indarkeria matxista

Yasmin Zamira Rodriguez

Irun, 2009ko maiatzaren 9a.

2009ko maiatzaren 9a
05:00
Entzun

Bazen urtebete inguru Yasmin Zamira Rodriguez eta Enrique San Celemente senar-emazteak bereizi zirela. Baina gizonak ez zuen andrea bakean uzten. Jarraitu egiten zuen, kontrolatu egiten zuen, lagunei deitzen zien, emakumea zertan zebilen, norekin zebilen jakiteko.

2009ko maiatzaren 8ko gauean afari bat zuen Rodriguezek lankideekin. Irungo (Gipuzkoa) Ibis hotelean garbitzaile gisa aritzen zen, eta han zuten festa. Iritsi zirenean, zain zegoen San Clemente. Rodriguezen lagun bati esan zion: «Hil egingo dut». Ez zioten kasurik eman.

Rodriguez eta haren lagun bat maiatzaren 9ko goizeko lauak eta erdi aldera abiatu ziren etxera, jaia bukatutakoan. Hotelaren kanpoan zegoen San Clemente, bere autoarekin, esperoan. Autoan, Irun aldera abiatu ziren bi emakumeak, eta gizona haien atzetik, bere autoan.

Letxunborro etorbidean, bere autoa emakumeenaren kontra bota zuen gizonak pare bat aldiz, istripua eragiteko edo gelditzera behartzeko. Bidearen erdian gelditu ziren bi autoak. Rodriguez atera egin zen. San Clementek labana bat zeraman berarekin. Hura ere atera zen autotik. Eta labana sartu zion emakumeari.

Beste gizon bat motorrean heldu zen etxera, eta, istripu bat gertatu zelakoan, gelditu egin zen. Juan Pablo Urtizberea izena zuen gizonak. Konturatu zenean zer gertatu zen, San Clemente geldiarazten saiatu zen, baina hark pare bat labankada eman zizkion gizon horri ere, eta hanka egin zuen. 

Artean, beste herritar bat gelditu zen inguruan, hura ere istripu bat gertatu zela sinetsita. Udaltzainei abisu eman zioten hark eta Rodriguezen lankideak. Larrialdi zerbitzuak berehala iritsi ziren, Bidasoko ospitalea ez baita urrun, baina Yasmin Zamira Rodriguez lekuko baten besoetan hil zen. 37 urte zituen hil zutenean. San Clementek bete zuen bere mehatxua.

Urtizberea, berriz, airean eraman zuten ospitalera. Zauri sakonak zituen, baina segituan egin zioten ebakuntza, eta osatu zen denborarekin. 

Erasotzailea han inguruan atxilotu zuten. Rodriguezek bezala, 37 urte zituen gizonak ere, eta biak kolonbiarrak ziren sortzez.

Handik ia hiru urtera epaitu zuten gizona. 2012ko otsailean sententzia eman zuen epaileak: 35 urteko kartzela zigorra, Rodriguez hiltzeagatik eta Urtizberea hiltzen saiatzeagatik. Hiltzailea, harremanean, «pertsona kontrolatzailea eta dominatzailea» zela adierazi zuen epaileak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.