Zahartzaroaren ikerketa arloan Donostia ardatz izatea nahi dute

Adinekoen arreta hobetzeko xedez ariko den zentroa egiteko protokoloa izenpetu dute Espainiako Gobernuak eta JaurlaritzakSei hilabeteko epean aholku kontseiluak zentroaren beharrak zehaztuko ditu

Cristina Garmendia, Patxi Lopez eta Rafael Bengoa, atzo, protokoloa izenpetzeko ekitaldian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Zahartzeari buruzko Espainiako Ikerketa Zentroa egiteko protokoloa sinatu dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, eta sei hilabeteko epea ezarri dute zentro horren oinarrizko beharrak zehazteko: azpiegiturak, epeak, aurrekontua, kokapena, baliabideak... Zentroak zahartzearekin lotutako zientzia esparru oro bilduko du, zahartzea ikertu eta adineko pertsonen arreta hobetuko duten aldaketak bultzatzeko. Donostian egin nahi dute.

Biztanleriaren zahartzea, etorkizunera begira, gizartearen erronka nagusietakoa dela uste du Europako Batasunak. Horren haritik, atzo sinatutako lankidetza protokoloak Europan «erreferentziazkoa» izatea xedea duen zentro baten oinarriak finkatu ditu, baita horren inguruan abiaraziko dituzten programak ere. Izenpetze ekitaldian Cristina Garmendia Espainiako Zientzia eta Berrikuntza ministroa, Patxi Lopez lehendakaria eta Rafael Bengoak Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua izan ziren.

Zahartze prozesuaren oinarrizko ikerketa programa hartuko du zentroak, eta zelulen zahartze prozesuan eragile biologiko, genetiko eta ingurumenarekin zerikusia duten gaiek duten eragina ikertuko dute. Ordea, ikerketa eremu soziosanitariora eta klinikora hedatzeko programak ere aurreikusi dituzte protokoloan. Hain zuzen ere, zentroan lortutako ezagutzak saio klinikoetara eramango dira, zahartzeak sortzen dituen arazoak ulertu eta hobeto artatu ahal izateko.

Horrez gain, diagnosi tresna berriak sortu, eta arreta sistema berriak abiarazteko programak abiaraziko dituzte informazio eta komunikazio teknologiak baliatuta. Horrek guztiak adineko pertsonen arreta hobetzeko politikak ahalbidetuko dituela gogorarazi du Patxi Lopezek, eta Euskal Herrian berebiziko garrantzia duen gaia dela gaineratu du. Hain zuzen ere, 2030. urtean, EAEn, 16 eta 64 urte arteko pertsona kopurua %11,4 jaitsiko dela azaldu du Lopezek, eta 64 urtetik gorakoak %38,5 igoko dela.

Zentroak ahalbidetuko dituen politikak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoa eta ongizate sistemaren iraunkortasuna bermatzeko tresnak eman ditzakeela aurreratu du Lopezek.

500.000 euro, hasteko

Zentroa diseinatzeko plan estrategikoa egiteko nazioarte osoko zientzialarien lankidetza bilatuko dute Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak, aholkulari kontseilu bat sortuz. Kontseiluan egongo direnen artean hauek daude, besteak beste: Ana Maria Cuervo, New Yorkeko Albert Einstein College of Medicineko ikertzailea, eta Maria Blasco, Minbiziari buruzko Espainiako Ikerketa Zentroko zuzendaria.

Sinadura ekitaldiaren ostean sei hilabeteko epea izango du aholku kontseiluak, eta 500.000 euroko aurrekontua egongo da plan estrategikoa egiteko, bi aldeek erdibana ordainduko dutena. Plan horretan zentroaren kokapena zehaztuko da —Donostian egin nahi dute bi sinatzaileek—, kokapen horren inguruan dauden ikerketa baliabideak aztertu, eta horren arabera zentroaren beharrak zehaztuko dituzte. Lan taldeari buruzko lehen ildoak ere emango ditu plan estrategikoak.Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mende dauden bi erakundeek, Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusiak eta Carlos III Osasun Institutuak, sorreratik bertatik babestuko dute zentroaren ikerketa lana. Bi ikerketa erakunde horiek dagoeneko abiarazi dituzten ikerketa sareak baliatuko dituzte hasieratik. Horrez gain, Minbiziari Buruzko Espainiako Ikerketa Zentroak Donostian irekiko denarekin lankidetzan aritzeko asmoa du.

Frantzian eta Alemanian zahartzeari buruz dauden ikerketa taldeekin harremanak dituztela aurreratu du Garmendiak. Dena den, Europako «erreferentziazko zentroa» izan nahi duen arren, urrunago ere hedatzeko asmoa agerian utzi du ministroak. Azken hilabeteetan New Yorken, Floridan eta Kalifornian (AEB) dauden zentroekin harremanak izan dituztela jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.