Iñaki Errazkin. Gipuzkoako Ingurumen diputatua

«Zaborren kudeaketaz adostasunak jostea izango da nire erronka»

«Ardura eta ilusio handiarekin» hartu du Iñaki Errazkinek Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu diputatu kargua. Hondakinen kudeaketan Juan Carlos Alduntzin diputatu ohiak hasitako bidean jarraituko duela berretsi du.

ainara arratibel gascon
Donostia
2012ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Ingurumen diputatu berriak, Iñaki Errazkinek (Azpeitia, 1975), hondakinen bilketan, tratamenduan eta, oro har, kudeaketan udalek duten eskumena defendatu du. BERRIAri eman dio kargua hartu ondorengo lehen elkarrizketa.

Nola doaz lehen egunak karguan?

Ardura eta ilusio handiarekin, nahiz eta kargua hartzean esan nuen moduan, nik ez nuke hemen egon behar. Baina jakitun nahizgobernu baten programa aurrera eramateko gaudela, eta nire ilusioa ere bada hori. Ingurumen eta lurralde antolamenduari dagokionez, programan ondo finkatuta daude gure helburuak. Juan Carlos Alduntzinek oso ondo landu ditu, eta niri dagokit horri guztiari jarraipena ematea.

Juan Carlos Alduntzinen aurka egin zuten moduan, zure aurka egin dezaketen beldur zara?

Beldur ez, baina aukera hori oso posible da. Izan ere, nik ezer esan gabe, oposizioko alderdiak hasi ziren baldintzak jartzen. Baina gobernu honek bere programa aurrera ateratzeko betebeharra du. Egia da, gauzak aurrera ateratzeko elkarlana eta adostasuna lortubehar direla. Baina elkarlan eta adostasun horiek lortzeko, askotariko esparruak daude. Beraz, bada nire asmoa dauden errealitate askotarikoen arteko akordio zabal bat lortzea. Hondakinen kudeaketaz, akordioak jostea da nire erronka. Nire lan nagusietakoa izango da, daukagun garapen estregia honekin gehiengo horien arteko adostasunak jostea. Horretarako malgutasuna eskaintzen du estrategiak.

Aukerak ikusten dituzu adostasun horiek lortzeko?

Aukera egongo da, baldin eta denen artean gai bagara hondakinen kudeaketaren arazoari heltzeko, eta bazterrean uzteko liskar edo arazo politikoa. Izan ere, hondakinen kudeaketaren inguruan sortu den gatazka honen atzean beste arrazoi batzuk daude. Hauteskundeak gertu daude, eta hondakinen inguruan sortu nahi izan da liskar edo arazo bat Bildu higatzeko. Gai bagara liskar hori bazterrean utzi, eta gaiari dagokion prespektibarekin heltzeko, oso posible ikusten dut adostasunak lortzea. Beste gauza bat da adostasun horiek lortzeko bakoitzak bere mugimenduak egitea.

Zuen plan edo estrategia garatzen utziko dizuetela uste duzu?

Guk aurkeztu duguna lehenagotik indarrean zegoen planaren garapen estrategia bat da. Hori garatzeko gakoa udaletan eta Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoan dago. Orain tokatzen dena da adostea zer nahi duten hondakinen kudeaketa integralean ardura dutenek. Datozen urteetan Europak derrigortuko dituen neurriak dira garapen estrategia honetan aurkezten diren proposamenak. Europak eta zentzuak aginduko digu neurri horiek hartzea. Gure plan edo garapen estrategiak aurrekoaren kostu erdia du, eta urrats sendoagoak egiten ditu gutxitzearen, birziklatzearen eta berrerabiltzearen bidean. Udalek argi esan digute haratago joan nahi dutela bide horretan. Errauste planta eraikitzeak hipotekatu egingo lituzke datozen 20 urteetan hondakinen kudeaketaren inguruan egingo liratekeen urrats guztiak. Guk zentzuz jokatu dugu, eta hondakinen kudeaketari begira malgua izango den estrategia bat proposatu dugu. Malgutasunak zer esan nahi duen? Bada, moldagarriak diren azpiegiturak eraikitzea, eta udalei eta mankomunitateei beren estrategiak garatzeko aukera ematea; beren erritmoan. Gainera, proposamen honekin bermatzen da 2014ko abenduaren 31rako zabortegiak itxita egongo direla.

Oposizioko alderdiak behin eta berriz ari dira esaten, ordea, errefusarekin sortuko dituzuen fardelekin zabortegien eredua betikotu nahi duzuela.

Argi eta garbi esango dut: zabortegiak itxi egingo dira. Errefusaren arazoa ondorengoa da: lixibiatuekin eta gasifikatuta metanoarekin sortzen diren usainak eta arazoak. Guk errefusa tratatzeko proposatzen duguna da hondakin bakar bat ere ez joatea tratamendurik gabe. Horregatik, planteatzen duguna da aurrena planta mekaniko biologiko batetik pasatzea. Beraz, nahastuta egon daitekeen material birziklagarria bereizi egingo da. Oraindik zerbait geratuta ere, hondakin hori egonkortu egingo da. Hau da, lixibiatuak eta metanoak kendu egingo zaizkio; modu edo tratamendu natural baten bidez, gainera. Ondoren, fardeletan pilatu, eta lurraldeko espazio natural degradatuetan jarriko da. Halako esperientziak egin dira, eta emaitzak kontrastatuak ditugu. Horien bidez, gehienez sor daitezkeen lixibiatuak zabortegietan sortzen diren %3 dira. Normalean, dena den, ez dira sortzen. Gainera, oraintxe ez dago depositurik gabeko sistemarik. Errauste plantak ere depositua behar du. Gainera, errauste plantak sortzen duenatoxikoa da. Aurreko planean ez zen aurreikusten materia toxiko hori nora eramango zen. Guk proposatu dugu errefusarekin zer egingo dugun. Beraz, gezurra da gure proposamena itxia ez denik.

Sei konposta planta, biometanizaziorako bat eta trataera mekaniko-biologikoko hiru aurreikusten dituzue. Azpiegitura horiek non eraikiko dituzuen erabaki duzue?

Guk lehenbizi egin nahi duguna da udalekin eta mankomunitateekin eztabaidatu daukagun planteamendua. Horren inguruan adostasun bat lortzean, hitz egin beharko da betearazteaz. Baina gure apustua da azpiegiturak ahalik eta modu zentralizatuenean eraikitzea. Merkeagoa eta zentzuzkoagoa da. Eta, hondakinen kudeaketari begira, ikuspegi hori egokiagoa da. Dena den, Zubietan egin diren obrak kontuan hartuta, leku hori ere baliatuko dugu azpiegitura batzuk eraikitzeko.

Azpiegitura horien finantzaketari begira, zertan dira harremanak Europako Inbertsio Bankuarekin?

Europako Inbertsio Bankuarekin kontratua egina du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak. Aldundiak partzuergoaren esku utzi du bere garapen estrategia. Partzuergoak ikusten badu estrategia hori dela aurrera eraman nahi duena, bankuarekin hitz egingo du azpiegitura horien finantzaketaz. Aldundia Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko parte da, baina ez du elkarrizketarik bankuarekin. Partzuergoak egiten dituen urratsen barruan dago hori.

Horretan guztian zer zeregin izan behar du partzuergoak?

Udalen eta mankomunitateen borondate edo nahien araberakoa izan behar du Partzuergoaren zereginak. Guri esan digute udal eta mankomunitate gehienek zero zabor norabideari begirako apustu bat egin nahi dutela, hondakinen kudeaketan helburu handiagoak izan nahi dituztela. Foru aldundia, ados horrekin. Orain sortu da aukera urrats sendoak egitekoa gutxitzeari, berrerabiltzeari eta birziklatzeari dagokienez, eta baliatu egin behar dugu. Gure lana da hori lortzeko plangintza eta azpiegiturak eskaintzea.

Eskumenen ingurua sortu den eztabaida nola ikusten duzu?

Komenientzien arabera planteatu da eskumenen inguruko eztabaida. Guri egozten digute ez ditugula batzar nagusien eskumenak errespetatzen. Baina esan behar duguna da partzuergoa eratu zela, eta aurreko plangintzan aurreikusten ziren azpiegiturak onartu zirela batzar nagusietatik pasatu gabe. Gure ustez, aldundiak bezala, partzuergoak egiteko garrantzitsu bat izan behar du. Baina, betiere, udalek eta mankomunitateek markatzen duten bideetatik abiatuta. Orain, oposizioko alderdiek ez dute gehiengoa erakunde horietan, eta nahi dituzte batzar nagusiak baliatu beraiek proposatzen duten kudeaketa inposatzeko. Baina batzar nagusiak ezin dira udalen eta mankomunitateen gainetik jarri, eta ezin dute agindu zer egin behar duten eta zer ordaindu behar duten. Udalek legitimitate osoa dute zaborren inguruan egingo duten bilketaz, tratamenduaz eta abarrez erabakitzeko. Guk ez diegu ezer inposatuko. Errespetatu egingo dugula erabakitzen dutena. Non dago arazoa?

Berriro ari zaizkizue eskatzen plana batzar nagusietan aurkezteko. Zer erantzuten diezu?

Hondakinen kudeaketaren arazoaren konponbidea blokeo egoera batera eraman nahi dute. Bi gehiengo badaude, elkarren artean hitz egin beharko dute adostasun edo konponbide bat lortzeko.

Nola ikusten duzu San Markoko mankomunitatean gertatutakoa?

Kezkaz eta tristuraz. Izan ere, halako neurriekin ongi baino hobeto dakite ez dela hondakinen arazoa konponduko.

Ekainaren 30era arte etenda egon dira errauste planta eraikitzeko kontratuak. Zertan da orain proiektua?

Une honetan Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa eztabaidatzen ari da guk proposatutako garapen estrategiaz, eta banketxeekin nahiz enpresekin hizketan negoziazio berri bat hasi eta adostasun berriak lortzeko.

Ingurumenari begira, Pasaiako kanpoko kaiarena da Gipuzkoan dagoen beste gai nagusietako bat. Espainiako Ingurumen Ministerioak oniritzia emango dio?

Iristen ari zaizkigun mezuak dira ez dela egingo, proiektuak ez duelako bideragarritasunik. Ingurumen Ministerioa oso jakitun dahipoteka bat dela, eta datozen urteetan ez dela dirurik jarriko proiektu horretarako. Guk aspaldi esan genuen hori.

Zer behar da Pasaiako badia biziberritzeko?

Pasaia inguruko herritarren eta udalen nahia kontuan hartuko dituen oinarriak izan behar ditu biziberritzeak. Elkarlana eta etengabeko elkarrizketa sustatuko ditugu alor horretan. Guri iruditzen zaigu egungo kaiarekin biziberritzea posible direla. Izan ere, egungo portua, adibidez, ez da %100 funtzionatzen ari.

PasaiakoPortu Agintaritzak, ordea, tinko eusten die asmoei

Denborarekinkonturatuko dira ez dela beharrezkoa. Beste proiektu batzuekin halakoak gertatu dira. Gaur egun nork defendatzen du Hondarribiko aireportuaren handitzea? Inork ez, ez duelako zentzurik.

Zeintzuk dira datozen hiru urteei begira dituzun erronkak?

Krisi egoera honek sortutako errealitateari erantzungo dion paradigma bat sortu behar dugu. Beste bide batean joan behar dute ingurumen eta lurralde antolaketa politikek. Askoz iraunkorragoa den planteamendu bat egin behar dugu. Horretan arituko naiz lanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.