Zaintza sistema «duina» exijitu dute emakume pentsiodunek

Zainketen inguruko akordio batzuk onartu dituzte, eta dekalogo batean bildu. Azaroaren 30eko greba feminista orokorrean egongo dira

Euskal Herriko emakume pentsiodunen batzarra, atzo, Bergaran (Gipuzkoa). ANDONI CANELLADA/ FOKU.
Maixa Utrera Puelles.
2023ko urriaren 21a
00:00
Entzun

Zainketa lanei buruz onartu dituzten akordioak dekalogo batean jaso dituzte Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduko emakumeek. Bergaran (Gipuzkoa) bildu ziren atzo, atera dituzten ondorioak plazaratzeko, eta aldarrikatu zuten zaintza zerbitzuek «publikoak, duinak eta kalitatezkoak» izan behar dutela.

Gogorarazi dute gaur egungo gizartean «batez ere» emakumeei esker mantentzen dela zaintza sistema, eta «oso proportzio handian» emakume migratuak direla zaintzaileak. Horregatik, zaintzak unibertsalak izan behar duela aldarrikatu dute, pertsona guztien «oinarrizko eskubidea» delako: «Ezin dira norberaren egoera ekonomikoaren mende egon. Publikoak izan behar dute, eta ez zaintza negoziotzat hartzen dutenentzat gordetako eremua».

Zainketen garrantziaz aritu dira; adinekoen zaintzaz, bereziki:«Bizitza osoan dira beharrezkoak zaintzak, baina urteak bete ahala, zaintza behar horiek areagotu egiten dira, pertsona bakoitzaren egoera fisikoaren eta mentalaren arabera».

Sei ondorio aurkeztu dituzte Bergaran. Lehenik, mobilizazioa dela «bide bakarra» zaintza unibertsalak, kalitatezkoak eta duinak lortzeko. Bigarrenik, mendeko pertsonak etxean bizi direnean haien zaintzak profesionalizatua, integrala eta kudeaketa publikokoa izan behar duela. Hirugarrenik, egoitzek eta eguneko zentroek publikoak izan behar dutela, eta zaintzaren kalitatea izan behar dutela lehentasun. Laugarrenik, zaintza zerbitzuek hurbilekoak izan behar dutela eta erabiltzaileek erabakitzeko gaitasuna izan behar dutela. Bosgarrenik, zaintzako langileen lan baldintzek duinak izan behar dutela. Eta, amaitzeko, zaintzan diharduten etxeko langileak zaintzaile profesional gisa aitortu behar direla, eta horiek «berehala» sartu behar direla Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean.

Hemendik aurrera «begirada» zaintzaren auzira bideratuko dutela azaldu dute emakume pentsiodunek, eta jarduera gehiago egingo dituztela sektorearekin lotuta. Izan ere, iritzi diote zainketa ezin dela izan soilik emakumeen menpeko lana, eta garaia dela «orain arte inplikatu ez diren gizonek» esku hartzeko.

Eusko Jaurlaritzari eta foru aldundiei «euren eginbeharra» bete dezatela eskatu diete, eta «argi utzi» dute erakundeon «joera pribatizatzailea» ez datorrela bat emakume pentsiodunen ereduarekin: «Zainketa publikoen sistemaren gainbehera ez da kasualitatea, baizik erakundeek bultzatu eta eragindako pribatizazio prozesu baten ondorioa».

Azaroaren 30ean ere, kalera

Euskal Herriko pentsiodunak astelehenero bildu dira ia sei urtez Euskal Herriko kaleetan, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta zerbitzu publiko duinak eskatzeko. Eta astelehenero izan dira mugimendu horren parte emakume pentsiodunak. Azaroaren 30ean ere kalera aterako dira, baina, oraingoan, zaintza eskubidearen aldeko greba feminista orokorrarekin bat egiteko. Deialdi berezia egin dute pentsiodunek antolaketa prozesu osoan eta grebaren aurretik, bitartean eta ondoren programatzen diren jarduera guztietan parte hartzeko: «Bizitza osoa zaintzen daramagulako, zaintza duinak nahi ditugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.