako sinergiak bilatzeko helburua du Euskarazko Kazetaritzaren I. Kongresuak. Atzo abiatu zen, Bilboko Euskalduna jauregian, eta lan egitarau mardula du ostirala bitartean. Atzo, euskarazko kazetaritza esparrua definitzen eta sektore horren orain arteko ibilbidea gainbegiratzen aritu ziren Kongresuan parte hartzen ari diren 200 lagunak. Lan hori goizean hartu zuten: arratsaldean kanpoko komunikazio esparruen ereduak nolakoak diren jakiteko aukera izan zuten. Besteak beste, euskarazko kazetaritza sektorearen errealitatea argitu nahi duen txostena aurkeztu zuen Santi Urrutia Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak. Hala, egun euskaraz jarduten duten 162 hedabide eta 700 kazetari inguru daudela azaldu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.