Zabalza sendia: «Estatuak onartu egin behar du gure anaia torturatuta hil zutela»

Mikel Zabalza omentzeko eta tortura salatzeko, manifestazioa egingo dute bihar Donostian

Koldo Aldabe.
Iruñea
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Mikel Zabalza azkenekoz bizirik ikusi zutela, mende laurdena beteko da gaur zortzi. 1985eko azaroaren 26ko goizeko lehen orduetan, Donostiako Altza auzoko bizilekutik indarrez aterarazi zuten guardia zibilek, eta Intxaurrondoko polizia etxera eraman zuten atxilo. Hurrengo hogei egunak Zabalzak ihes egin zuela zioen bertsio ofizial sinesgaitzaren eta Intxaurrondon torturatuta hil eta desagerrarazi zuten uste kolektiboaren arteko egunak izan ziren, harik eta, abenduaren erdialdean, guardia zibilek Zabalzaren hilotza Bidasoa ibaitik atera zuten arte.

Hogeita bost urte joan dira gertaera lazgarri haiek izan zirenetik, baina orduko bertsio ofizialak ofizial izaten dirau, nahiz eta urteotan, hainbat aldiz, orduko uste kolektiboa berresten duten frogak eta lekukotasunak egon eta agertu diren.

Hil honen hasieran, hamabost urtez irekita egon den auzia ixtea erabaki du Donostiako Probintzia Auzitegiak; senideek jarritako helegitea ez du onartu, eta froga berririk azaldu edo aurkeztu ezean, ez dute irekiko Zabalzaren heriotza ikertzeko auzirik.

Mikel Zabalza torturatuta hil zutela batere zalantzarik ez dutenak badira, ordea. Haren heriotza ahanzturan eror ez dadin, erantzukizun judizial eta politikoak exijitzeko eta oraindik ere torturak «sistematikoak» direla salatzeko sortu dute Mikel Zabalza Gogoan herri ekimena, eta egunotarako hainbat ekitaldi prestatu dituzte, mende laurden honen inguruan.

Atzo aurkeztu zituzten ekitaldiok, Iruñean, eta aurkezpenean izan ziren herri ekimeneko kideak, Amnistiaren Aldeko Mugimendukoak eta Zabalzaren senide eta lagunak. Han ziren, besteak beste, Lurdes eta Begoña Zabalza, Altzako auzokide Jose Ramon Zapirain, Orbaizetako alkateorde Ramon Gonzalez eta AAMeko ordezkari Josu Esparza.

Bihar, Donostian, 17:30ean manifestazioa egingo dute, eta bihar zortzi, Orbaizetan, omenaldi ekitaldia egingo dute eguerditik aurrera.

«Justizia politikoa»

Auzia ixtea «kolpe gogorra» izan da familiarentzat, baina ez zaie «harrigarria» egin, Lurdes Zabalzaren arabera. 1995ean, «interes politiko jakin batzuek bultzatuta», auzia berriro ireki zuten, eta ordutik hona auzitegiak ikerketan sakontzeko, froga gehiago eskatzeko edota hainbat agiri desklasifikatzeko batere ahaleginik ez duela egin salatu du Zabalzaren arrebak.

Auzia itxi izana gorabehera, ordea, senideek «justizia politikoa» eskatzen dute: «Justizia politikoa, bai. Justizia ez baita egingo auzitegien epai batekin soilik; Estatuak onartu egin behar du gure anaia torturatuta hil zutela».

«Mikel torturatuta hil zuten», ez du zalantzarik Josu Esparzak. Eta auzia ixteak edo torturengatik kondenatutakoak indultatzeak frogatzen du Estatuan tortura «sistematikoa» izateaz gain «erabat babestuta» dagoela. AAMko ordezkariarentzat, ordea, amaieratik gertu dago tortura. Besteak beste, herritarren presioa, nazioartearena -NBE, Estrasburgoko Auzitegia, estradizioetarako gero eta traba gehiago...- eta ofiziozko abokatuen ukoak aipatu ditu ondorioztatzeko Estatuak gero eta zailago duela «torturak babesten jarraitzea». Horregatik, «inkomunikazioa ezabatu eta tortura amaitu duen ministro bilakatzeko» eskatu dio Esparzak Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabari.

Orbaizetako alkateordeak, bestalde, udalak onartutako mozio baten berri eman du. Mozioak herri hartako seme zenaren auzia itxi izana salatzen du, eta exijitzen du ikertzen jarrai dezaten eta zigor erantzukizunak eta erantzukizun politikoak ezar daitezen, baita «oraindik ere sistematikoak diren torturak» behin betiko amaitzeko ere, horretarako inpunitate guneak ezabaraziz. Mozioa Aezkoako udal guztietara bidali dute, haiek ere idatziarekin bat egin dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.