Zaintza erdigunean jartzearen alde egin dute ehunka lagunek Iruñean

Egungo zaintza sistema aldatu eta egoiliarren eta langileen duintasuna aintzat hartuko duen eredu publiko bat aldarrikatu dute. Donostian, Bilbon eta Gasteizen ere egin dituzte manifestazioak

Iruñean, ehunka lagunek manifestazioa egin zuten atzo. IDOIA ZABALETA / FOKU.
joxerra senar
Iruñea
2020ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Bigarren olatuak berriro ere bete-betean eragin die zahar etxeei. Kutsatu ugari daude egoitzetan, eta, COVID-19a gehiago zabal ez dadin, egoiliar ugari logelan bakartuta daude. Gainera, Nafarroan eta Gipuzkoan bisitak bertan behera utzi dituzte. Egoera horrek guztiak adineko egoitzetan diren euren senideengan izan ditzakeen bestelako ondorio fisikoez eta emozionalez oso kezkatuta, Hego Euskal Herriko senide elkarteek eta pentsiodunen mugimenduek manifestazioak egin zituzten Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen, atzo eguerdian. Bertan, segurtasun tartea gordez, aldarrikatu zuten pandemiak agerian utzi dituela egungo zaintza ereduaren «mugak eta gabeziak», etaeredu publikoaren aldeko mezua zabaldu zuten,zaintza erdigunean jarri behar dela aldarrikatuz.

Iruñeko manifestazioa Zainduz senideen elkarteak antolatu zuen. Asteotan, egoiliarren senide batzuk elkartu egin dira. Lau bilera egin dituzte orain arte: «Egoiliarren senideak antolatu nahi ditugu, COVID-19aren ondorioz bakartuta baitaude eta gure maitasuna behar baitute», azaldu zuen Mikel Auza ordezkariak, manifestazioaren aurretik. Elkartean langileekin eta administrazio publikoarekin elkarlanean aritu nahi dute, laburrera begira egoiliarren egoera hobetzeko eta luzarora begira eredu publikoaren alde «indar egiteko».

Nafarroako zahar etxerik handienetik abiatu zen manifestazioa, Erruki Etxetik. Egoitzaren barruan, hamabost kide inguruko egoiliar talde batek bat egin zuen protestarekin; atarian, berriz, kartelei eutsiz ehunka lagunek mezu aldarrikatzaileak zabaldu zituzten: hala nola «gizatasun gehiago, etekin gutxiago»; «duintasuna adinekoentzat»; «egoitzek arreta gehiago behar dute»; «bisitetarako eta irteeretarako eskubidea»; «egoitzak = kartzelak»...

«Hiltzen uzten dituzte»

Gaztelugibeletik Gazteluko plazarantz zuzendu ziren. Bidean, manifestarien artean kezka eta haserrea zen nagusi. «Lehen olatuan bezala jokatzen ari dira. Ez dira ezer egiten ari. Ez dute ezer prestatu. Hiltzen uzten dituzte; ez dituzte zaintzen. Ankerra eta gaitzigarria da, lotsagarria», salatu zuen Pilar Lopezek, suminduta. Nieves Arangureni ez zaio egokitu oso hurbileko inork egoera hori bizitzea, baina ezagutzen du lagun baten kasua. «Etorri naiz jendeak jakin dezan egoitzan egoteko asko ordainduagatik ez dituztela hobeto zaintzen». Angeles Fernandezen arabera, gurasoek eta aitona-amonek merezi dute beste tratu bat. «Babestu behar ditugu denok, eurengatik eta gugatik ere bai».

Pilar Rodriguezek ama Oblataseko egoitzan du aspalditik. Duela 11 urtetik alzheimerra du, eta «egoera oso gogorra» da, ezin diolako bisitarik egin eta haren buruko gaitzaren ondorioz ezin duelako harekin harremanetan jarri. Haserre dago. «Bera ez da mugitzen, baina bi aldiz erori zaie. Azkeneko aste honetan bertan. Izugarria da. Gogoa neukan protestaren bat egon zedin, ez genekielako ezinegona non adierazi eta zer esan». Ezin duenez harekin egon, ez daki ondo amarekin zer gertatu den ere, baina argi du «dirua irabazi besterik ez» dutela nahi zahar etxe askok.

Manifestazio amaieran, Mikel Auza Zainduz elkarteko kideak, euskaraz, azaldu zuen azken hamarkadetako krisi sanitario, sozial eta ekonomiko handienari «kezka handiz» aurre egiten ari direla, eta agerian utzi dituela egungo zaintza sistemaren «mugak eta gabeziak». Egoiliarrentzat eta senideentzat egoera «gogorra eta krudela» da, bakartu egin dituztelako eta bisitak debekatu dituztelako. «Ez dute gure maitasuna jasotzen, eta kasu askotan bakardadean hiltzen ari dira». Azpimarratu zuen Nafarroan 500 egoiliar inguru hil direla, eta ez dutela azalpenik jaso zergatiaz.

Mikel Auzaren ustez, zerbitzuen kalitatea «hondatu» dute aurreikuspenik ezak, aurrekontu murrizketak, zuzeneko arretako langileen faltak, langileen baldintza txarrek eta ikuskaritza ez egiteak. «Gure adinekoen arreta eta zaintza negozio bat da, non irabazi asmoko proiektu pribatuek onura nabarmenak lortzen dituzten epe laburrean». Zainduz elkartearen ustez, pandemiak agerian utzi du kudeatzaileen «aurpegirik miserableena», eta gobernuetako gizarte arloko arduradunek utzi egin diete hori egiten.

Gogorarazi zuten langileek lan karga handia izan ohi dutela, gaizki ordaindutako sektorea dela, txandakatze eta absentismo handikoa. Horrekin batera, babes materiala eta ekipamendua falta dituztela kritikatu zuten. Halaber, «onartezin» deritzote bigarren olatuan hainbeste kutsatze egoteari. «Gure senideek ez dituzte kudeaketa txar honen ondorio latzak ordaindu behar». Haien ustez, bisitak debekatzeak eta bakartzeak «eragin kaltegarria izango du haien osasun fisiko, psikiko eta emozionalean».Horregatik, eskatu zuten ezarritako protokoloen jarraipenaren azterketan parte hartzea, baita senideen bisita eta irteeren erregimenari buruzko erabakietan ere.

Iruñeaz gain, Donostian, Bilbon eta Gasteizen ere manifestazioak egin zituzten, senideen elkarteek deituta. Bilbon, Babestu elkarteko Iraide Urrizek salatu zuen egoiliarren egoera lehen olatukoaren parekoa «edo okerragoa» dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.