Gizartea

Zabortegi bilakaturik

Getxoko bizilagunengan haserrea nagusitzen hasi da zabor biltzaileen hirugarren greba astean. Ulertzen dute langileen jarrera, baina ordaintzen duten zerbitzua ez dutela jasotzen diote. Udalak esku hartzea nahi dute.

Areetako Kale Nagusian eta inguruetan edukiontzi inguruak zaborrez beteta daude. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS
2015eko martxoaren 27a
10:49
Entzun

Getxoko Areeta auzora heldu bezain pronto suma daitezke lanuztearen ageriko ondorioak. Paper eta kartoiak birziklatzeko ontzi urdinak gainezka daude, baina ez beterik, baizik eta inguratuta. Espaloietan aurreko egunetako egunkariak eta tolestutako esne kartoiak ikus daitezke. Okerrena zabor organikoari dagokion ontzietara hurbiltzean sumatzen da. Kiratsa jasatea zaila da zenbait tokitan, eta begiek ez diote sudurrari laguntzen. Lurrean zabor poltsa ugari daude, eta batzuk irekita daude, hondakinak sakabanatuta dauzkatela. Arrain hezurrek, laranja azalek eta haurren pixoihalek apaintzen dituzte edukiontzien inguruak.

Geltokiko plazan dauden herritar talde txikiek eztabaida bera daukate, eta egoera noiz konponduko den galdetzen diote elkarri. Nahiz eta gutxieneko zerbitzu batzuk ezarrita egon, zaborren bilketa ezberdina izaten ari dela salatu du Nerea Arrieta Areetako bizilagunak: "Negurin kaleak garbiago daudela entzun dut. Agian, gutxieneko zerbitzu horiek ez dira berdin aplikatzen ari auzo guztietan". Baina Areeta ez da zaborrez gainezka dagoen toki bakarra. Koldo Salazar Itzubaltzetako Auzokideen Elkarteko kidea da, eta bere etxe inguruetako kaleetan dagoen egoera ere salatu du: "Gero eta zabor gehiago dago. Kiratsa jasanezina da, eta espaloi batzuetan ez dago ibiltzeko tokirik". Han ere, auzokideen artean hizketarako gaia bihurtu da lanuztea. "Langileen jarrera ulergarria dela entzuten da kalean, ulertzen dugu egoera, baina udalari behingoz esku har dezala eskatzen diogu".

Getxoko Udalak zaborrak finkatutako egunetan ateratzea eskatu du, kaleak ahalik eta garbien edukitzeko, lurrean hondakinik ez isurtzeko eta usain txarrak edo infekzio fokuak saihesteko. "Atarietan lagundu egin behar dugula adierazten duten iragarkiak jarri ditu, eta finkatutako egunetan zaborrak kaleratu behar direla. Batzuek egingo dute, baina niri ez zait ondo iruditzen zaborra etxean mantendu beharra. Jasotzen ez dugun zerbitzu bat ordaintzen ari gara eta", gaineratu du Salazarrek. Hala ere, konponbidea hurbil egon daitekeela uste du auzokideak: "Datorren astean itsasontzi erraldoi horietako bat helduko da portura, eta gure agintariak urduri daude herriak turistei emango dien irudiarekin. Badirudi auzokideen bizi-kalitatea bost axola zaiela. Beharbada, turismoarekiko kezka horrek arazoa arinago konpontzen lagunduko du".

Kaleetan atsekabea nagusi den moduan, dendetan sentimendua bera da. Izan ere, saltokiei beste eskaera bat egin die udalak, kartoia ondo tolestuta utz dezatela kalean. Bere izena ez aipatzea nahiago izan duen Areetako Kale Nagusiko saltzaile bat haserre agertu da proposamenarekin: "Herritarren laguntza eskatu eta eskatu dabiltza, baina hiru aste igaro dira, eta ez dugu aurrerapausorik ikusi. Inork ez du denda aurrean zabor pilorik nahi".

Hogei bat metrotara, Agustin Fernandez paseoan dabil Areetan, eta espaloi batzuetatik pasatzeko izandako oztopoak salatu ditu: "Adineko pertsonok ezin gara saltoka ibili. Espaloia hondakinez betetzerakoan, errepidera jo behar izan dut aurrera jarraitzeko. Gainera, hondakin organiko asko ikusi ditut botata. Horiek gaixotasunak eta animaliak erakarri ohi dituzte. Azkenean, osasun arazoak sortuko dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.