Emakumeen aurkako indarkeria

Yasmin Rodriguezen ustezko hiltzailea espetxean sartu dute, baldintzarik gabe

Martutene kartzelara bidali du gaur Irungo auzitegiko epaileak. Larunbatean izan zen hilketa. Emakumezkoa laguntzera joan zen gizonezkoak nabarmen egin du hobera eta utzi du Zainketa Intentsiboetako Unitatea. Gaur goizean elkarretaratzea egin dute hildakoaren alabaren institutuan.

2009ko maiatzaren 11
19:52
Entzun
Yasmin Zamira Rodriguez larunbatean Irunen (Gipuzkoa) hil zuen ustezko egilea Martutene Donostiako kartzelan sartu dute gaur eguerdian. Baldintzarik jarri gabe bidali du espetxera Irungo auzitegiko epaileak.

Rodriguezen bikotekide ohia da gizonezkoa (37 urte), eta larunbatean bertan atzeman zuten, erasoaren lekutik gertu. 4:30ak aldera izan zen hilketa, Bidasoa erietxearen ondoan. Ustez gizonezko horrek sartu zion lepoan labankada emakumezkoari. Rodriguez laguntzera joan zen gizonezko bati ere bi labankadak berak sartu zizkiola dio epaileak.

Juan Pablo Urtizberea (49 urte; Irun) da labanaz zauritu zutena, eta nabarmen egin du hobera, medikuek esan dutenez. Hain zuzen, gaur utzi du Zainketa Intentsiboetako Unitatea (ZIU). Sabelaldean jaso zuen erasoa eta ebakuntza egin behar izan zioten.

Urtizberearen emazte Conchi Mirandak adierazi du oraindik ez dakitela salaketa sartuko duten. Baiezkotan dago, "hartara hilketaren egileak ahal den zigorrik handiena jasotzeko".



Udalak hilketa salatu egin zuen larunbateko ezohiko batzarrean, eta atzo elkarretaratze isila egin zuten San Juan plazan. Gaur, berriz, 10:30etik aurrera, hildakoaren alabaren institutuan egin dute elkarretaratzea: Pio Barajan. Bost minutukoa izan da, azterketa garaian baitaude. Rodriguezen aldeko hileta elizkizuna 19:30ean hasi dute.

Aurten Euskal Herrian hil duten hirugarren emakumezkoa izan da Rodriguez. Gernika-Lumon (Bizkaia) eta Cordovillan (Nafarroa) hil zituzten aurrekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.