Zaintza zerbitzuak nola hobetu

Berdintasunarekin lotuta, pisu handia hartu du zaintzak alderdi politiko gehienen hauteskunde programetan. Zaintza zerbitzuak indartu beharrean bat datoz ia denak, baina badira aldeak proposamenetan.

Iazko greba feminista orokorrean nabarmen islatu zen zaintzaren inguruko kezka. IÑIGO URIZ / FOKU
Iazko greba feminista orokorrean nabarmen islatu zen zaintzaren inguruko kezka. IÑIGO URIZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2024ko apirilaren 12a
05:05
Entzun

Hauteskunde programetan gero eta toki handiagoa dute berdintasun politikek eta feminismoak, eta alderdiek xeheago ematen dute gaur egun emakumeen eta LGTBI komunitatearen egoera hobetzeko neurrien berri. Helburu batzuetan, gainera, ados daude denak: indarkeria matxista desagerraraztea, berdintasun aldagaiak hobetzea, emakumeen eta nesken ahalduntzea bizkortzea, kontziliazioa bideratzea, aniztasuna sustatzea… Azken urteetan, zaintzaren inguruko kezka batu zaie gai horiei, greba feministek eta krisi sozialak bultzatuta, eta hala islatu da Eusko Legebiltzarrerako bozen kanpainako mezuetan eta programetan. Zaintza zerbitzuak hobetzeko eta indartzeko premia ikusten dute alderdi politiko guztiek, baina badira aldeak batzuen eta besteen proposamenen artean, batez ere pribatizazioaren kritikei eta ereduen zehaztasunei erreparatuz gero.

Diagnostikoan dago lehen harria, orain arte egindakoaren balorazioan. EAJ pozik dago: «Euskadin berrogei urte baino gehiago daramatzagu erreferentzia bihurturiko gizarte zerbitzuen sistema bat eraikitzen. Bizi kalitate ona dugu: gehiago eta hobeto bizi gara, eta geure etxean bizi nahi dugu». PSE-EE ez da hain baikor mintzatu, azken urteetan Eusko Jaurlaritzako zein aldundietako gobernuetan izan den arren: «Zaintzari aurre egiteko eredua desegokia, despertsonalizatua eta ez-nahikoa da. Lidergo eta antolaketa modu berriak behar dira, pertsonak ipintzeko politika sozialen erdigunean».

Askoz kritikoagoak dira oposizioko ezkerreko alderdiak. EH Bildurentzat, «ezin etsigarriagoa» da diagnostikoa: «Jaurlaritzak aspaldi egin zion uko legeak ematen dizkion eskumenei, eta, hala, lurralde eta udalerri bakoitzak ematen dituen zaintza erantzunak oso desberdinak dira, baita kontraesankorrak ere zenbaitetan. Herritarrak beren eskubideetan bizitokiaren arabera diskriminatzen ditu EAEko Gizarte Zerbitzuen Sistemak». Gizarte zerbitzuak «pribatizazioak zeharkatuta» daudela erantsi du, eta zaintza eskubide unibertsala gauzatzeko bidea «porrota» dela. Elkarrekin Podemosek ere uste du herritar ugarik «ziurgabetasunez eta antsietatez» kudeatzen dituztela zaintza premiak, «babes sozialeko sistema publikoak desegin direlako eta sistema horiei eusteko instituzio publikoak kendu direlako».

Paradigma berri bat

Zaintzaren arloan «paradigma berri bat» nahi dute EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, eta biek hartu dituzte erreferentzia gisa Euskal Herriko mugimendu feministak iazko azaroaren 30eko greba feminista orokorrean egindako aldarrikapenak eta interpelazioak: zaintza sistema publiko-komunitario bat garatzearen alde agertu dira, eta ezinbestekotzat jo dute mugimendu feministarekiko zein alorreko eragileekiko solaskidetza sendotzea. Sumarrek ere «zaintza sistema publiko bat eraikitzea» jarri du helburu nagusien artean —programa zehatzagorik ez du argitaratu oraindik—.

Bi koalizioek nabarmendu dute zaintza zerbitzuen «desmerkantilizazio prozesua» abiatu beharra dagoela, hau da, zuzeneko kudeaketa publikoari lotutako zerbitzuak areagotu behar direla, baita sektorean lan baldintza «duinak» ezartzeko premia ere. Konpromiso zehatzei erreparatuta, EH Bilduk lege berri bat aurkeztu nahi du, «zaintzaren unibertsalizazioa eta aukera askea bermatzeko». Oro har, sistema osoa berraztertzea proposatu du: mendekotasuna aitortzeko epeak laburtu, laguntza ekonomikoak birdefinitu, egoitza zentroen eredua aldatu, zerbitzu berriak abiatu, etxez etxeko laguntza arautu, lurraldeen arteko oreka zaindu... Elkarrekin Podemosek aipatu du itxaron zerrendak desagerraraztea, zahar etxeetako tokiak areagotzea, zaintza zerbitzuen «kudeaketa kooperatibo-komunitarioa sustatzea» edota adinekoentzako etxebizitza sare bat sortzea, cohousing ereduan oinarrituta.

Gizakidetza eta etxeko zaintza

PSEk ere mugimendu feminista aipatu du bere programan, baina ez zaintzaz aritzeko, baizik eta «agenda feminista berdintasun politiken erdigunean jartzeko» asmoz; ildo horretan, prostituzioaren abolizioaren alde agertu da, adibidez. Zaintzaren eremuan, «eredu berri baterantz» jo nahi dute sozialistek, «menderatze patriarkaletik, klasekotik eta kolonialetik urrun». Gizakidetza erakundea sortzea proposatu dute: «Herritar guztientzako zaintza neurriak diseinatuko eta antolatuko ditu; zaintzari prestigioa emango dio berrikuntzaren bidez; eta sare formalaren eta informalaren, instituzio publikoen, sektore pribatuaren, elkarteen eta komunitatearen arteko aliantzetan oinarrituko da».

EAJk, aldiz, ez du iraultza handirik planteatu. Etxeko zaintza sendotzera begira egin ditu proposamen nagusiak: «familiako zaintzaileak zaintzea eta babestea», etxeko zaintza ere profesionalizatzea eta teknologiak baliatzea arta egokia bermatzeko. Mendekotasuna dutenak «etxean behar bezala zaindu ezin» diren kasuetarako aipatu ditu egoitzak: «Arreta integrala eman behar dute, pertsonaren nahiak kontuan hartuta eta haren lehentasunak errespetatuta». Zaintzarako tokiko ekosistemak ere bultzatzea proposatu dute jeltzaleek, «familien, auzoen, arlo soziosanitarioaren, hirugarren sektorearen eta eremu akademikoaren parte hartzearekin, udalekin eta aldundiekin koordinatuta».

PP eta 'silver economy'

Zaintzaren ikuspegi horretatik aldenduago ageri da PP: eskubide gisa baino gehiago, arreta eremuan ikusten du zaintza, batez ere mendekotasunari lotuta. «Euskadi da mendeko pertsona bakoitzeko gehien inbertitzen duen erkidego autonomoa, baina ez eraginkorrena». Hala, ohartarazi du egoitzetan ia 7.000 toki falta direla: «Adingabeentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat, mendekoentzat edo bazterketa egoeran daudenentzat arreta toki gehiago behar dira». Familiarekin lotuta ere aipatu du zaintza: familien euskal institutu bat sortzea edo amatasuna babesteko lege bat onartzea proposatu du.

Silver economy delakoaren alde argien agertu den alderdia ere bada PP. Elkarrekin Podemosek guztiz deitoratu du, eta PSEk aukera moduan aipatu du, baina popularrek atal bat eskaini diote: «Biztanleria zahartzeak dakartzan beharrak aprobetxatu ditzake Euskadik, garapen eta hazkunde ekonomikorako aukera bat baita silver economy agenda politikoan txertatzea».

emakunde, lehendakaritzara bueltan?

Berdintasun politiken alorrean, polemika batekin abiatu zen amaitzear den legegintzaldia: Berdintasun Saila sortu zuen Iñigo Urkullu lehendakariak, eta Emakunde Lehendakaritzatik horra mugitu zuen. Kritika ugari eragin zituen erabaki hark, besteak beste, Emakundeko zuzendari ohien eta mugimendu feministaren aldetik. Kanpainan, batik bat PSEk aipatu du gaia —nahiz eta Jaurlaritzan egon den agintaldi honetan—: Emakunde Lehendakaritzara itzularaztea hitzeman du. Elkarrekin Podemosek ere «dagokion lekuan» nahi du erakundea. EH Bilduk lekualdatzea kritikatu du, eta «zeharlerrotasun erreala» sustatzeko konpromisoa hartu du. EAJk eta PPk ez dute Emakunde aipatu programetan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.