Zabaletaren ustez, «ezker abertzale zabala» lehen indarra izango da bozetan

Gaur Gasteizen egingo den biltzarrean parte hartzera dei egin die alderdiaren ildoarekin ados ez daudenei

Lopez de Muniain, Zabaleta eta Ubera, joan den astean. GARI GARAIALDE / ARP.
joxerra senar
2012ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Aralar barruko ezadostasunei «neurriz kanpoko oihartzuna» eman izana kritikatu zuen atzo Patxi Zabaletak. Aralarreko koordinatzaile nagusiaren arabera, hedabide batzuk eztabaida hori desitxuratzen ari dira, eta, haren ustez, horrek erakusten du Aralar ahuldu nahi dutela beste indar politiko batzuek. Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan ez du zehaztu nahi izan zer alderdi diren, baina gaineratu du beldurra diotela etorkizuneko «ezker abertzale zibil eta zabalari». Beldur hori «logikoa» dela iritzi dio, Amaiurren pareko eskaintza politiko batek hurrengo hauteskundeak irabaziko dituela aurreikusten duelako. «Euskal Autonomia Erkidegoan gobernua erabat aldatzeko aukera izango du», arrazoitu du.

Ezker abertzale zibil hori eraikitzeko bidean, gaur biltzar garrantzitsua egingo du Aralarrek Gasteizko Villasuso jauregian, 10:00etatik aurrera. Biltzar horretan, Aralarrek proposamen bat eztabaidatuko du hurrengo Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako ezkerreko koalizio abertzale bat osatzeari buruz. Nahiz eta Patxi Lopez EAEko lehendakariak legealdia amaituko duela behin eta berriz esan, Zabaletak uste du hauteskundeak aurreratu egingo direla, eta, hori kontuan harturik, beharrezkotzat jo du Aralarrek militanteen babesa eskatzea elkarlan bide hori jorratzeko.

Eztabaida sustatu beharra

Horregatik, Zabaletak dei egin die militante guztiei, baita bide horrekin ados ez daudenei ere, eztabaidan parte hartzera. «Eztabaida irekia da, eta hartzen den erabakia bete egingo dugu». Ukatu egin du Zabaletak biltzarrera joaten ez direnek zigorra jasoko dutela. «Besterik gabe, ez dute eztabaidan parte hartuko, eta pena litzateke zalantzak dituztenak eta ados ez daudenak ez etortzea, eztabaida beti delako ona. Alderdietan, gizartean bezala, sustatu egin behar da».

Dena den, Zabaletak argi utzi nahi izan du alderdi barruan maila ideologikoan adostasun handia dagoela. «Bakearen eta normalizazio politikoaren alde ez ezik, krisi garaian ezkerreko politikak bultzatzearen aldekoak gara, baita ezker abertzale zibil eta zabal baten aldekoak ere. Hori da gure helburu nagusia, eta horretan ados gaude erabat». Dena den, helburuak lortzeko «abiadurari eta taktikari» buruz hainbat ikuspuntu daudela iritzi dio.

Patxi Zabaletak azpimarratu du orain arte borroka armatuak baldintzatu egin duela ezker abertzale zibil eta zabala eraikitzea. «Orain berriz, ahalegin handiarekin, irakasgai hori gainditzen ari gara». Horren ondorioz, haren ustez, hauteskundeei begirako eskaintza abertzale eta ezkertiarra Hego Euskal Herriko mapa politikoa aldatzera doa, eta horrek «tentsioak» eragiten ditu. Logikotzat jotzeaz gain, Zabaletak uste du herrialdeko lau indar politiko nagusiek esfortzua egin behar dutela elkar ulertzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.