Martxoaren 8a

Zaintza zerbitzuen «merkantilizazio basatia» deitoratu du LABek

Zaintza sistema publiko-komunitarioa aldarrikatuko dute gaur LABek eta ELAk. CCOOk oroitu du berdintasun planak derrigorrezkoak direla

Eli Etxeberria eta Garbiñe Aranburu, atzo, Bilbon egindako aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Zaintza sistema publiko-komunitarioaren aldeko aldarriarekin bat egin du LAB sindikatuak, eta, horretarako, «zaintzaren negozioa» desegitera deitu du. Atzo Bilbon egindako agerraldi batean, zaintza zerbitzuen «merkantilizazio azkar eta basatia» salatu zuen Eli Etxeberria Idazkaritza Feministako arduradunak: «Azken hogei urteetan, mendekotasuna dutenen zaintza jarduera ekonomiko bihurtu da: enpresa gutxi batzuei izugarrizko etekinak ematen dizkie». Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak «gogoeta sakon bat» eskatu zuen zaintza ereduaren inguruan.

Zahar etxeetako pribatizazio prozesua da negozio horren adierazle nagusia, sindikatuaren arabera. Ahoztar Zelaietaren Residencias SA liburuko datuak eman ditu: Hego Euskal Herrian dauden 385 egoitzetatik 30 dira publikoak: %7,8. Antzera dago etxez etxeko laguntza zerbitzua: Gipuzkoako eta Bizkaiko dozena erdi salbuespen kenduta, «sistematikoki azpikontratatzen» da; Nafarroan, ordea, ia ez dago pribatizaziorik, udaletako edo mankomunitateetako lantaldeen bidez kudeatzen da. «Negozio bihurtzea hautu politiko bat da».

Pribatizazioak ondorioak ditu langileen baldintzetan eta arretaren kalitatean; baina, gainera, «bezero sareak» sortu direla nabarmendu du Etxeberriak: «EAJko kargu ohien eskutik sortutako enpresa, elkarte edo fundazioak daude sare horietan». Adibide gisa jarri du Urgantzi: «Bizkaian etxez etxeko zerbitzuan dagoen monopoliorik handienetakoa». Era berean, gogora ekarri du GESCA eta ANEA patronaletan irabazi asmoa duten enpresa ugari biltzen direla, eta horietako batzuek dozenaka egoitza dituztela Euskal Herritik kanpo ere: DomusVi, Vitalitas, Sanitas, Ballesol...

Horren aurrean, pribatizaziorako joeran atzera egitea galdegingo du LABek gaur, Hegoaldeko hiriburuetan egingo dituen elkarretaratzeetan. «Mugimendu sindikala eta mugimendu feminista zaintza sistema publiko-komunitarioa eskatzen ari gara, eta horretarako borondate politiko eta instituzionala behar da orain», adierazi du Aranburuk.

ELAk ere «denontzako zaintza» aldarrikatuko du gaur, Donostian egingo duen mobilizazioan: «Soldatapeko zaintza lanak eta zerbitzu sozialak gainbeheran doaz, agintariek azpikontratazioaren eta pribatizazioen aldeko apustua egin dutelako».

Gaurtik, planak derrigor

CCOOrentzat ere funtsezkoa da zaintza lanei «balioa ematea», besteak beste, emakumeen lan baldintzetan eragiten duelako. Urtero bezala, EAEko lan merkatuan andreek duten egoerari buruzko datuak eman ditu, eta berretsi du «genero arrakala esanguratsua» dagoela. Hainbat faktoreri erreparatu die Emakumeen Idazkaritzako arduradun Estibaliz Montero Mendozak: «Behin-behinekotasuna hazten ari da sektore publikoan, emakumeak nagusi diren eremuan: langile publikoen %44,6 behin-behinekoak dira, baina andreen artean, %50era iristen dira; pandemiaren aurretik baino hamar puntu gehiago, eta duela hamar urte baino hamasei puntu gehiago».

Berdintasun planez ere jardun da sindikatua. Gaurtik aurrera, 50 langiletik gorako enpresa guztiek eduki beharko dute halako bat: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.451 enpresa daude legez derrigortuta, baina soilik 291k erregistratu dute berdintasun plana. «Borondate faltari» egotzi dio Monterok: «2019an onartu zen dekretua, astia izan dute».

Loli Garcia EAEko CCOOko idazkari nagusiak erantsi du serio hartu behar dela gaia: «Ez da tramite soil bat: negoziazio kolektiboaren parte da, enpresaren eta langileen ordezkarien artean jorratu behar da». Nabarmendu du berdintasun planak tresna egokiak direla soldata arrakalari aurre egiteko: «Eta hor arazo asko izaten ari gara: enpresek soldatak ikuskatu behar dituzte, eta ez dira ari datu horiek ematen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.