Yanela Zarumaren mutil-lagun ohiak gaur deklaratuko du epaile aurrean

Emakumearen hilketan zerikusia izatea egozten dio Poliziak atxilotuari; urte bukaeran banandu ziren andrea eta gizona

Dozenaka pertsona elkartu ziren atzo iluntzean Bilbon, Arriaga plazan, hilketaren aurkako protestan. M. DEL VALLE / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2011ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Epailearen aurretik gaur dute pasatzekoa Yanela Zaruma gaztearen bikotekide ohia, haren hilketarekin zerikusia duelakoan. Nafarroako Foruzaingoak atxilotuta dauka herenegundik, nahiz eta ez duen horren berri eman, kasua sekretupean dagoelako. Iruñeko auzitegiko iturriek BERRIAri baieztatu diote gizonak gaur deklaratuko duela epailearen aurrean, okerrik ezean. Urte bukaeraz geroztik bananduta zeuden biak, eta gurasoenean bizi zen emakumea, 3 urteko alabarekin batera.

Euskal Herrian aurten emakumeen aurkako indarkeriagatik hildako lehen andrea da Zaruma, orain arteko zantzuak berrestekotan. Berdintasunerako Nafarroako Institutuak herenegun bertan lotu zuen hilketa genero indarkeriarekin. Bortxa arrasto nabariekin aurkitu zuten gorpua astelehen goizean Beriainen (Nafarroa), aintzira batean. Hedabide zenbaitek berri eman dute igandean eztabaida izan zutela Zarumak eta bikotekide ohiak eta ordutik ez zela andrearen berririk.

Mutil-lagun ohia hilketarekin lotzen duten zantzuak topatu nahian ari dira orain foruzainak. Berri agentzien arabera, poliziek uste dute gizonarengandik defendatzen saiatu zela andrea, eta, horrenbestez, DNA arrastoak-eta egongo direla hilotzean eta ustezko erasotzailearen gorputzean. Gizonaren autoa ere arakatu dute, emakumearen arrastoen bila. Litekeena da gorpua ibilgailuan eraman izana aintzirara; Beriaingo alkateak adierazi du egunez ez daitekeela inguratu hara, zainduta egoten delako, baina balitekeela gauez joan izana.

Salaketak eta dolu eguna

Bikotekide ohia atxilotu izanaz harridura agertu dute Zarumaren hurbilekoek. Haien arabera, «harreman ona» zuten biek. Hildako gaztearen aitak, Kleber Zarumak, zigorra eskatu du hiltzailearentzat, dena izanik ere: «Gizartearen, agintarien eta justiziaren babesa behar dugu. Uste dut bidezkoa eskatzen dudala: entzun gaitzatela agintariek, eta egin dezatela ahalegin gehiago emakumeak hiltzen dituztenean».

Urteak daramatzate Nafarroan, baina jatorriz Ekuadorkoak dira zarumatarrak. Gaztearen hilotza hara itzultzeko paperak hasi dituzte dagoeneko. Beriaingo eta Burlatako udalek eta Berdintasunerako Nafarroako Institutuak laguntza eskaini diote sendiari.

Burlatan bizi baitzen 22 urteko andrea gurasoekin eta 3 urteko alabarekin, herrian dolu egunazuten atzo. Herenegun, udalbatza bilduta, hilketa salatzeko adierazpena egin zuten, eta elkarretaratzea herrian. Beriaingo Udalak atzo kaleratu zuen agiria: hilketa gaitzetsi du, eta zorrotz lan egiteko eskatu die poliziei eta epaileei. «Hilketak auzitan jarri gaitu pertsona eta gizarte gisa. Ezin du zigorrik gabe geratu», dio udalak.

Emakumeen eskubideen aldeko elkarteek deituta, Euskal Herriko beste hainbat herritan ere egin zuten protesta Zarumaren hilketagatik. Euskal Herriko Bilgune Feministak adierazi du gizarte ereduak eragin bistakoa duela horrelako hilketetan: «Egiturazko indarkeria da emakumeen aurkakoa, gizarteak antolatzeko duen eredutik hasi eta esparru guztietan zabaltzen dena». Hori iraultzera egin du dei.

Zaruma ustez desagertu zen egun berean, igandean, beste gizon bat atxilotu zuen Foruzaingoak, Lizarran. Emakume bat herriko osasun etxean artatu behar izan zuten, bikotekideak ustez eragindako zauriengatik. Andrearen esanetan, eztabaida izan zuten gizonak eta biek, eta eraso egin zion bikotekideak. Hark ere baditu zauriak, Foruzaingoaren arabera. Atxilotuta eraman zuten, genero indarkeria egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.